Moda-modakoak

Anjel Lertxundi / 2014-04-23 / 106 hitz

Gaur liburuak erosteko asmoa baduzu, jakizu moda-modan daudela egunekoak. Jaiki berritan eman dizuten musua bezain xaloak. Ogia eta bizarra bezala, egin berriak. Aurpegia bezala, makilatuak, begiak bezala, pintatuak. Goizeroko pixa-zarrazta bezain lasaigarriak, obramendua bezain libratzaileak. Esne jaitsi berriaren epeltasuna dutenak eta arrautza errun berriak bezain freskoak. Gosaritako gurina bezalakoak, gure begiradaren aiztoa bertan gozo-gozo sartzeko bezain urintsuak, biguinak, malguak, mendera errazak. Lan-orduak baino arinagoak, Magritteren koadroetako lainoak bezain ilaunak. Bazkariak bezala, irents errazak, lijerrak. Siesta-garaia bezain lozorrogileak. Lan bukaerako txirrina bezain pozgarriak. Ardo politt bat bezain bizigarriak.

Eguna bezala, laburrak dira moda-modan dauden liburuak; egunkariak bezala, eguna bukatzerako ahaztuak.

Tamalez, ez dira amets egitea bezain merkeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.