Ainhoa Sarasola / 2014-06-05 / 638 hitz
Chuck Palahniuk idazle estatubatuarraren ‘Fight Club’ eleberria euskarara ekarri du Naroa Zubillagak, eta Txalapartak argitaratu du lana.
«AEBetako literatura garaikideak badu pisu nabarmen bat, baina gurean apenas itzuli den», Mikel Soto Txalapartako editorearen iritziz. Hutsune horretan aletxo bat jartzeko asmoz, Chuck Palahniuk (Pasco, Washington, AEBak, 1962) idazlearen Fight Club eleberria euskaraz plazaratu du argitaletxeak, Borroka kluba izenburupean. Naroa Zubillagak egin ditu itzulpen lanak. Estilo berezi batean idatzitakoa eta interpretazio askorako ematen duen liburua da Palahniukena, baina, funtsean, editorearen eta itzultzailearen iritziz, maitasun istorio bat da kontatzen duena.
1996an idatzi zuen Fight Club idazle estatubatuarrak, eta kritikak ongi hartu bazuen ere, ez zen bereziki ezaguna egin. Hiru urte geroago David Fincherren zuzendaritzapean estreinatu zen izen bereko filmari esker ezagunagoa egingo zitzaien askori obra; nahiz eta filmak ere hasiera batean berebiziko arrakastarik lortu ez, kultuzko pelikula bilakatu zen denbora gutxira, eta, horrekin, atzera liburura eta haren egilera jo zuten askok. Hitzatzean autoreak berak azaltzen du nolakoa izan zen beretzat «halako masa fenomeno bat bizitzea».
Ohiko bizimodua daraman gizon estatubatuar baten krisia deskribatzen du liburuak. Asetzen ez duen bizimodu horrek jota, lorik ezin egin, eta minbizia duten lagunen terapia bileretara joaten hasiko da. Bertan ezagutuko du Marla Singer, maiteminak jota, lortzen ari zen oreka hori kolokan jarriko dion emakumea. Eta bilera horietan ezagutuko du Tyler Dunden ere, zeinarekin batera Borroka Kluba sortuko duen lehenik eta Triskantza proiektua geroago. Protagonista une batetik aurrera ez da gai izango bere eta Tylerren izaeraren artean bereizteko. Bere ekintzen kontrola galduko du, baita Borroka Klubarena bera ere.
«Hainbat irakurketa sorrarazi ditu liburu honek», Sotoren hitzetan, «indarkeriari buruz, Generation X delako belaunaldiari buruz, politikari buruz, generoari buruz…». Badira gizonezkotasunari edo maskulinitate eredu tradizionalaren krisiari kritika egiten diola diotenak. Badira, halaber, liburuan nagusiki egungo gizarte neoliberalarekiko kritika ikusten dutenak. Baina, Sotoren ustez, maitasun istorio bat da lanaren oinarrian dagoena. «Batzuetan iruditzen zait liburu honek, beharbada duen gainegitura espektakularragatik, ez duela argi utzi maitasun istorio bat dela. Inork ez luke esango Borroka kluba maitasunari buruzko liburu bat denik, baina azken finean kontatzen duena maitasun istorio bat da». Editorearen ustez, filmaren aldean, non rol nagusiak Brad Pitt eta Edward Norton aktoreek jokatzen dituzten eta pisu nabarmena duten, liburuan argiago ikusten da Marla Singer dela pertsonaia «determinantea».
Zubillagaren ustez ere, maitasun istorio bat da, finean, liburuaren oinarrian dagoena. «Askok esaten dute indarkeriari buruzko liburua dela, eta ez da hori zio nagusia, nahiz eta kontatzen duena gogorra den. Kontsumismoaren aurkako kontakizun bat dela ere esaten da, edo gizonezkoak duen krisia behatzen duela, eta baita maitasun istorio bat dela ere, eta nik hori nabarmenduko nuke, pertsonaiak ez baitaki kudeatzen Marlarekiko sentitzen duena, edo inorekiko edozein konpromiso edo loturarik ez daki kudeatzen».
Kontaera estilo «berezia»
Itzulpena egiteko testua xehe-xehe aztertu duen aldetik, irakurleari zer aurkituko duen azaldu dio Zubillagak. «Zer pentsatu askotarako bidea irekitzen duen liburua, estilo berezi batean kontatua» dela esanaz definitu du, eta, hasteko, «kontaera estilo berezi batekin» egingo duela topo ohartarazi dio irakurleari. Estilo horren lekuko «egoera ezberdinetan behin eta berriro errepikatzen diren esaldiak» nabarmendu ditu, «esaterako, etengabe errepikatzen dira borroka klubaren arauak , sortutako erlijio berri baten esaldiak balira bezala». Pertsonaia nagusiaren «noraeza» irudikatzen duten esaldiak ere estilo horren parte direla dio Zubillagak, irakurleari noraeza hori sentiaraziko diotenak. Ez dira gutxi, halaber, «irakurleari nolabaiteko jakin-mina edo intriga sorrarazten dioten esaldiak».
Pertsonaiak aurkezteko modua ere berezia egin zaio itzultzaileari. «Kontakizun guztia pertsonaia nagusiaren ahotik kontatua dago, baina ez dakigu nola izena duen ere, eta horrek erakusten du zer garrantzi gutxi ematen dion pertsonaiak bere buruari; aldiz, Tylerren izena etengabe agertzen da, bere alter ego-a, eta horrek jainkotzat duela erakusten du». Gainera, pertsonaia nagusiak istorio guztia plano berean kontatzen du, bai beste norbaiti esaten dizkionak, bai bere pentsamenduak, eta horrek «noraeza edo zurrunbilo sentsazio horretan» sartzen du irakurlea. Hala ere, zurrunbilo hori ez da nekeza egiten, irakurlea istorioan zehar «eraman» egiten du, Zubillagaren ustez, erritmo biziko eta esaldi laburrez jositako eleberri honetan.