Igor Susaeta / 2014-06-21 / 472 hitz
‘Poeta katalan garaikideak’ Gerardo Markuletak egindako antologia bildu dute Urrezko Biblioteka bildumara.
Bederatzi autoreren lanak itzuli ditu.
Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Euskal Zuzentzaile, Idazle eta Interpreteen elkarteak hauspotutako Literatura Unibertsala bildumaren barruan kaleratu zuen Gerardo Markuletak (Oñati, Gipuzkoa, 1963) Zenbait poeta katalan (Ibaizabal) antologia. Josep Carner, Carles Riba, J. V. Foix, Joan Salvat-Papasseit, Pere Quart, Salvador Espriu, Joan Vinyoli, Gabriel Ferrater eta Vicent Andres Estellesen zortzina poema itzuli eta apailatu zituen —Literatura Unibertsalak plazaratutako lehen 100 zenbakietatik bakarra zen poesiazkoa; horixe bera, hain zuzen—. Haien ibilbidea XX. mendean osatu zutenak denak, eta, era berean, denak hilda zeudenak liburua argitaratu zuenean. Estilo, forma eta intentzioan askotarikoak, Markuletaren esanetan. «Intelektualagoak batzuk, umoretsuagoak besteak, sentsualagoak ere bai… Abangoardistak, sinbolistak eta herrikoiak», esaterako.
Oraindik ere haien obra bizirik dagoela-eta, Jaurlaritzak eta EIZIEk bultzatutako Urrezko Biblioteka bilduman plazaratu dute. Berrargitaratzea baino gehiago, berpiztea da Markuletaren iritziz. Jatorrizkoa kaleratu zuenetik hamazazpi urte igaro direnez, aldatu ditu gauza batzuk egileak, «liburua funtsean aurrekoaren bera den arren». Hasteko, izenburua: Poeta katalan garaikideak (Elkar). «Aurrekoa lauso samarra zen, jatorria besterik ez zuen-eta adierazten. Zehatzagoa eta argigarriagoa da hau». Azala eta hitzaurrea ere berriak dira, eta ia 20 urte pasatu direnez Zenbait poeta katalan ondu zuenetik, «eta hori euskararentzako ere tarte luzea denez», orrazketa lan sakona egin behar izan du idazketan. Akatsak ere konpondu ditu. Izan ere, Estellesen Goizean goiz heltzen dira kamioiak poema bitan zatituta plazaratu zuten.
«Testu gozagarriak»
Obra «izugarri zabala» daukate antologiarako aukeratutako bederatzi poetek, Markuletak atzo, liburuaren aurkezpenean, adierazi zuenez. Hautaketa bat egin behar izan zuen, hortaz. Ez zeukan antologia historiko bat edo akademiko bat egiteko asmorik. «Euskaraz testu gozagarriak sortzeko aukera emango zuten poemen alde egin dut; irakurlearen alde, finean». Ale nahasi eta luze-luzeak baztertu, eta laburtasuna eta argitasuna lehenetsi zituen, poema biribilen mesedetan.
Irizpidea, dena den, ez da linguistikoa izan. «Poemen kontzeptzioarekin dauka zerikusi gehiago»; eta poetek testu horietan tratatzen dituzten gaiekin ere bai, bide batez. Gogoratu zuen Espriuren batzuk, adibidez, propio aukeratu zituela tematikarengatik. «Orain dela hamazazpi urte, egoera guztiz bestelako zen Euskal Herrian, eta osasungarria zen halakoak irakurtzea». Markuletaren hitzetan, «patriotikoak» dira aipatutako horiek. «Garraztasunik gabekoak, ordea. Etsaiari garbi hitz egiten zaio, baina bake bila dabil».
Duela ia 20 urte kaleratutako edizioak ez zuen eduki harrera beroegirik, Markuletak atzo aitortu zuenez — «beste garai batzuk ziren»—, baina urteekin, pitinka-pitinka, iruditzen zaio belaunaldi berriek estimutan hartu dutela.
Jarraitu du poeta katalan horien lanak irakurtzen, haiekin «harreman berezia» duelako —Estellesen beraren antologia bat itzuli zuen, iaz: Estellés euskaraz (Bostezo)—. Eta izan du, bai, horien beste poemaren batzuk itzultzeko tentazioa. «Baina bilduma honetan ezin nituen sartu, Urrezko Bibliotekaren plana orain hamazazpi urteko liburu bera berrargitaratzea baitzen».
Euskara-katalana antologia elebiduna da Urrezko Bibliotekarena. Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen ustez, poesia edizio «zaindu eta estimatuenetan» horrela jokatzen da, «nahiz eta jatorrizko hizkuntza ezezagun samarra izan». Markuletak pentsatzen du poesia katalanerako sarrera gisa balio dezakeela Poeta katalan garaikideak liburuak.