Kronopioen euskalkian

Iñigo Astiz / 2014-09-07/ 511 hitz

Julio Cortazar idazlearen ‘Kronopioen eta famen istorioak’ liburua itzuli du Ibon Sarasolak, sortzailearen jaiotzaren ehungarren urteurrenaren aitzakian.

Niretzat, elementu ludikorik gabeko literatura literatura aspergarria da, irakurtzen ez dudan literatura, literatura astuna». 1984an eten zion heriotzak jolasa Julio Cortazar idazleari. 100 urte beteko lituzke bestela egunotan, eta, urteurren horren harira, idazle jostariaren libururik jostarienetariko bat itzuli du Ibon Sarasola itzultzaileak: Kronopioen eta famen istorioak, alegia. Hamaika omenaldi egin zaizkio idazleari mundu zabalean bere jaiotzaren ehungarren urteurrenaren harira, eta Armiarma atarikoek horregatik egin zioten liburua itzultzeko proposamena ere Sarasolari. Onartu hark, eta sarean jarri dute osorik orain liburua, ekarriak.armiarma.com orrialdean. «Jenio bat da».

Louis Armstrongen kontzertu bat ikusten ari zela sortu zitzaizkion lehenengoz kronopio deituriko fantasiazko izaki baldar eta inozo horiek Cortazarri, eta narrazio sorta osatu zuen geroztik, haiek ardatz hartuta. Eta horiek dira egun haren sorkuntzarik ezagunenetariko bat, jadanik klasikoak diren haren ipuinekin eta Rayuela eleberriarekin batera. Eta, hain zuzen ere, jolas bilduma hori itzuli du orain Sarasolak.

Itzultzaileak aurrez aurre gurutzatu zuen autorea, Bartzelonan zegoela. Une bat baino ez zela izan gogoratzen du Sarasolak, baina bizi du gogoan detailea: «Ume aurpegia zuen». Baina, onartu duenez, oraingoan ez da erraza izan haren testuak euskaratzea. Bihurria baita, izan ere, kronopioen euskalkia. «Gure joskera nolakoa den jakinda, kristoren erronka da Cortazarren sintaxi eta erritmoari eustea. Hori itzultzea da zailena. Azalean erraza dirudi, baina azpian sekulako ingeniaritza lana dago».

Nekeak badu saria, halere, itzultzailearen hitzetan. «Itzulpena da hizkuntza bortxatzeko, zailtzeko eta malgutzeko tresna bat. Uste dut euskarak azken 30 urtean egundoko aurrerakada egin duela bere baliabide espresiboetan, eta hori izan da itzulpenei esker, obra originalei esker baino gehiago». Udaberrian hasi zuen lana, eta urteurrena baino aste batzuk lehenago amaitu zuen liburua. Ez da bakarrik aritu, baina: konplize sorta izan du laguntzaile.

Hiztegien aurkako guda

Hiztegigintza du lan ildo nagusi Sarasolak, baina, onartu duenez, hiztegien aurka aritu behar izan du oraingoan: Sarasola itzultzailea, Sarasola hiztegigilearen kontra. «Nik uste irabazian atera naizela», dio, umoretsu. «Egunean pare bat ordu eskaintzen nizkion Cortazarri, eta gainontzekoa hiztegian ematen dut. Eta bai, nik uste irabazian atera naizela, baina ez bakarrik ni, baizik eta euskara». Arautik jolaserako jauzia egin du, ezinbestean. «Ni neu konturatu naiz nire hiztegiak zenbait puntutan ez direla operatiboak. Cortazar itzultzeko hiztegiarekin askoz ere zabalago ez baduzu jokatzen, problema handiak dituzu». Eta Bernardo Atxagaren aipu bat hartu du gertatu zaiona azaltzeko: «Ezin duzu behartu euskal idazlea denbora guztian gimnasia ariketak egitera». Lege horiek lasaiago hartzearen alde mintzo da horregatik Sarasola. Eta batez ere joskeran. «Hori da euskarak egun dituen problema nagusietariko bat. Hor dago garbizalekeriarik handiena gure artean».

Baldintza bakarra jarri dio bere buruari: «Esaldia ez da zuzena euskaraz normal irakurtzen duen batek lehen irakurraldian ez badu ulertzen eta bigarrengoz irakurri behar badu. Frase hori frakaso bat da. Hori izan da nire iparra».

Aurrez ere bada euskaratutako kronopiorik. Izaki horiei buruzko hainbat ipuin bildu zituen Gerardo Markuletak, esaterako, Erein argitaletxeak Milabidai izeneko formatu txikiko liburu sailean argitaratutako testu bilduman. Baina lehenengoz dago orain liburu osoa irakurgai. Eta, bestetik, hor daude Jon Alonsok itzulitako Antologia apetatsua (Txalaparta) eta Markuletak euskaratutako Oktaedroa (Ibaizabal, Literatura Unibertsala) ipuin bildumak ere. Jarraitzen baitu jolasak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.