Gorka Julio / 2014-09-04 / 281 hitz
SyNAPSE, garuna inspirazioa moduan hartzen duen txip arkitektura berria aurkeztu du IBMk. 40. hamarkadatik gaur arte sortu diren txip gehienek Von Neumannen arkitektura izan dute oinarri, bada honek gure garunaren diseinu biologikoa hartzen du oinarri.
IBMk Cornell Techen laguntza eta DARPA agentziaren diruari esker ikerketa talde anitz batekin batera SyNAPSE (Systems of Neuromorphic Adaptive Plastic Scalable Electronics) txip kognitiboa aurkeztu dute. Neuronak eta hauen arteko konexioak hartu dira oinarri diseinuan. Milioi bat neurona, 256 sinapsi, 5.400 milioi transistore eta 4.906 nukleo neurosinaptiko ditu txip berriak. Nukleo bakoitzak memoria, konputazio eta komunikazio gaitasunak ditu eta gertakarietan oinarritutako konputazio paraleloa erabiltzen du.
Txip honen kontsumo txikiaz gain, beste ezaugarri garrantzitsuetako bat eskalagarritasuna da. Beharren araberako txip sistemak eraiki daitezke hainbat txip batuz. Txiparen barnean nukleo neurosinaptikoen artean, elkar komunikatzeko eta lana banatzeko gai diren bezala, txipen artean ere sareak osatzeko gaitasuna emango du honek.
Garunaren funtzionamendua konputagailuen bidez adierazteko saiakerak asko izan dira. Momentuz IBMk txip berri honen bidez, diseinu biologiko horretara gerturatzeko arkitektura bat proposatzen du. Horrekin batera, programatu ahal izateko hardwarea eta softwarea ere eskainiko dute. Esan daiteke beraz, txip honekin txip kognitiboen garaian murgiltzen garela.
Makinek inteligentzia garatzea beste erronka bat da. Honekin zerikusia izan badezake ere (txipak berez hori errazteko gaitasuna izan baitezake), ez dago zuzenean lotuta. Txip honek, patroi errekonozimendua, konputazio paraleloa, sentsore sareak, super konputazioa… alor askotan hobekuntzak ekar ditzake. Teknologia honi eta sortuko direnei esker, beren izaeraren «kontzientzia» hartuko duten makinak sortzeko aukera izango dugun… auskalo. Hori bilatu behar dugun edo ez ere, dudan jarri izan da aspaldi. Bi indar izan dira beti tentsioan: konputagailuen bidez gure garuna simulatu eta kontzientzia hori bilatzearen aldekoak, eta konputagailuak gure gaitasunak indartzeko baliatzea proposatzen dutenak; orain arte eztabaida filosofikoak.