Hasier Rekondo / 2014-11-09 / 410 hitz
- Izenburua: Plazeraren gau ilunekoak
- Egilea: Francis Scott Fitzgerald
- Itzultzaileak: Iñigo Roque eta Garazi Arrula
- Argitaletxea: Elkar
Egun murrizketa ulertezinak jasaten ari den BERRIA honetan bertan adierazi zuen berriki Juan Luis Zabalak euskal itzulpengintzak «urrezko aro gordeegia» duela. Iruzkintzera gatozen Francis Scott Fitzgeralden (Minnesota, AEB, 1896 – Kalifornia, AEB, 1940) Plazeraren gau ilunekoak narrazio bilduma (Elkar 2014) urrez jantzi dute euskarara ekartzean Garazi Arrulak eta Iñigo Roquek (2013ko Euskadi sariduna Itzulpengintza arloan).
Minnesotako Saint Paul izoztuan jaiotako jenioaren zenbait lan euskaratuak dira jada, hala nola haren obrarik entzutetsuena, Gatsby handia, Xabier Olarrak ekarria 1990ean; Javi Cilleroren Babiloniara itzultzea (1996), Garazi Arrulak berak 2012an itzulitako Mila esker suagatik, eta bilduma honetan jaso den Hamarkada galdua, Roquek berak ekarritakoa; azken bi horiek Interneten argitaratutakoak.
F. Scott Fitzgeralden literatura esaldi txundigarriez blaitutako eremu gorenean kokatzen da. XX. mendeko hirugarren hamarkadaren jazz aroko nolabaiteko azalkeriaren narratzailetzat jo duten arren, jai amaigabeen artean eta alkoholean bizitza hustutako pertsonaien artean, Fitzgeralden estilo gardena eta maisuki zizelkatutako esaldiak literaturaren historia nagusian geratuko dira Flaming Youth belaunaldi hartako idazle handien artean. Nola lehiatu liteke norbait Hemingway, Dos Passos edota Faulknerrekin, alkoholean erori gabe?
Ustezko aberastasunaren bilaketa etengabea, paradisu eskuraezina galtzaileentzat, narrazioetako leit motiv bilakatuko da. «Kezken, pobreziaren eta lorik gabeko gauen usaina duk hori», diotso Gordon Sterrett-ek Yale-ko kide ohiari, «erreka jota» diru eskean doakionean. Oka egiteraino molde ugarietan irakurriko dugu lelo bera: aberatsa izateko grina, existentzia antzuaren aurkako molotov koktel baten gisara. Eta era guztietako koktelak ugariak dira narraziootan.
Kronologikoki paratutako narrazioon aukeraketa nahiko heterodoxoa den arren, aproposa da Fitzgeralden bilakaeraz jabetzeko; mitoren bat hauts lezake gai bakarreko idazletzat jotzen dutenen artean. Nabaria da XX. mendeko hirugarren hamarkadako lilura hori islatzeko grina eta porrotaren soslai kaleidoskopikoaren berri emateko egarria. Fitzgeralden dohainik aipagarriena abiapuntu ez lar erakargarri batetik sortzen duen sendotasun narratiboa da. Esango nuke kasik istorio guztiotako hastapenak direla irakurlea txunditzeko ezer apartekorik gabeak, baina bilbadura narratiboak, esaldien txukuntasunak eta, batez ere, elkarrizketa distiratsuek droga maltzur baten antzera atxikiko dute irakurlea narraziora. Bitxikeria gisara, Fitzgeralden edukietatik urruntzen den Maiatzaren Lehena narrazio luzea aukeratuko nuke, ederto harilkatutako istorioa delako. Pertsonaiak egun berean trebetasunez elkartzen dituen narrazio horretan, Fitzgerald «naturalistena» aurkituko dugu. Gordon Sterrettek bere buruaz beste egingo du New Yorkeko Hogeita Zazpigarren Kaleko gela ziztrin batean, Gerra Handiaren osteko ajearen eraginez. Oraindik ere 20ko hamarkada alaia heldu gabe zegoen, baina Fitzgeraldek bazekien harrezkero loriaren osteko krisi orok molde bereko ajeak dituela ondorio gisa. Tender Is the Night handiaren itzulpenaren zain geratzen gara, itzulpengintzaren urrezko aro gordeegi honetan. Krisiak badirau.