Estibalitz Ezkerra / 2014-11-09 / 705 hitz
Berlingo Harresiaren eraistearekin, Alemaniako Errepublika Demokratikoko ohiko idazleak gertaerak ekar zitzakeen aldeketez idazten hasi ziren, Wendeliteratur-i bide eginez.
Jaltako Konferentzian indar aliatuek erabakitakoaren harira, 45 urtez bi eremutan banatuta egon zen Alemania. Horietako bakoitzak, Errepublika Demokratikoak (Ekialdeko Alemania) eta Errepublika Federalak (Mendebaldeko Alemania) alegia, bere dibisa, sistema politikoa eta gizarte egitura zituen. Tarte horretan, eta 28 urtez, hesi fisiko batek Berlin bitan zatitu zuen, herrialdearen beraren banaketaren zein Gerra Hotzak ezarritako bi blokeren araberako antolaketaren sinbolo. 1961eko abuztuaren 13an goizeko ordu batean hasi ziren txarrantxa hirian zehar hedatzen harresiaren eraikitze lanen lehen urrats gisa, eta 1989ko azaroaren 9an erori egin zen hura. Die Wende izena jarri zioten data horri, eta gaur egun ere hala da ezagun. Inflexio puntua. Duela 25 urteko gertakariak, hain zuzen, bestelako errealitatea, aukerak ekarri behar baitzituen.
Zer ekarriko zuen harresiaren eraisteak, horren inguruan gogoeta egiten du Wendeliteratur edo inflexio literaturak; 1989aren ostean Errepublika Demokratiko zeneko zenbait idazlek landutakoak, batik bat. Ekialdeko Alemanian halako literaturaren loratzea logikoa dela argudiatu dute hainbatek, Stasi edo Estatuko Segurtasun Ministerioak ezarritako polizia estatu autokratikoa dela eta.
Hala ere, idazle guztiek ez dute Errepublika Demokratiko zeneko gobernu eredua Stasiren jardueraren arabera ulertzen, eta, akats handiak bazituen ere, haren oinarrian zegoen pentsamenduari, hots sozialismoari, eutsi egin nahi diote. Christa Wolfen (Gorzow Wiekopolski, Polonia, 1929-Berlin, Alemania, 2011) Medea hala irakurri dute askok, izan zitekeen baina bidean zapuztu zen paradisu sozialistaren aukera. Euripidesen tragediaren berridazketa den 1996ko nobela honetan, Medea Korinton agertzen zaigu Kolkida bere jaioterriaz gogoeta egiten. Kolkidan jendea elkarrekin bizi da inolako gatazkarik gabe, jabetza modu zuzenean banatuta dagoelako besteak beste. Bestelakoa da, ordea, Korintoko egoera, non Medeak eskubide oro galdu duen. Harresiaren eraisteak lagunduko ote du sozialismoa berriro indartzen? Ala Errepublika Federaleko eredu kapitalistak behin betiko hobiratuko du, Korintok egin bezala?
Bigarren Mundu Gerra ostean jaiotako idazleen lanek, baina, ez dute idazle belaunaldi nagusien obretako ostalgie edo nostalgia azaltzen. Aitzitik, utopia galdutzat ematen dute. Thomas Brussigen (Berlin, Alemania, 1949) Helden wie wir (1995, Gu bezalako heroiak), esaterako, Ekialdeko Alemaniaren gaineko satira garratza da, gobernuaren botere gehiegikeria eta bortxak agertzen dituena. Era berean, Errepublika Demokratikoko herritarrekiko kritiko azaltzen da ez ziolako gobernuari behar bezala aurre egin, eta etorkizunari begira gauzak bere horretan jarraituko duten beldur da. Pertsonaietako batek esaten duen bezala, harresiaren aurretik eta haren ostean herritarrek berdin jokatzen dute, «pasibo orduan eta pasibo orain».
Helden wie wir nobelak modu barregarrian azaltzen du Stasi, eta herritarren amarruek behin eta berriro agerian uzten dute haren eraginkortasun falta. Era berean, Brussigen lanak sustatu egiten du Ekialdeko Alemaniaren erorialdia belusazko iraultza batek ekarri zuen ustea; hots, modu baketsuan gertatu zela, baina egiazki poliziaren indarkeria handitu egin zela harresiaren eraiste aurreko hilabeteetan.
Ingo Schulzeren (Dresden, Alemania, 1962) Simple Storys lanak ere (1998, Istorio sinpleak) ez du Errepublika Demokratiko zenarekiko nostalgiarik agertzen, baina Brussigen nobelan ez bezala, herritarrekiko jarrera ulerkorragoa da. Haien beldur, kezka, itxaropen eta galeren gainean dihardu Simple Storys-ek. Zera galdetzen diete beren buruei: harresia erorita, zer egin beharko lukete, Mendebaldera jo bestelako etorkizunaren bila, ala ezaguna zaienari eutsi? Nobelako pertsonaientzat ez da erantzun zuzenik, ezta okerrik ere. Clemens Meyerren (Halle an Der Saale, Alemania, 1977) Als wir träumten lana (Amesten ari ginela, 2006) harantzago doa aukera baten eta bestearen artean alderik ez dagoela argudiatuz. Als wir träumten lanak gizartearen bazterrean bizi diren lau gaztek Ekialdearen eta Mendebaldearen artean igarotako urteak azaltzen ditu: alkoholarekin izandako arazoak, jasotako jipoiak, aintzat hartua izateko zein etsipenaren kontrako borrokak… Harresiaren eraisteak eta bi eremuen batasunak ez du ezer aldatzen pertsonaia horientzat, gertaera politikoek, historiara igaroko diren horiek, inolako eraginik ez dutelako beren eguneroko bizitzan. Lagunarteak ematen die etxean sentitzearen babesa, Alemania batu batek inoiz eskaini ezingo diena.
Iragana ukatuz, bi aldeetan
Azkenaldiko Wendeliteratur-ek agerian utzi du Berlingo Harresia eraitsi eta 25 urtera oraindik ere gauza asko daudela eztabaidatzeko Alemanian. Haien artean dago aipatu nobeletako batean ere agertzen ez den gaia: nazismoaren krimenekiko ardura. Izan ere, gaur egun ere Errepublika Demokratiko zenaren parte ziren hirietan ukatu egiten da iragan hori haiena dela, eta Mendebaldeko alemaniarrek ez dute uste Ekialdean gertatutakoa, gobernuaren jazarpena barne, Alemaniaren historiaren parte denik. Horri gaineratu behar zaio alemaniar ez-zurien presentzia gabezia lan hauetan. Aipatzekoa da Yade Kararen (Cayirli, Turkia, 1965) Selam Berlin (2003). Horretan, idazlea bezala jatorriz turkiarra den Hasan protagonistak harresiaren erorialdiak zuriak ez diren alemaniarrengan izan duen eragina azaltzen du.