Igor Susaeta / 2015-01-28 / 556 hitz
‘Samina’, ‘Siddhartha’, ‘Tristezia, zer berri’ eta ‘Soldaduaren itzulera’ nobelak euskaratu dituzte.
Eusko Jaurlaritzak diruz bultzatu eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), eta Erein eta Igela argitaletxeek argitaratutako Literatura Unibertsala liburu klasikoen bildumak beste lau lan kaleratu ditu. Marguerite Durasen (1914-1996) Samina, Hermann Hesseren (1877-1962) Siddhartha, Françoise Saganen (1935-2004) Tristezia, zer berri eta Rebecca Westen (1892-1983) Soldaduaren itzulera dira sailaren 161., 162., 163. eta 164. erreferentziak, eta Xabier Artolak (Donostia, 1957), David Lindemannek (Hanburgo, Alemania, 1976) eta Irati Trebiñok elkarlanean (Soraluze, Gipuzkoa, 1978), Gerardo Markuletak (Oñati, Gipuzkoa, 1963) eta Maialen Berasategi BERRIAko zuzentzaile-itzultzaileak (Gasteiz, 1989) euskaratu dituzte, hurrenez hurren.
Dumas frantziarraren nobelarik ezagunena Maitalea (1984) autobiografikoa da. «Hark ekarri zizkion sariak eta irakurleak», adierazi zuen Artolak atzo, itzulpenen aurkezpenean. Eta, hain zuzen, handik urtebetera kaleratutako Samina-k ere asko dauka Dumasen bizitzatik. II. Mundu Gerran okupatutako Parisko erresistentzian parte hartu zuen, eta eleberriak gerra bera du «eszenatoki», Artolaren esanetan. Sei narrazio ditu lanak, eta lehen biak autobiografikoak dira —beste bi autofikziozkoak, eta azkeneko biak ipuinak—. Samina du izenburu lehendabizikoak, eta kontatzen du sarekada batean Gestapo nazien poliziak nola atxilotzen duen Robert, Durasen senarra; nola espetxeratzen duten; nola deportatu Alemaniara, eta baita, betiere idazlearen hitzetan, nola itzultzen den ere. «Baina zain dagoenak ez daki bizirik dagoen, fusilatu duten… Egonezin mingarri bat pairatzen du horregatik».
Artolaren ustez, gertakizunen narrazioa egiten du Durasek, baina batez ere sentipenak dira nagusi kontatzen duen horretan. «Testuok gordeta eduki zituen. Ez ahazteko idazten du; bere saminaren oihua denborak leundu baino lehenago entzun dadin».
Hesseren lanak «erabateko maisutasunez» eramaten du irakurlea, Lindemannen iritziz, «antzinako garai batera, antzinako Indiara». Siddharthak dauzkan dilemak planteatzen ditu: «Nola bizi; zein helburu jarraitu; harremanak…». Apaizen kastako kide baten semea da. Saiatzen da aitaren jokabide gogoetatsuaren bidez zoriontasunera heltzen, baina ezin; ezta «haur-gizaki» bihurtuz eta «bizitza mundutarra» eramanez ere. «Ontzilari ez ikasi baina filosofo baten eskutik topo egingo du zoriontasunarekin».
Itzultzailearen esanetan, 1919an hasi zen Hesse nobela idazten, eta budismorantz, Ekialdeko filosofietarantz hurbildu zituen Europako irakurleak. «Ez zuen, ordea, dogmazale izateko asmorik». Lindemannentzat, kontakizun jario lasaia, «eite apur bat zaharkituko estiloa» eta narrazio teknika minimalista baliatzen ditu egile alemaniarrak.
Tristezia, zer berri (1954) 19 urterekin idatzi zuen Saganek —liburuaren zinemarako egokitzapena egin zuen Otto Premingerrek 1958an—, eta modu arrakastatsuan saldu zela jakinarazi zuen Markuletak, atzo. «Haren bizimoduak ere eleberri baten tankera izan zuen…». Gainera, «arazo moralak zirela-eta zalaparta eragin zuen argitalpenak». Kontatzen du nola joaten den Cecile 16 urteko neska, Raymond haren aita «seduktorearekin» eta Elsa bere maitale «txolinarekin» batera, Kosta Urdineko (Frantzia) etxe batera oporrak pasatzera. Han maitasun harreman bat biziko du Cecilek, bera baino nagusiagoa den gizon batekin. Etxe horretako bizimodua, baina, aitak Anne izeneko emakumezko «buru-argia eta kulturzalea» gonbidatzen duenean aldatuko da.
Westen aztertzaile sena
«Ikuspegi zorrotza zuelako, adierazten zuen kritikotasunagatik eta erabilitako idazmolde konplexuagatik» nabarmendu zen West, Berasategiren aburuz. «Eta aztertzaile sena adimentsua zuelako; horren erakusle da Soldaduaren itzulera [1918], idatzi zuen lehen liburua». Kontatzen du nola galtzen duen azken hamabost urteetako oroimena I. Mundu Gerratik «eri, ero» itzulitako gizon aberats batek. Hortaz, gaztetan maitatu zuen klase apaleko emakumearekin tematuko da berriro, «eta orduan hasiko da tragedia». Kontakizunaren mamia maitaleak, emazteak eta lehengusuak osatzen dute —hura da narratzailea—, eta, Berasategiren irudiko, tragediaren erroa tragedia publikoa da; «hots, gerra; horren ondorioa da tragedia pribatua». Westen gaiak dira, itzultzailearen iritziz, «genero rolen eta maitasun erromantikoaren zama, nahien eta betebeharren arteko sokatira, eta beste dikotomia batzuk».