Klima aldaketa, norabide aldaketa

Iñaki Petxarroman / 2015-01-13 / 675 hitz

Munduak asko mugatu beharko du erregai fosilen erabilera, zientzialariek ohartarazi duten bi graduko tenperatura igoera ez gertatzeko. Petrolio erreserben herenek, gasekoen erdiek eta ikatzekoen ia guztiek lur azpian jarraitu beharko dute.

Klima aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea (IPCC) osatzen duten zientzialariek marra gorri batez ohartarazi diete munduko agintariei: 2050erako tenperatura orokorrak ez du bi gradutik gora igo behar. Bestela, ondorio oso larriak izango dira munduan. Bada, hori hala izan dadin, mende erdira iristeko falta den aldi honetan, erregai fosilen erabilera asko murriztu beharko du munduak, eta murrizketa hori zenbatekoa izan behar duen neurtu dute bi zientzialarik. Haiek egindako ikerketaren arabera, munduko petrolio erreserben %35ek, gasekoen erdiek baino gehiagok (%55) eta ikatzekoen %88k dauden tokian geratu behar dute; alegia, lur azpian.

Erresuma Batuko bi ikerlarik egin —Christophe McGlade eta Paul Ekins Londresko University Collegeko irakasleak— eta Nature aldizkariak argitaratutako ikerketaren arabera, erregai fosilen mendekotasun itzela daukan munduko ekonomiak lema kolpe bortitza eman behar du kontrako bidean, klima aldaketaren ondorio larriak eragotzi ahal izateko.

IPCCko adituen arabera, 2050era bitartean munduko tenperatura industria aurreko aroan baino bi gradu gehiago ez igotzeko, munduko CO2 isurketek ez dute 1.180.000 milioitik gora igaro behar.

Ikerlariek bereizketa bat egin dute erreserba eta baliabideen artean. Erreserbatzat jo dute gaur egungo teknika eta ekonomia kontuan hartuta erabil daitekeen erregai fosila; aldiz, baliabidetzat jo dituzte, baldintza ekonomiko edo teknologikoen gainetik, dauden erregai fosil guztiak, erabilgarri egon zein ez egon. Hala, munduan 2.900.000 milioiko CO2 erreserba daudela iragarri dute, eta 11.000.000 milioiko CO2 baliabide. Erregai fosil motari dagokionez, hauexek dira erreserbak, zientzialari horien arabera: 1.294.000 milioi petrolio upel, 192.000 milioi metro kubo gas, 728 gigatona ikatz bituminoso eta 276 gigatona lignito. Lignitoa ikatz mota bat da.

Alegia, munduko tenperaturak bi graduko igoera ez gainditzeko, dauden erreserben herenak inguru bakarrik erabili ahal izango direla ondorioztatu du ikerketak. «Dauden erregai fosilen erreserbak erabilita, bi graduko berotze orokorra hiru aldiz gainditzeko adinako CO2 isurketak egin daitezke», ohartarazi dute.

Orokorrean ez ezik, herrialdeen araberako sailkapen eta neurketa bat ere egin dute azterlanean. Kontuan eduki dute ohiko gas eta petrolio erauzketa eta ezohikoa, eta baita ikatz erauzketa ere. Energia adituek erabilitako eredu tekniko-ekonomikoa baliatu dute zientzialariek, munduko eskualde handietan dauden baldintza batzuk konbinatuz, energia sistema optimizatzeko xedearekin: erreserbak, erauzketak, garraioa, energia iturrien erabilera eta eraldaketa, une honetako eta etorkizuneko balizko teknologiak, eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka, esportazioak…

Herrialde eta eskualdeka

Erabilitako parametro horiek kontuan hartuta, munduan osoan egin beharreko ahalegina nahiko desorekatua da. Esate baterako, Ekialde Hurbileko herrialdeek uko egin beharko liokete ikatz guztia, gasaren %61 eta petrolioaren %38 erabiltzeari. AEBek, berriz, petrolioaren %9 eta gasaren %6. Zergatik? Bada, ustiaketa eta kontsumo zentroak hurbil daudelako AEBetan, Afrikan, Ekialde Hurbilen eta Asian ez bezala. Eta horrek kostuak eta kaltea gutxitzen ditu, ikerlarien arabera. Ikatzari dagokionez, baina, orokorra da errezeta: erabiltzeari utzi behar diote denek.

Aldi berean, egileek ohar bat egin diote ezohiko gas eta petrolioaren erabilerari (hondar bituminosoen ustiaketa, haustura hidraulikoa eta abar). Izan ere, gogoratu dute haien ekoizpena handitzea ez datorrela bat klima aldaketaren aurkako borrokan engaiatzeko konpromisoarekin. Kanadari eta AEBei egingo lieke kalterik handiena muga horrek. Aldi berean, egileek ohartarazi dute Artikoko erreserba guztiek dauden bezala geratu behar dutela. «Politikariek eta agintariek gogoan eduki behar dute euren herrialdeteetan dauden erregai fosilen baliabideak ustiatzeko joera bateraezina dela gehienez bi graduko tenperatura igoera lortzeko helburuarekin», ohartarazi dute txostenaren egileek. «Tenperatura orokorra bi gradutik gora ez igotzeko konpromiso politikoa indarrean jarriz gero, eten egingo litzateke baliabide berriak aurkitzeko etengabeko inbertsio eta ahalegina, baliabide berriak aurkitu arren ezin izango liratekeelako ustiatu».

Ikerlariek ere kontuan eduki dute karbonoa atzeman eta biltegietan gordetzeko aukera, baina haren eragina txikia izango litzatekeela ohartarazi dute. Hala, sortuko litzatekeen CO2a biltegietan gordeko balitz, %6 ikatz gehiago eta %2 petrolio gehiago erabili ahal izango litzateke bakarrik.

Michael Jacob eta Jerome Hillaire Klima Aldaketarako Postdam Institutuko ikerlariek lanari buruzko analisia egin dute Nature aldizkarian. Besteak beste, ontzat jo dute munduko eskualdeak bereizi izana, herrialde batetik bestera ondorio ezberdinak izango dituztelako klima aldaketari aurre egiteko hartuko diren hitzarmenek. «Bakarrik akordio orokor batek, galtzaileei kalte-ordaina eskainiko diena eta denek bidezkotzat joko dutena, jar ditzake muga zorrotzak luzera begirako erregai fosilen erabileraren gainean», adierazi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.