Ainhoa Sarasola / 2015-02-13 / 798 hitz
Bilboko alkatearen aginduz, mila liburu sutan erre zituzten orain hiru hamarkada. Udalak deitutako lehen ipuin lehiaketa irabazi zuten, baina, antza, «berba zantarrak» zituen batek.
Bilboko Artigas zabortegia albiste izan zen orain bi aste. Plastikoz josita esnatu zen inguruko mendialdea; itxura guztien arabera, zaborra tratatu gabe bota, estali ez, eta haizeak baso aldera zabaldu zuen. Itolarria hitza erabili zuen bertan ibiltzen saiatu zen kazetariak, inguruak sortutako sentipena azaltzeko. Adarretatik zintzilik zeuden plastiko puskek, baina, bestelako irudia ekarri zioten burura Iñigo Aranbarri idazleari, Twitterren plazaratu zuenez: «Zenbat ederragoa litzatekeen ipuin zentsuratu haien orriak aurkitzea adarretan». Joseba Sarrionandiak eta Juan Retanak idatzitako ipuin banaz ari zen idazlea, Bilboko Udalak argitaratu, ondoren zentsuratu eta alkatearen aginduz Artigasen erretzera bidali zituztenak. 1980. urtea zen, eta ipuinetako batean jasotako «berba zantarrak» izan ziren zentsurarako arrazoia. Egun, izatekotan, liburu haien errautsen bat geratuko da inguruotan.
Lehen aldia zen Bilboko Udalak ipuin lehiaketa antolatzen zuena. 1980ko ekainean egin zuen deialdia, eta azaroan jakinarazi zituzten irabazleak: euskarazko narrazioen atalean, artean ezagutzera ematen ari zen Joseba Sarrionandia izan zen saritua, Enperadore eroa ipuinagatik. Gaztelaniazko ipuinen artean, berriz, Epitafio del desalmado Alcestes Pelayo gailendu zen. Juan Retana Lizarrako 19 urteko gazteak Nafarroako Erriberako herri batean girotutako istorioa kontatu zuen, non herri lur batzuen jabetza zela eta, herritarrak bertako jauntxoaren aurka borrokatzen ziren. Baina, antza, pertsonaia haien hizkera ez zen denen gustukoa izan.
Juan Mata UCDko zinegotzia izan zen lehena protesta egiten, orduko kroniken arabera Udaleko Kultura batzordearen aurrean salatu baitzuen auzia. Batzordeko buru Juan Olaetxea jeltzaleak orduan kazeta bati adierazi zionez, gaia bai jorratu zuten bilera batean, baina «batzordeak berak liburu horiei gertatu ahal izan zitzaienarekin zer ikusirik ez» zuela ziurtatu zuen. 1981eko ekaina zen, eta egun batzuk lehenagora arte, udaletxeko gela batean egon ziren gordeta liburuak, mila ale inguru, banaketarako prest. Baina udal langile batek erretiratu egin zituen handik, esan zuenez, alkatearen aginduz. Jon Castañares jeltzalea zen orduan alkatea.
Gertakariak hautsak harrotuak zituen ordurako, eta alkatearen asteroko agerraldiaren zain zeuden guztiak. Baina Castañares ez zen azaldu, Iñaki Kalzada lehen alkateorde jeltzalea baizik, zeinak ahal bezala aletu zituen liburuak erretzearen arrazoiak. Azaldu zuenez, alkateak «EAJko zinegotzi guztien babesarekin» hartu zuen erabakia. Haren alderdikide Jose Luis Padura hautetsiak gehitu zuenez, batzordeak bere garaian hartutako erabakia, liburua argitaratzea, bete egin zuten; «beste kontu bat da gero zirkulaziotik at utzi izana». Hartarako modua erretzea izan ote zen ez zuten zehaztu nahi izan, baina beste iturri batzuek baieztatu zutenez, liburuok Artigasen erre zituzten, udalaren errausketa labean. Antza, ehun bat ale baino ez ziren garretatik salbatu.
Xabier Arzalluz bera, orduan EAJren EBBko burua zena, Castañaresen alde mintzatu zen Santutxun, mitin batean. Agindua alkateak ez, «beste batzuek» eman zutela ziurtatu zuen. «Baina, gainera, ez dira ideiak erre direnak; haurrek irakurtzeko modukoa ez den literatura baino ez da erre. Beraz, ezin da alkatea XX. mendeko Torquemadatzat jo».
Idazlea eta epaimahaia
«Triste baino gehiago, suminduta» zegoela adierazi zuen orduan erretako ipuinetako baten egileak, Juan Retanak. «Inkisizioa hemen da berriro ere», salatu zuen. Zentsurarako arrazoia «hitz eta esapide zantarrak» zirela jakitean, baina, harridura ere nagusitu zitzaion. «Edo jaun hauek ez dituzte beren bizitza osoan ez Quevedo ez Garcia Marquez irakurri, edo bestela, sakristiek uste genuen baino gehiago jarraitzen dute agintzen EAJn». Zalantzan jarritako hitzok «pertsonaien ahotan» jarri zituela adierazi zuen, «Erriberako jendeak hala hitz egiten duelako». «Inoiz ez dago arrazoi nahikorik liburu bat erretzeko, baina, gainera, halako arrazoiekin egitea zaplaztekoa da kulturarentzat, gu guztioz barre egitearen parekoa».
Epaimahaikideak ere suminduta agertu ziren erabakiarekin. Tartean ziren Ramiro Pinilla, Luis de Castresana eta Gregorio San Juan idazleak, besteak beste. Hiru horiek oharra kaleratu zuten, eta beren «literatur irizpideei agertutako mespretxua» salatu. «Ez dago gure hiri gaixoa, jaunok, hemen kulturan egiten den gutxia suntsitzeko». Halako garaiak iragana zirelakoan, kulturari egindako «iraina» deitoratu zuten. «Zertan ikusi dute lizunkeria testu honetan —testu bikaina geure ustez—, zeinak garai berri eta libreei egokitutakoa ez ezik, garai guztietako literatura klasikoaren lengoaia ere erabiltzen duen?». Hurrengo urtean lehiaketa berriro egiten saiatu zen Udala, haur literaturari lotutako izaera emanez, baina epaimahairik ezean, bertan behera geratu zen asmo hura, eta ez zen berriro egin.
Liburuzaleek berehala kaleratu zuten zentsuratutako obra, beste hainbat ipuinekin: Cuentos incombustibles (Ipuin erregaitzak) jarri zioten izenburu, eta Hau da Bilboko alkateak erretako liburua esaldia gehitu zioten azalean.
Urte askoren buruan egunkari bati eskainitako elkarrizketan, liburuak erretzearen agindua berea izan zela ukatu egin zuen Castañaresek, haserre. Haren arabera, udaletxean gordeak zituzten aleak desagertzen hasi ziren, «ipuintxo lizun bat» ziren zurrumurrua zabaldu zelako. «Hura geldiarazteko agindu nuen, eta funtzionario batek hartu zuen haiek errauste labera bidaltzeko erabakia. Erantzukizuna nire gain hartu nuen, baina ni ez nintzen erruduna izan».
Paradoxak zer diren, liburu haren hitzaurrea Castañaresek berak idatzi zuen. «Edozein modutan, ipuinak, askok okerki eleberriaren anaia pobretzat jotzen dutenak, badu bere lilura, gutxienez instantzia guztietan kontuan hartzeko modukoa. Horren adibide dira orain argitaratzen ditugun hauek. Doakie egileei zorionik beroena», zioen bertan. Hitz haiek ere errauts bihurtu ziren.