Ainhoa Sarasola / 2015-03-04 / 754 hitz
Haurrek gobernatutako mundu batean girotuta, egungo gizarteari kritika umoretsua egiten diote Unai Iturriagak eta Alex Sanvik ‘Haur besoetakoa’ albumean.
Zazpi urteko elkarlanaren emaitza da lana.
Haurrek gobernatutako mundu batean, Haur Besoetakoa da mafiako burua; haren menpe daude litxarreria eta bideo jokoen merkatu klandestinoak. Tira, edo hala uste du berak behintzat, finean txotxongilo bat besterik ez den arren. Harekin ustez merkatua partekatzen duen Lo-Li-Ta baita, benetan, mundu ilun hori gobernatzen duena. Bi pertsonaia nagusien, inguratzen dituen mundu ustelaren, eta umorearen bidez, «egungo munduaren parodia bat» osatu dute Unai Iturriagak eta Alex Sanvik: Haur Besoetakoa. Litxarrerien jauna albumean. Iazko urri amaieran aurkeztu zuten lana, eta lehen argitalpena bukatuta dago jadanik. Bigarrena bidean da, eta istorioari jarraipena emateko asmoa ere bai.
Haurrek gobernatutako mundu batean bizi dira Haur Besoetakoa, Lo-Li-Ta eta beste hamaika pertsonaia. Mundu horren alderik ilunenean. Litxarreriak, plastikozko dinosauroak, pailazoak, Bob belakiaren itxurako puzgarriak, eskumuturrekoak egiteko koloretako gomatxoak, zabor janaria… Guztiak eta gehiago izan daitezke negozioaren parte haurren munduan. «Nik eratu dudan mundua sinplea da», azaltzen du Haur Besoetakoak berak; «libertimendua eta kontsumoa ditu oinarri». Gaur egungo gizartea definitzen ari dela ere pentsa liteke, azalpena entzunda. Iturriagaren hitzetan, «azken batean, pertsonaia eta mundu hori guztia gure munduaren parodia bat dira». Parodia hori sortzeko, haurrei lotutako mundu hori iturri aberatsa izan da albumaren gidoigilearentzat, baita mafiari lotutako iruditeria ugaria ere.
Haur Besoetakoa bizi den munduan, Aima-k dira —aita eta ama hitzen baturatik sortutako izena— lan egiten dutenak. «Nortasunik gabeko gizakiak dira», komikian narratzaileak azaltzen duen moduan; «ugaldu ostean, orotariko lanak egin eta haur kotxeak bultzatzea da beraien zeregin nagusia». Gurasotasunari eginiko kritika baino gehiago, «gaur egun, mundu kapitalista honetan, kate horretan, gizakiaren funtzioari» egindako parodia gisa ikusten du Iturriagak. Bizi gaituen gizartearen kritikak bata bestearen atzetik agertzen dira, umorez betiere. Haur Besoetakoak Pirritx eta Porrotx «okerrenak» direla esaten duenean bezala, haurrei pentsarazi egin nahi dietelako. «Umeok ez dugu pentsatzen!!», dio Haur Besoetakoak, haserre. «Pentsamendua akatsak justifikatzeko helduen asmakizun bat baino ez da! Umeok gauzak egiten ditugu, eta helduek pentsatu egiten dute denak berdin jarrai dezan!!!». Bi mundu ezberdinetan bizi ote gara haur zein heldu? «Neurri batean, haur diren bitartean bai behintzat», uste du Iturriagak: «Haurrek gauzak egin egiten dituzte: badute bulkada bat, gogo bat, eta, debekatu ezean, gauzak egin egiten dituzte. Helduek, berriz, dena pentsatu, eztabaidatu, bozkatu… egiten dugu, eta gero ezer ez egin.
Helduen mundua ez baita onik ateratzen albumean. Beste aldea esaten dioten horretan, helduek gobernatutako munduan, haur zein adinekoak ezin okerrago bizi dira; txikienak, eskolako lanekin eta eskolaz kanpoko jarduerekin itota, eta haiek zaintzeko eta enkarguak egiteko «esplotatuak» aitona-amonak. «Beti suposatzen da hesiaren beste aldean askatasuna dagoela», dio Iturriagak, «baina han ere beti norbaitek ordaintzen du guk gaizki antolatutako gizarte honetan».
Lau eskutara ondutako lana
Orain dela zazpi urte sortu zuten pertsonaia Iturriagak eta Sanvik. Haren istorioak aleka joan dira argitaratzen Xabiroi aldizkarian. Horien guztien artean aukeraketa bat egin, eta albuma osatu zuten gero. Ustelkeria, manipulazioa, gezurrak, finantzen eta politikaren mundua… Gai korapilatsuak jorratzen dira komiki liburuan. «Puri-purian zeuden gaiak sartzen saiatu naiz zazpi urteotan, eta, zoritxarrez, oraindik hor dauden gaiak dira». Irakurketa geruza ezberdinak baditu ere, bereziki helduentzako albuma da, Iturriagaren esanetan, baina gaztetxoek ere oztoporik gabe irakurri eta ulertu ahal izateko modua topatu dute bi sortzaileek.
Gauza bera gertatzen da album osoko erreferentzia zinematografiko eta literario ugariekin: The Godfather, Jon Miranderen Haur besoetakoa bera, harengan ustez eragina izan zuen Vladimir Nabokoven Lolita eleberria… «Ezagutzen dituenarentzat hor daude, iruditeria horren soinu banda baten moduan, baina ezagutzen ez dituenarentzat traba izan ez daitezen saiatu naiz».
Alex Sanvirekin duela zazpi urte hasitako elkarlana gozoa izaten ari da Iturriagarentzat; «oso erraz» ulertzen dute elkar, dioenez. «Hasi ginenean, istorio bakarra izango zela pentsatu genuen». Baina lanean jarraitu zuten. Eta bitarte horretan ere, 2011n, Udaberririk ankerrena albuma plazaratu zuten elkarrekin.
Prozesua beti bera izan ohi da: gidoia prestatu, eta marrazkilariari aurkezten dio Iturriagak. «Beti esaten dit oso zehatzak direla; agian, nik hala behar dudalako izango da». Gero, irudiak osatzen ditu Sanvik. «Eta nik hor ez dut inolako zuzenketarik egiten». Marrazkigintzan ere jardun ohi du Iturriagak. Berak buruan zuena irudikatzea lortu al du kideak? Baietz dio. «Neurri batean, ez dakit hasiera hartan zer nuen buruan. Gero, paisaiak-eta errepikatuz joan dira istorioetan, eta irudizko mundu hori sortuz joan da Sanvi. Orain, neure buruan ere ezin dut bestelakoa irudikatu».
Elkarlanarekin eta bien artean sortutako mundu horrekin gustura, istorioarekin jarraitzea erabaki dute bi sortzaileek. Xabiroi-n bukatutzat jo zutela zirudien arren, albumari azken orrialde bat gehitu zioten, eta bukaera zabalik utzi dute, jarraipen bat izateko moduan. Hartarako nahia agertu du Iturriagak. Haur Besoetakoak bere mundua gobernatzen —edo saiatzen, behintzat— jarraituko duela dirudi.