Iñigo Astiz / 2015-04-19 / 1.435 hitz
Txikia da euskaraz kaleratzen den genero periodistikoko liburuen kopurua, periferikoa, baina piezaz pieza handituz doa apala, denborarekin. Zer kontatua badagoela uste dute egileek, eta kalitatea badagoela diote editoreek.
Errealitate estua du ez-fikzioak. Gertakarien atalean txerta daiteke kasik genero periodistikoen liburugintza, adibidez. Izan ere, urria da gisa horretako euskarazko liburuen ekoizpena; urria izaten da jasotzen duten oihartzuna, eta urria da lortzen duten irakurle kopurua ere. Baina pieza solte bat orain eta pieza solte bat gero, urteekin badoa bere apaltxoa osatuz. Elkarrizketak, memoria liburuak, musika taldeei buruzko lanak, ikerketa kazetaritza, kronikak… Zer kontatua badagoela diote egileek; kaleratutako liburuak onak direla diote editoreek, eta izan da publikoaren beroa ezagutu duen lanik ere. Euskal irakurleen masa kritikoa eta babes ekonomikoa falta zaizkie maiz arnasa luzeko lan horiei. Eta, halere, zenbait lanek egiten dute oraindik ere egunkarietako orrietatik apaletarainoko bidea.
Adibide bat. 2006ko irailaren 21a da Loiolako eliza ondoko Arrupe Etxean, eta imajina daiteke tentsioa: su-etenean jarraitzen du oraindik ETAk; indarrean dago legez kanporatzea, eta Euskal Herriaren etorkizuneko akordio politikoari buruz hizketan ari dira Iñigo Urkullu eta Josu Jon Imaz, Rodolfo Ares eta Jesus Egiguren, eta Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia eta Arnaldo Otegi. Zazpiak bat, mahai bakarrean. Eta bat-batean filtrazio bat. EAJko, PSE-EEko eta Batasuneko buruzagitzak Elizondon biltzen dabiltzala dio El Correo egunkariak. Kezka sortu du albisteak. Kezka, gaiztotu daitekeelako giroa. Baina barreak ere bai. Barreak, poliziek telefono entzuketetan bilera Loiolako eliza ondoan egiten zela entzun, eta Nafarroako herriarekin nahasi dutelako. Eta hor Otegiren sorpresa. «Aresek ez zekien non zegoen Elizondo! […] Gure artean esan genuen ederra geneukala Elizondo non dagoen ez dakien pertsona horrekin lurraldetasunaren korapiloa askatzeko». Halako anekdotaz josita dago Loiolako hegiak liburua. Izan ere, zehaztasun handiz kontatzen ditu bertan 2005etik 2007ra arteko ezkutuko elkarrizketak Imanol Murua Uria kazetariak. «BERRIArako jarraitu nuen prozesu hori, baina iruditzen zitzaidan gauza asko kontatu gabe gelditu zirela; nik neuk ere ez nuen ondo ulertzen zer gertatu zen, eta sentitzen nuen iturri batzuetara iristea banuela. Denbora batez eguneroko lanean parentesi bat ireki, eta denbora hartu nuen lan horretarako».
Mezenasak behar
Murua da Euskal Herrian arnasa luzeko kazetaritzak dituen erreferente nagusietariko bat. Harenak dira Suetena Belfasten (1996, Susa) —Humberto Unzuetarekin idatzia— eta Palestina zauritua (1998, Susa) liburuak ere, eta Loiola ostekoekin beste liburu bat prestatzen dabil orain. Onartzen du, halere, generoaren izaera periferikoa. «AEBetara joan-etorri batzuk egin ditut azkenaldian, eta han askoz ere pisu, oihartzun eta arrakasta handiagoa dute halako lanek. Asko aipatzen dira non-fiction liburuak. Kazetari ere badiren autore batzuek izen handia daukate, eta dezenteko oihartzuna izaten dute. Aldiz, hemen, ez dut sekula sumatu hainbesteko oihartzun edo prestigiorik, eta proportzioan ere esango nuke askoz gutxiago egiten dela arnasa luzeko kazetaritza hori euskaraz». Azaldu du zergatia ere: «Liburuek ez dute zure lanorduak ordaintzeko adina ematen». Eta, beraz, zail da kazetariak arnasa luzeko lan bati aurre egiteko modurik lortzea. Mezenasak behar.
Eta, egon, badaude batzuk. Historikoa da Tene Mujika beka, esaterako. Historia hurbilari buruzko gaiez idazten laguntzeko jarri zuen Debako Udalak beka hori martxan, eta hori du helburu egun ere. Azken urteotan aldatu egin ditu oinarriak, ordea, eta orain Debako Udalak hautatzen du ikerketa lan horietan landu beharreko gaia; Deban eraikitzekoa zen zentral nuklearra da aurtengoa, esaterako. Baina ez da Debakoa gisako egitasmo bakarra. Badira Interneten sosak biltzeko saioa egiten duten proiektuak, eta orain hilabete batzuk jarri zuten martxan Arnasa luzea izenekoa ZuZeu atarikoek —www.arnasaluzea.com—. Finantzaketa kolektibo baten modura funtzionatzen du, funtsean. Kazetariak bere proposamena aurkeztu, eta babes ekonomikoa eman diezaioke jendeak. Hasier Etxeberria atariaren koordinatzaileak azaldu du proposamenaren hasierako motibazioa: «Hainbesteko langabezia ikusten dugu kazetari gazteen artean, eta hain izorratuta ikusten ditugu, depresio puntu hori gainditzen eta lan luzeagoak kaleratzen laguntzeko aukera eskaini nahi diegula». Proiektua bideratzen laguntzeko, tutoretza modukoak eskaintzen dizkiete, eta xumea da kazetariak eman beharreko ordaina, Etxeberriaren hitzetan. «Lan horrekin dabilen bitartean, ZuZeu atarian zer edo zer argitara dezala eskatzen diogu. Ordaina hori da».
Irakurle faltan
Ez da mezenasa soilik falta, ordea, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak azaldu duenez. «Normalean, eta salbuespenak salbuespen, oso oihartzun eskasa izaten dute liburu hauek. Oso-oso salmenta eskasa eta pobrea dute». Badaki zertaz ari den. Urteak eman zituen bere argitaletxeak 28 biografia batzen dituen Biografiak izeneko saila sendotzen, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin hasi eta Nelson Mandelarenarekin amaitu. Eta hori geldi dagoen arren, eutsi egiten diote oraindik arnasa luzeko ikerketa lanei eskainitako Lekukoa bildumari. Liburu onak bertan, editorearen hitzetan, baina irakurle gutxi. Eta prestigioaren faktorea aipatu du arrazoien artean. «Estilo honetako liburuetan, badira ospetsuei buruzkoak direlako oihartzuna lortzen duten lanak. Baina euskaraz halakorik ez da argitaratzen ia, hemengo ospetsuek ere egin dituztenean memoria liburuak gaztelaniaz egin dituztelako. [Carlos] Garaikoetxeak, [Xabier] Arzalluzek, Jon Idigorasek, Arnaldo Otegik… Gaztelaniaz idatziak dituzte beren memoriak. Ez da egon euskaraz halakorik. Euskaraz bizi den gizartea badakigu zein garen, eta ez daukagu star system oso potenterik, eta daukaguna nahiko diskretua izaten da».
Salbuespenik badago, halere. Loiolako hegiak, kasurako. Izan zuen oihartzuna Muruaren lanak, eta izan zuen irakurlerik ere. «Momentu egokian atera zen», dio egileak. «Momentu nahiko funtsezkoa zuen euskal politikagintzak, eta bereziki ezker abertzaleak, eta igual liburu horrek lagundu zuen iragan hurbilean gertatu ziren gauza batzuk argitzen». Eta euskarazko arrakastaren ostean, gaztelerazko itzulpena heldu zen. «Jendeak uste du euskaraz hainbeste saldu bada gazteleraz argitaratzean gehiago salduko dela, baina ez. Erdira ere ez zen iritsi salmenta. Irakurle potentzialen kopuru askoz ere handiagoa duzu printzipioz hor, baina merkatu horretan BERRIAko kazetari bat ez da inor; bestelako sustapen kanal batzuk daude, eta arrakasta mugatuagoa izan zuen liburuak».
Euskara babesleku
Bada faktore bat hizkuntza, izan ere. Handiagoa da erdaraz irakurle potentzialen kopurua, eta erdaraz kaleratzen dituzte maiz pertsona ezagunek beren elkarrizketa liburu, biografia eta memoriak. Aipatu du hori Mendigurenek. Muruak kontrapuntua eman du, ordea. «Loiolako hegiak idaztera jarri nintzenean, neure buruari esan nion Loiolan gertatutakoaren berri lehenengo euskaraz eman behar zela. Ekarpen hori euskaraz egin behar zela. Eta argumentu hori erabili nuen nire iturri nagusiak konbentzitzeko. Errezeloak bazituzten, zer kontatu eta zer ez kontatu, eta konbentzitu nituen esanez garrantzitsua zela ekarpena euskaraz egitea, eta garrantzitsua zela ez beti atzetik ibili behar izatea». Eta pizgarri bezainbeste egin zitzaion lagungarri proposamen hori. «Inpresioa dut Jesus Egigurenek, esaterako, gauza batzuk kontatu zizkidala bazekielako liburua euskaraz aterako zela. Berak bazekien euskaldunentzat ari zela, eta horren araberako tonuan hitz egiten zidan, norekin ari zen jakinda. Bazkari batean gogoratzen dut brometan esaten zidala, ‘baina hau ez duzu gazteleraz aterako, ezta?’».
Apala nahasita edukitzeko beste liburu bada kalean. Izan ere, Egunkaria-k izan zuen arnasa luzeko lanei eskainitako bere saila. Alberdaniak badu bere sorta. Joxerra Senar BERRIA egunkariko kazetariak kaleratutako Eta hemen ez da ezer gertatu da Pamiela argitaletxeak kaleratutako ildo horretako azkena. Eta Susa argitaletxeak ere kaleratu du genero periodistikotik gertuko lan sorta bat ere. Bertan kaleratu dituzte, adibidez, Kubari buruzko kronikak Koldo Izagirrek, Mexikori buruzkoak Iñigo Aranbarrik, Hegoafrikari buruzkoak Juanjo Olasagarrek, Argentinari buruzkoak Alberto Barandiaranek… Gorka Arrese editoreak onartu duenez, ordea, lan solteak izan dira denak. Bildumatu gabekoak, eta ildo jakin batera lotu gabekoak. Eta azaldu du halako lanek duten zailtasuna ere: «Gure intereseko gai eta estilo narratiboz garatzeko liburuak ezin genitzakeen finantzatu, eta hori ere traba bihurtu zen. Enkarguzko liburuak eskatu eta egiteko denbora eta lana ordaindu egin behar baitira neurri batean».
Norbait hauteskundeetara aurkeztu, eta elkarrizketa liburua du kalean. Ohikoa izaten da hori AEBetan, Frantzian eta beste hainbat herrialdetan, baina anekdotikoa da halako lanen argitalpena Euskal Herrian. Euskaraz, eta erdaraz. Eta anekdota modura kontatu du horregatik Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editoreak haiei gertatutakoa. Liburu periodistikoen sorta bat duten arren, haienean ere ez baitago ildo zehatz markaturik, onartu duenez. Baina hor dator pasadizoa. «Gabonetarako, Joseba Asironek Diario de noticias egunkarian argitaratutako artikuluen bilduma atera genuen [Adiós, Pamplona]. Justu garai hartan jakin zen Asiron Iruñeko alkategai izateko aurkeztuko zela, eta horixe pentsatu genuen: hau izango da AEBetan hauteskundeetan egiten dutena. Baina kasualitate hutsa izan zen gurea».
«Ez legoke gaizki…»
Hitz egin ahala, animatuz doa Jose Felix Azkarate, Xarra. «Ez litzateke gaizki egongo berriro sokatik tira egitea…». Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kide da, eta baita Euskal Herrian espresuki musika kazetaritzari eskainitako bilduma gutxietariko baten sortzaile ere. Azaldu du nola sortu zuten Bosgarren Haria bilduma, adibidez. «Ekoizle baino gehiago kontsumitzaileak gara, eta musikaren inguruko liburu eta bildumak sumatzen genituen faltan euskaraz». Jon Eskisabel kazetariak zabaldu zuen bidea Itoizi buruzko Hari xingle bat liburuarekin, eta, besteak beste, Rory Gallagher, The Ramones, Jotakie eta BAP taldeei buruzkoak ere kaleratu dituzte geroztik. «Irizpidea zaletasuna zen. Musikaren inguruan zaletutakoren batek hitz egiten du era zabal, informatu eta subjektiboan bere gustuko talde bati buruz». Geldi xamar dute egun bilduma, halere. «Gu ibiltzen ginen proposatzen jendeari, eta hasierakoak proposamenak izan ziren. Gero jendea etorri zen proposamenak egiten. Aspaldi ez dugu ez proposamenik egin, ez eskaintzarik jaso, eta horregatik dago geldi. Pena bat da». Eta horregatik hasierako animoa: «Ez legoke batere gaizki berriro sokatik tira egitea». Horra, nola hasten diren apalak egunkariz betetzen.