Jururu, fikzio bidez erreal egina

Juan Luis Zabala / 2015-04-18 / 605 hitz

Kubako badiako errealitatea dute oinarri Jose Enrike Urrutia Capeauren ‘Jururú’-ko 23 ipuinek.Kubako ekialdean dago, eta, Kristobal Kolonek gidaturik, espainiarrek 1492an Amerikan zapaldu zuten aurreneko lurra da, diotenez, Jururu badia. Hantxe bizi da, tarteka Euskal Herrira joan-etorriak eginez orain arte, Jose Enrike Urrutia Capeau idazlea (Iurreta, Bizkaia, 1954), eta bete-betean hantxe girotuak dira —eta han ezagututako jendearen gorabeheretan oinarrituak— haren Jururú liburu berria (Pamiela) osatzen duten 23 ipuinak. Liburua idazteaz gain, Jururu badiako paisaiak pintatu ditu Urrutia Capeauk, eta gisa horretan osatutako margolanetako batzuen koloretako erreprodukzioak ere liburuan jasota daude.

Bertako bizilagunak ez dira asko, eta «oso sakabanatuta» bizi dira gainera, baina Jururu badia «pasabide bat» da, Urrutia Capeauk azaldu duenez, eta horren ondorioz mugimendu handiko lekua da hura, leku bizia. «Gizarte txiki horren berri ematen du liburuak». Ipuinetan kontatzen den guztiak oinarri erreala du kasu gehienetan, baina, oinarri erreal horretatik abiatuta, berak nahi izan duen lekura «bideratu» du kontakizun bakoitza. «Haiek irakurtzean, pentsa daiteke benetako gertaera batzuen kronikak direla, baina ez da hala. Ipuinak dira. Jururú fikzioko liburu bat da».

Espainiarrak iritsi aurreko kulturaren aztarna ugari gordetzen da Jururun, eta bertako bizilagunen aurpegi eta ezaugarri fisikoetan ere igartzen dira garai harekiko lotura iradokitzen duten zantzu nabarmenak, Urrutia Capeauk dioenez. «Asteburuetan azoka egiten denean, han biltzen dira laborariak, eta, hango aurpegiak ikusita, nik askotan esaten dut: ‘Hara, Moctezuma !’. Gero, haiei galdetuta, ezetz esaten dizute, aitona-amonak Bartzelonakoak zirela eta horrelako kontuak, baina nabarmena da. Eta badago jende apur bat gaiaren inguruan arduratzen dena ere, horretan sakontzen ari dena».

Jururutarren artean Kolon aurreko kulturen ezaugarriak, zantzuak eta aztarnak ugariak izate horrek badu «bere logika»: «Kolon eta espainiarrak lehenik eta behin hara heldu baziren ere, berehala menderatu zituzten bertako indioak, eta gero aurrera jarraitu zuten, behin hangoa antolatuta utzitakoan».

«Lekua oso ederra da, berez», Urrutia Capeauren iritziz, eta horregatik bururatu zitzaion testuen osagarri egokia izan zitezkeela bertako pasaiak jasotzen dituzten margolanak, berak eginak akrilikoan. Margolan horiek modu egokian argitaratu ahal izateko, Txema Aranazi, Pamiela argitaletxeko arduradunari, liburua «koloretan argitara zezan eskatzeko atrebentzia» izan zuen orduan, eta Aranazek baiezkoa eman zion.

«Goethek dio Greziakoak izan direla biziaren ametsa modurik ederrenean asmatu dutenak», azaldu du Urrutia Capeauk. «Nik esango nuke liburuak jasotzen duela jururutarrek biziaren ametsa asmatzeko duten modua. Azken batean, ikusten da leku guztietako jendea, sakonean, berdinak garela, baina badirela desberdintasunak ere. Jururutarrek bizitzak ekartzen dituen kontuei erantzuteko modu bat dute guk ez duguna, nahiz eta azken finean, sakonean, denok bat garen».

Ipuingintzan berriro ere

Ipuin bilduma idatzi beharrean nobela bat idazteko aukera ere aztertu zuen Urrutia Capeauk Jururú osatzen duten narrazioak idazten hasi zenean. Baina iruditzen zitzaion nobela bat egitekotan azalpen asko eman beharko zituela testuan, eta askoz ere liburu luzeagoa idatzi beharko zuela. Nahiago izan zuen bere ohiko generoan errenditu, ipuingintzan.

Miel Anjel Elustondo idazle eta kazetariari John Steinbecken Tortilla Flat gogorarazi dio Urrutia Capeauren Jururú-k. «Guri mundu urruneko zaiguna hain hurreko egin izana miragarria zait, pertsonaia urruneko haiek etxekotu izana, Jurururekin bat egiteko izan duen ahalmena. Miresgarri zait ez Jururuko bizimodua, baizik eta bizia eta jendea erakusteko egin duen saioa. Eta Jururu Kuba izanik, Iraultzaren esanak ez baizik haren kontraesanak bistara ekartzeko, lerro artean baina nabarmen, utzi dizkigun aztarnak». Urrutia Capeauren liburua «haize freskoa» eta «arnasa» izan da Elustondorentzat, «itomen honetan».

Aurtengo udan, Durangoko Arte eta Historiaren Museoan bere arte lanen erakusketa bat egingo du Urrutia Capeauk, eta ixten dutenean berriro itzuliko da Jururura. Ez du uste, gainera, aurrerantzean orain arte bezain sarri itzuliko denik Euskal Herrira.

Urrutia Capeauren seigarren narrazio bilduma da Jururú. Honako hauek dira aurreko bostak, denak, Jururú bezala, Pamiela argitaletxeak argitaratu dituenak: Kadrila alegera festan da (1979), Izar beltzaren urtea (2000), Ergelen nonbrea (2006), Assilah-ko eroa (2010) eta Weylerren itzala (2012)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.