Udako geneak?

Asier Fullaondo / 2015-05-31 / 205 hitz

Badira urte asko geneen adierazpena aldatu egiten dela dakigula, pertsonatik pertsonara, ehunetik ehunera, eta gene batzuek ere egunean zehar beren adierazpena aldatu egiten dutela. Horien artean famatuena CLOCK genea da. Gene horretarako aukeratutako izenak haren funtzioa adierazten du. CLOCK geneak eguna/gaua ziklo zirkadianoa doitzen du. CLOCK genearen sekuentzian aurkitu diren mutazioak loaldiaren arazoekin erlazionatu dira; besteak beste, insomnioarekin.

Argitaratu berri den ikerketa batek gene batzuen adierazpena urtaroen arabera aldatu egiten dela ikusi du. Hau da, gene batzuen adierazpen maila udan neguan baino altuagoa dela, eta alderantziz. Eta ez dira gene gutxi batzuk: 2.300 udakoak eta 2.800 negukoak. Hau da, 2.300 genek udan izaten dute adierazpen mailarik altuena, eta neguan baxuena, eta negukoek alderantziz.

Baina horrek zentzua dauka? Zertarako balio du?

Ikerlariok ikusi dute sistema immunearen hanturaren aldeko geneek neguan adierazpena handitzen dutela. Gehikuntza hori zergatik gertatzen da? Agian, gorputza infekzioei aurre egiteko prestatzen delako? Gure gorputza negu/uda aldaketarako prestatzen bada, ekuatore aldeko herrietako pertsonek, negu/uda sasoiak ez dituztenek, geneen adierazpenean ez dute aldaketarik pairatzen? Bai, horietan ere aldaketak ikusi dira: kasu horietan, urtaro lehor eta hezeari doitzen zaizkio behatutako aldaketak.

Ikerketa horrek argi erakusten du, oraindik ere, gauza asko ulertzeko falta zaizkigula eta agian hemendik aurrera gaixo kronikoen tratamenduan medikuntzak urtaroak kontuan eduki beharko dituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.