Ander Perez / 2015-09-15 / 782 hitz
‘Hiri hondakin solidoak’ lana aurkeztu du Jon Alonsok. Beste kritika batzuen artean, euskararen gehiegizko arautzearen inguruko gogoeta jaso du. ‘Lanbas’ pertsonaia da, berriz ere, protagonista.
Literaturaren orrietara itzuli da Enekoitz Ramirez Lanbas etakide ohi, preso ohi, arte salerosle ohi eta lapur ohia. Atzo aurkeztu zuen Jon Alonsok Hiri hondakin solidoak azken eleberria, Txalapartarekin argitaratua, eta Lanbas protagonistatzat duen hirugarrena. Eta bildutako kazetari eta lagunen aurrean, «alegatu txiki» baten berri emateko baliatu zuen idazleak Iruñeko Karrikiri dendako aurkezpena. Euskal kultur sistemaren eta, bereziki, euskararen gehiegizko arautze eta formalismoaren aurkako kritika plazaratu zuen, eta, trukean, proposamen bat egin: «Arriskatzeko garaia iritsi da».
«Sortzaileak biziki mespretxatzen dituen gizarte batean bizi gara», hasi zen idazle iruindarra. «Mespretxu sakona» da hori, «salbu eta Madrilek kalitate labela ematen badizu. Orduan bai, hori lortzen duen sortzailea beste kategoria batera pasatuko da».
Ez da kasua, eta, horregatik, «izkiriatzaile euskaldunak munduan indarrean den eskema horretatik aparte ez» daudela uste du Alonsok: «Literatura subalterno baten partaide gara, benetan balio duen kalitate labela nori eman ez duelako gure literaturak erabakitzen, kanpokoak baizik». Eta, halere, euskarazko sorkuntzak «ezaugarri bereziak» dituela uste du idazleak. «Adibidez, liburu bat aurkeztu eta hurrengo egunean hedabideek egiten dizuten sekulako jarraipena. Ni bihar [gaur] mendira joango naiz, ez dudalako nahi izango nire argazkiak eta kazetariek idatzitakoak ikusi, lotsatzen naizelako. Hori espezifikoa da. Zergatik gertatzen da hori? Bada orain arte hemen behar handia izan dugulako existitzen garela eta hemen gaudela esateko». Bide beretik jarraitu zuen idazleak: «Nik, bihar ez bada etzi, nire auzokoari esplikatu beharko diot bigarren bizitza ezkutua dudala eta liburuak egiten ditudala. Gainera, batzuetan erretxinduko dira halako bigarren bizitza bat edukita ez diedalako horren berririk eman. Tira, bukatuko da aurkezpenaren istorio hau, eta gure egiazko dimentsiora itzuliko gara berriz ere».
Egiazko dimentsio horretan, Alonsoren esanetan, «euskarazko sortzaileak euskal gizarteko azkeneko pariak» dira. Edonola, ez dabil liburu bat edo bestea irakurri nahi ez duenaren kontra, argi dioenez. «Nik ulertzen dut norbaitek esaten badit nire liburua ez duela irakurri nahi eta ez duela inongo interesik. Hori oso logikoa eta onargarria da. Horren logiko eta onargarria iruditzen ez zaidana da, gaur egun, ehunka idazle, proposamen eta estilo daudenean, hainbat jendek ez topatzea bere gustukoa izan daitekeenik».
Erabili ohi den hizkuntzaren nolakotasuna dago, Alonsoren ustez, arazoaren oinarrian. Eta horretaz mintzatzeko, Joseba Sarrionaindiak Moroak gara behelaino artean? liburuan idatzitako pasartea gogoratu zuen atzo: «Ortografia, gramatika eta jakinaren gainekoak amaitzen diren puntuan hasten da hizkuntzaren literaturtasuna». Horregatik, abiapuntu horri helduta, euskararen gehiegizko arautze eta formalitatea, hots, garbizaletasuna, bukatzeko deia egin zuen Alonsok; «arriskatzeko» deia egin zuen, azken batean: «Araua beharrezkoa zen, eta, Sarrionaindiak dioen bezala, bada funtzionario eta itzultzaile gorte oso bat araua gordetzeaz eta betearazteaz arduratzen dena». Baina, horren aurrean, «arauari eta formari begira hainbeste ez egoteko ordua heldu» dela uste du Alonsok.
Izan ere, «beharrezkoa zen araua, eskerrik asko bene-benetan, baina txipa aldatzeko garaia heldu da. Hondarrean kasik h guztiak bere tokian ipintzen ditugu, ezta?» Hala, «beste gauza batzuei begiratzeko eta adieraziaren eta adierazlearen arteko desorekarekin jolasteko» ordua dela uste du Alonsok. Badu gehiago Iruñeko idazleak ere: «Euskaraz arautua dago Anatoliako toponimia edo zirilikoaren transkripzioa nola idatzi. Nik ez dut esaten hori beharrezkoa ez denik, baina, geure buruari begiratuz, hori al da gehien behar duguna? Gure lehentasuna ez da hori, baina hartara doaz ahalegin ekonomiko eta intelektualak, eta beste aldetik meriendaren truke etortzen garen inuzenteak gaude».
«Zergatik hau guztia?», galdetu zuen Alonsok bere alegatua behin irakurrita. Eta bere buruari erantzun zion: «Liburuan kontatzen den anekdotaren parte batek horrekin duelako zerikusia». Anekdota batetik harago, liburuko kontakizun nagusiaren sakonean ageri den kritika da atzo azaldutakoa. Alegatua, beraz, eleberrira eraman du idazleak.
Ongi «beratutako» liburua
Euskal Herrian eta Bartzelonan girotua dago Hiri hondakin solidoak eleberria. Lehen zatian, Euskaltzaindian jasotako mehatxuak ikertzen jarri du idazleak Lanbas protagonista. Bigarrenean, euskaltzain osoa izango denaren gorpu biluzia agertuko da Bartzelonako edukiontzi batean, eta gertakari horrek egituratuko du eleberriaren ildoa. Horren baitan jaso dira Alonsoren hausnarketak ere.
Hizkuntza eta kulturarena ez da, edonola, Alonsoren liburuak tramaren sakonean jaso duen kritika bakarra. Mikel Soto Txalapartako editoreak lagunduta aurkeztu zuen atzo idazleak eleberria, eta, Sotok esan zuenez, «nobela beltz klasikoa» da Hiri hondakin solidoak, eta, beraz, «gizartearekiko ikuspegi kritikoa»jasotzen du bere barruan. Hala, Lanbas-i «behin eta berriro agertzen zaio ikuspegi kritikoa».
Ongi «beratutako» liburua da Alonsorena, Sotok dioenez: «Liburu hau beratzen uzteko aukera izan dugu, hainbat irakurketa egin ditugu, eta buelta asko eman dizkiogu zer jarri eta zer kendu pentsatzeko». Hori gutxi balitz bezala, eta azken mekanismo gisara, Koldo Almandoz zinema zuzendariari —«Enekoitz Ramirez Lanbas-en zalea denari»— bidali zioten lanaren kopia bat, iritzia eman zezan. Finean, «editore bat irakurle kabroi bat besterik ez da», Sotoren ustez, eta «editore kabroi bat izateko aukera eman» diote Almandozi ere.
Gustura geratu da editorea Alonsoren lanarekin. Bereziki, «hasiera ikusgarria» duela uste du Sotok. Eta «marketin formula» dirudiela badakien arren, argi mintzo da: «Uste dut Alonsoren aurreko obrarekin gozatu zuenak are gehiago gozatuko duela orain. Jendeak gozatua hartuko du lan honekin».