Maite Asensio Lozano / 2015-10-08 / 887 hitz
Ikusezinak dira gizartearentzat, baina agerikoak sektorean: gehiegikeria gehien jasaten duen lanbideetako bat da etxeko langile eta zaintzaileena. Feminizatutako lan esparrua da, emakumeentzat «naturalak» direlakoan eginbeharrok, eta balio sozial txikia ematen zaienez, baldintza prekarioak dituzte, atzerritarrek batik bat: kontraturik gabe aritzen dira sarri, lanaldi luzeak egiten —atseden egunik gabe, etxean bertan bizi direnen kasuan—; oso soldata baxuak dituzte; ez dizkiete funtzioak zehazten, eta askotan lanak eransten dizkiete; abusu arrazista eta sexistak pairatzen dituzte maiz… Argi dago eremu horretan esplotazio egoerak badaudela, baina emakumerik salerosten al da horretarako? Baietz uste du Laura Salesek (Bartzelona, 1974), Surt Fundazioko ikertzaileak: «Zenbait eragilek xehetasun handiz deskribatu dituzte sektorean detektatutako salerosketa kasuak».
Salerosketa moldeen artean, andreak etxeko eta zaintza lanetan esplotatzea helburu duena ez da ohikoena. Salesek onartu du eragile batzuek zalantzan jarri dutela egiaz halakorik dagoenik, «errentagarria» ez delakoan, edo lan baldintza prekarioak «onartuta» daudelako eta, beraz, andreen aurkako hertsatzea edo indarkeria erabili behar ez dutelakoan. «Baina, gure ustez, salerosketa kasuak antzemateko gaitasun ezari erantzuten diote duda horiek», argitu du Salesek.
Egia da, ordea, zigor epairik ez dagoela fundazioak aztertutako lurraldeetan: Espainia, Hego Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizia. «Oso kasu gutxi ikertu dira». Espainiako Fiskaltza Nagusiaren 2013ko txostenean agertu zen delitua lehen aldiz: urte hartan, pertsonen salerosketarekin lotutako 325 ohartarazpenen berri jaso zuten, eta 146 diligentzia abiatu zituzten, gehienak (129) sexu esplotazioaren arlokoak; soilik 11 diligentziatan ageri zen lan esplotazioa, eta haietako bakarra zen etxeko lanen esparrukoa —gehiago izan ziren eskale aritzeko salerositakoei buruzko auziak: sei—. «Horrek ez du esan nahi halako kasurik ez dagoenik, baizik eta ikusezinagoak direla».
Fiskaltzak 2013an zabaldutako diligentzia bakar hartan Paraguaiko hiru emakume ziren biktima. Auziak pertsonen salerosketaren ohiko faseak bete zituen: sorterrian atzeman zituzten, gezurrak baliatuz, enplegu duinak hitzemanez; ondoren, hegazkinez garraiatu zituzten. Helmugara heltzean, ordea, dokumentazioa kendu zieten, eta mehatxupean izan zituzten, bidaian hartutako zorra ordaindu arte: duintasunik gabeko baldintzetan egiten zuten lan, ez zuten soldatarik jasotzen… Argi du Salesek: «Fiskaltzara heldutako kasuetan muturreko egoeretan izan zituzten emakumeak. Izozmendiaren punta dira: badaude gehiago».
Egoera ahulean dauden andrazkoak bilatzen dituzte salerosketa sareek, Salesek salatu dutenez: «Probestu egiten dute oso gune pobretuetan bizi direla, eta esplotazioa edo indarkeria jasan izan dutela hona heldu aurretik ere». Baina sareok ez daude soilik haien jaioterrietan: helmuga gisa dituzten hirietan ere kideak dituzte. Ildo horretan, etxeko langileentzako enplegu agentzien rolaz ohartarazi du: «Jakina da agentzia batzuek biktimak errekrutatzen dituztela: lan kontuak kudeatzeaz gain, bidaiak ere eskaintzen dizkiete. Halakoak ikertzen ari da Fiskaltza. Eragileek aipatutako kasuetan, agentzien jarduera batzuk esplotazioaren konplize gisa uler daitezke: dokumentuak atxikitzea, zorra ordaintzeko mirabe aritzea…».
‘Modus operandi’ berezia
Edonola ere, Salesek aitortu du zaila suertatzen ari dela ezagutzen diren kasu apurretan «patroi komun» bat aurkitzea. Abiapuntuan ere badira arazoak, kasuok antzematea eta ikertzea ez baita erraza. Pertsonen salerosketarako sareak ikertzea konplexua da berez, baina zailtasun bat eransten zaie halako kasuei: «Badirudi modus operandi berezi bat dutela: ez dago sare handirik, banaka errekrutatzen dituztelako». Surt Fundazioaren ikerketan parte hartu duten eragileek berretsi dutenez, etxe zerbitzuetan aritzeko salerositako emakume zenbaitek lagunen edo senideen bidez izan zuten lan eskaintzaren berri. «Gainera, biktimak atzeman, garraiatu eta esplotatzen dituztenak ez dira beti pertsona berdinak. Horrek detekzioa zailtzen du», erantsi du Salesek.
Horretaz gain, esplotazio egoerak etxe barruan kokatzeak ere ez du laguntzen: emakumeak kalera atera ezinda izaten dituzte, mugitzeko askatasunik ia gabe. «Etxebizitzaren urraezintasun printzipioak enplegatzaileen zigorgabetasuna babesten du: oso zaila da lan ikuskaritzak etxe batera sartzea lortzea; jabearen baimena behar du», gogoratu du ikertzaileak. Dena den, erantsi du badaudela informazioa lortzeko beste modu batzuk: «Etxeko atarian, adibidez; Bartzelonan hala jardun dira. Lan ikuskaritzak nabarmen hobetu behar du bere egitekoa».
Ezkutuko ekonomian
Zailtasunak, halere, esparru orokor batean kokatu ditu: sektorearen lan baldintzetan. Espainiako Gobernuak 2011n txertatu zituen beharginok lan erregimen orokorrean —ordura arte erregimen berezia zuten—, baina ez zizkien gainerako langileen eskubide berak aitortu; besteak beste, ez dute langabezia saria jasotzeko eskubiderik. «Legeak berak diskriminazio egoeran jartzen ditu etxeko langileak, eta horrek sozialki legitimatzen du esplotazioa».
Beste oztopo bat erantsi dio: ezkutuko ekonomia. «Etxeko langileen eskubide gabeziarekiko tolerantzia hori lotuta dago etxeko lanez gizarteak duen ideiarekin: baliorik gabeko jarduera da, andreek ordaindu gabe egin izan dutena, gure erantzukizun soziala balitz bezala. Hortaz, nola negozia daitezke lan baldintza batzuk, abiapuntua baldin bada zaintza lanak emakumeen ardura direla? Emakume migratuek, gainera, diskriminazio anitzak jasaten dituzte: ez daude negoziatzeko posizio egokienean».
Baina lan baldintza txarretatik urrats bat harago doa salerosketa: «Ez gara ari prekarietateaz, baizik eta lan behartuaz, esplotazio larriaz eta duintasunik gabeko bizi baldintzez». Salesek onartu du, halere, sarri zaila dela prekarietatearen eta esplotazioaren arteko mugak ezartzea. Eta nabarmendu du badirela beste abusu batzuk, salerosketaren definizioan sartzen ez diren arren, antzeko ondorioak dituztenak. Mirabe ezkontzei buruz mintzatu da: «Ustezko bikote harreman baten bidez erakartzen dituzte biktimak, baina esklabo bihurtzen dira, etxeko lanak egiteko eta sexu harremanak izateko». Esanguratsua iruditzen zaio bi fenomenoak lotzea: «Batetik, etxeko lanetako esplotazioa merkatuan zein merkatutik kanpo gertatzen dela ikusarazteko. Eta bestetik, etxeko lanetako esplotazioa indarkeria matxistarekin lotzeko: zergatik hartzen dugu sexu esplotaziorako salerosketa indarkeria matxista gisara, eta etxeko lanetan esplotatzeko salerosketa ez?».