Urte ugari daramatza lanean Jose Antonio Alberrok (Donostia, 1955) bularreko patologien arloan. Espezialista entzutetsua da, eta alorreko beste aditu askoren gidaria, Onkologikoko zuzendari medikoa baita. Gaixotasunaren inguruko hainbat uste okerren gaineko argibideak ematea garrantzitsua dela iruditzen zaio.
Kimioterapiarekin lotzen da, sarri, minbiziaren aurkako tratamendua. Lotura zuzena al da? Bularreko zenbat minbizi tratatzen dituzue era horretan?
Gero eta gutxiago tratatzen ditugu kimioterapiaren bidez; gero eta lehenago atzematen ditugu kasuak, eta, ondorioz, gero eta tumore txikiagoak aurkitzen ditugu; milimetro batzuetakoak dira askotan, doi-doi ikusteko modukoak. Gainera, gaur egun baditugu testak laguntzen digutenak jakiten zein tumore tratatzeko den egokia kimioterapia. Lehen, horrelakorik ez genuen, eta ia beti erabiltzen genuen kimioterapia. Baina badira tumoreak hormonen bidez trata daitezkeenak, kimioterapiarik erabili gabe. Beraz, bularreko minbizia eta kimioterapia lotuta dauden? Gero eta gutxiago.
Eta kirurgia? Saihetsezinak dira ebakuntzak tumoreak dituzten gaixoak tratatzeko orduan?
Oraindik bularreko minbizia duten gaixo ia denekin erabiltzen dugu kirurgia, baina ez da garai batean bezain erasokorra; garai batean bularrak erauztera jotzen bazen ere, egun bestelako ebakuntzak dira, arinagoak. Gaur egun, gainera, ataka arazotsu batera iritsi gara; baditugu pazienteak kimioterapia edo hormona terapia bidez tratatu eta, ebakuntza egitean, ikusten diegunak gaitza desagertu egin zaiela: guztiz. Baina ebakuntza egin gabe ezin dugu jakin hori. Beraz, pentsatzen ari gara zenbait kasutan saihesteko modukoa izan daitekeela kirurgia. Nik uste dut epe laburrean markatzaileak izango ditugula, tratamenduak egin eta gero bularretan gaitzik geratzen den ikusteko eta, horren arabera, ebakuntzak saihestu ahal izateko.
Eritasuna desagertuta dagoela jakinda ere, ebakuntza eginda lasaiago geratuko dira akaso zenbait paziente, ezta?
Arazo bat dugu minbiziarekin; heriotzarekin lotu da urte askoan, eta kosta egiten da eritasun kroniko bat balitz bezala hartzea. Baina lortzen ari gara gaitz kroniko bat izatea: erdiesten ari gara eriek gaitza kontrolatuta edukitzea, sendatuta, aztarnarik gabe. Baina haren kausari aurre egin gabe, hor jarrai dezake, eta horrek ekar dezake gero berriro ere agertzea. Horregatik, ez gara ausartzen egiten dugun baino tratamendu gutxiago egiten; garai batean baino gutxiago egiten ditugu, baina koldartuta gaude horretan. Eta, jakina, gaixo bat erabat osatuta dagoen frogatzeko erabateko segurtasuna ez dugunez, ebakuntzak egiten jarraitzen dugu.
Minbizia berriz agertzeko arriskua ezin da guztiz saihestu…
Minbizia biziari atxikitako gaixotasun bat da; gure zelulen egituran errotuta dago, kode genetikoan. Ezagutzen ez dugun arrazoiren baten ondorioz, zelula batek kontrola galtzen du: nahi duena egiten hasten da, eta hazi eta hazi egiten da, arrapaladan; hor agertzen da minbizia.
Nola azaldu pazienteei beti mehatxu horrekin bizi beharko dutela? Ulertzen al dute?
Medikuoi ere maiz asko kostatzen zaigu gutxiagorekin gehiago egin dezakegula ulertzea. Gure arloan, esaterako, bularrak erauzteko ebakuntzak egiteari uztea asko kostatu zen, eta oraindik ere badira egokiena bularrak erauztea dela uste duten sendagileak.
Gaitzaren beldur hori eskatzen dizueten emakumeak ere izango dituzue kontsultan, ezta?
Guk inoiz ere ez dugu indikazio hori ematen; badira andreak arrisku handiagoa dutenak, genetikoki, bularreko eta obulutegiko minbizia izateko, baina guk ezin diegu esan, horren ondorioz, bularrak erauzi eta obulutegia kentzeko; hori ez da medikuntza. Erabakia emakumeak hartu behar du, eta, horretarako, informazioa ematea da gure lana; ez da gauza bera, esaterako, 25 urte izatea, edo 40. Umeak izatea, edo ez. Tentuz hartu beharreko erabakia da, har daitekeena, baina ez da tratamendu bat; nahasmendua dago horren inguruan. Minbizia izateko beldurra, gainera, ez du inoiz ebakuntza batek kenduko.
Mamografiak dira egun prebentziorako bidea. Izaten dira positibo faltsuak eta negatibo faltsuak. Arazo askoren iturri dira?
Mamografiak ez dira perfektuak; ez dago deus perfekturik. Ni negatibo faltsuek kezkatzen naute batez ere, ikusten ez diren horiek; gero eta mamografo hobeak ditugu, baina deus ez da perfektua. Positibo faltsuak, berriz, bularrean ikusten diren lesioak dira, gero aztertu eta biopsia bidez frogatzen direnak onberak direla. Biopsiak egiteko sistema arina da egun, baina egia da ez dela egoera samurra pertsona horientzat; biopsia egin behar dute, eta kezkatu egiten dira. Baina gaitz erdi. Geroan espero dira beste metodo batzuk, egokiagoak, errazagoak.