Urruneko titulua gehienen mailarako

Garikoitz Goikoetxea / 2015-10-04 / 1.110 hitz

Euskararen Gaitasun Agiria hizpide da, gainditzen dutenen portzentaje eskasa dela eta: lautik hiruk ez dute lortzen. Batez ere institutuko ikasleak aurkezten dira, eta gehienek ez daukate EGAk eskatu adinako maila. D ereduan bertan, hirutik bat ez da aurreko mailara ere iristen; B ereduan, hirutik bi.

Haserreak sortzen dira maiz. «Batzuek gaizki hartzen dute Ez gai nota jasotzea, argudiatuaz beren ikasketa guztiak euskaraz egin dituztela, ikastaro mordo bat egin dutela, txikitatik euskaldun direla, eta abar». EGA Euskararen Gaitasun Agiriko arduradunek egindako oharra da, probari buruzko liburukian jasoa. «Frustrazioa» aipatu du PSE-EEk, titulurik gabe geratzeak hori eragiten diela milaka laguni. Gazteak dira gehienak, ikasleak, euskaraz eskolatuak. «Baina EGA ez da merezimenduagatik ematen den agiri bat, ez du inoren euskalduntasuna edo euskalduntasunik eza frogatzen…», jarraitu dute EGAko buruek. Lautik batek lortzen du titulua. «EGA suspenditzeak ez du adierazten azterketariak euskararik ez dakienik, baizik eta C1 mailako parametroetara ez dela heldu». Gaur egungo gazte gehienentzat, maila handiegia da hori.

Udan, informazio lehortea hasi zen garaian jarri zuen gaia mahai gainean Isabel Zelaa PSEko legebiltzarkideak. EGAra aurkeztutakoen laurdenek bakarrik lortzen dutela titulua. Ez da berria. Azken urteetan bertsua izan da portzentajea, baita Zelaa bera Hezkuntza sailburu zenean ere. Eusko Legebiltzarrera helduko da gaia orain. Batzorde bat sortzeko eskatu dute sozialistek, arazoa zein den ikusteko; iradoki dute proba ereduan dagoela akatsa. Zuzenketetan, EAJk proposatu du oraingo probak aztertzea adituen laguntzaz; ikasleen euskara maila zein den ebaluatzeko eskatu du EH Bilduk.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egiten du EGA Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak. Eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, EEP Euskararen Erakunde Publikoak, unibertsitateekin batera. Titulua lortzen dutenen portzentajean badaude aldeak: Nafarroan ere lautik batek lortzen du; Iparraldean, hamarretik seik —130 bat lagun aurkezten dira—.

Azterketara joaten direnen mailak zerikusi zuzena du emaitzan, dudarik ez da. Baldintza bakarra dago proba egiteko: 17 urte edukitzea edo urte horretan betetzea. Derrigorrezko hezkuntza bukatu berritan, gazte sailak joaten dira EGA eskuratzera. Gehienak titulurik gabe bueltatzen dira.

Ikerketa esanguratsua

Zein da gazte horien euskara maila? Ikerketa gutxi dira Europako Erreferentzia Marko Bateratuari jarraituz eginak. Hizkuntza mailak zehazten ditu marko horrek; seitik bosgarren mailan dago EGA. Orain hamar urte, Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburu zela, egin zuten ikerketa bat ikasleen euskara mailari buruz, Europako markoa aintzat hartuta. EGA baino maila bat baxuagokoa hartu zuten eredutzat, B2 maila. Hara: D ereduko ikasleen %68 iritsi ziren maila horretara, eta B eredukoen %33 —A ereduan ez zuten egin ere egin, ez direlako maila horretara iristen—.

Zeresan handia jarri zuen ikerketak, lehen aldia baitzen euskara maila era konparagarrian aztertzen zutena. Eta emaitza hau zen: guztia euskaraz ikasita, hirutik bat ez zen iritsi B2 mailara —ingelesezko First tituluaren parekoa da—; erdia euskaraz eginda, hirutik bik ez zuten maila eman; eta euskara ikasgai modura bakarrik edukita, inork ere ez. Ohar bat egin du Francisco Luna ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeko ikertzaileak: «Ikasturte hasieran egin ziren probak, prestatu gabe. Emaitzak hobeak izango ziren prestatu izan balituzte».

Hizkuntza ereduei buruz eztabaida handia sortu zen. Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente zen Lontxo Oihartzabal garai hartan —EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izana da—. «Emaitzek ez ninduten harritu». Euskararen egoera aintzat hartu behar dela ohartarazi du. «Beste hizkuntzetan, etxeko hizkuntza lantzen dute eskolan. Euskaraz, ez. Eskolatik kanpo, inguru eta familia erdaldunak dituzte ikasle askok». Eskolari ezin zaiola miraririk eskatu, alegia. Eztabaida sortu zen hizkuntza ereduei buruz, aldaketa zantzuak ere bai, baina berrikuntzak, gutxi. «Ordutik ez da egin gauza handirik».

B2, «erabaki teknikoa»

Oinarritzat bi maila hartu zituzten derrigorrezko irakats-aldian: Lehen Hezkuntzan, B1, eta DBHn, B2. Lunaren esanetan, erabaki tekniko bat izan zen. Lantaldeak sortu zituzten mailak zehazteko. «Teknikoki ez da posible eta egoki beste maila batzuk ezartzea. Lehen Hezkuntzan oso zaila da gaitasunak lortzea hizkuntza horretan B1 baino maila baxuagoa izanda. DBHn, berdin, B2 baino baxuagoarekin». Hezkuntza Sailak curriculumean zehaztu zuen irakats-aldi bakoitzean zer maila lortu behar zen euskaraz eta gaztelaniaz —bietan maila berbera—. Batxilergorako ere jarri zuen helburua: C1 maila, EGAren parekoa.

Argigarri da orduko hemeroteka oraingo egoera ulertzeko. Tontxu Campos sailburuari gutun bat bidali zion Zelaak, esanez erabaki okerra zela B2 maila exijitzea oinarrizko hezkuntza bukatzean, 16 urterekin. «Errealitatea alboratzea da hori, eta eskola porrotean igoera nabaria eragingo luke». Handik urtebetera aurkez daitezke EGAra. Maila bat gorago dago. Eta gehienek proba ez gainditzea «porrota» dela salatu du Zelaak.

Gobernura iristean, sozialistek ezabatu egin zuten irakats-maila bakoitzean lortu beharreko hizkuntza mailari buruzko zehaztapena. Orain ere zehaztu gabe segituko du, Heziberriko curriculumetan ez baitute aipatu. Euskaraz eta gaztelaniaz «komunikatzeko gaitasun praktikoa eta eraginkorra» izan beharko dute ikasleek. Ez dute argitu zer maila den hori. Soilik azaldu dute «ikaslearen eta inguruaren egoera soziolinguistikoak» ere eragingo duela mailan.

Ildo horren bidetik jo du Oihartzabalek. «Izen bera edukiko du D ereduak Balmasedan eta Azpeitian, baina egoera ezberdina da». Gutxienekoak zehaztearen alde agertu da, ikasleek gutxienez zein maila lortu behar duten adieraztearen alde, «norabidea ezartzeko». Ohar batekin: «Horrek ez du esan nahi gehiago egin litekeen tokietan hor geratu behar denik».

Diagnostikoei begira

Lunak azaldu du erreferentzia gisa B2 maila hartzen segitzen dutela ISEIren ebaluazio diagnostikoetan. Emaitzak ezin dira zuzenean alderatu orain hamar urteko ikerketarekin, bi desberdintasun baitaude: bi urte lehenago egiten dute azterketa —DBHko bigarren mailan—, eta emaitzak hiru eskalatan datoz —hasierako maila, erdikoa eta aurreratua—. «Hala ere, ISEI barruan badugu hipotesi bat: DBHko bigarren kurtsoan hasierako mailan ageri denak zail du DBH amaitzean B2 maila izatea».

Kopuruei erreparatzen bazaie, 14 urteko ikasleen %37 daude hasierako mailan euskaraz. Ereduka: A ereduan, %87; B ereduan, %48; eta D ereduan, %26. Euskara maila kaskarreko ikasleak dira, eta zailtasunak dituzte horregatik. «Gaztelaniaz ere gertatzen da: maila txarra badu, zailtasun handiagoak, hizkuntza gaitasuna oinarria baita irakaskuntzan. Horren arabera ikasten da», azaldu du Lunak. EAEko Eskola Kontseiluak ohartarazia du ikasleen euskara mailak zerikusia duela emaitza orokorretan, ikasgai guztietan. Euskarak indar handiena duen eskualdeetan hobeak dira emaitzak: Urola Kostan, Tolosaldean, Lea Artibain… Euskara ahulago dagoen eskualde batzuetan, aldiz, emaitza orokorrak ere kaskarragoak dira: Bizkaiko Enkarterrin eta Barakaldo aldean, Arabako eskualde gehienetan…

Bada aintzat hartzeko moduko diferentzia bat, euskara mailaren adierazle izan daitekeena. Ikastetxeetako espedienteak aztertzen badira, gaindituen portzentajerik handiena du irakasgai gogorren artean, batez ere Batxilergoan —%93k gainditzen dute—. Ebaluazio diagnostikoetan, berriz, ez dago goian: emaitza txar gehienak euskara probetan izaten dira.

EGA, beste maila batean

Beste koska batean dago EGA, gorago. «C1 mailakoa da, eta heldutasuna eskatzen du», ohartarazi du Lunak. Jaurlaritzak Batxilergoko helburutzat jarri zuen, baina ISEIko kideak ez du argi. «Zailagoa da planteamendua». Haren esanetan, hizkuntza maila bakarrik ez da giltzarria EGAn. «Iritziak ematea eskatzen da, eta proba batzuetan gertatu da azterketa egiten ari dena gai ez izatea ezer ez esateko. C1ean, gaitasun linguistikoak erabiltzeko gai izan behar dute, eta adin batzuetan munduaren ezagutza gutxi daukate».

Gauzak bere tokian jarri behar direla uste du Oihartzabalek: «D eredutik ateratzen diren guztiek pentsatzen dute EGA ateratzeko gai direla, baina bertaratzen direnean konturatzen dira ezinezkoa dela». Baina uste du hori ez dela bakarrik euskararekin gertatzen. «Andaluzian egingo bagenu maila bereko azterketa gaztelaniaz?». Sei mailatik bosgarrena da EGA, eta proba zorrotza, beraz. «Zentzuz jokatu behar da: hizkuntza maila horiek ezin diezazkiekegu eskatu maila guztietako ikasleei».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.