Erronkari Gaztaren Jatorrizko Deitura Babestuaren inguruko komunikazio kanpainaren egilea Labrit Multimedia enpresa iruindarra da.
Ardi latxaren esneaz eta Erronkariko bailara osatzen duten zazpi herrietan soilik egin eta ondu behar duen berezko gazta da kanpaina honen bidez ezagutzera ematen digutena. Kanpaina honen ardatza da bideo labur bat non bertako paisaia ikusgarriak, hizkuntza –Erronkariko uskara-, ohiturak eta jendea ageri diren. Bideoaren euskarazko bertsioa Erronkariko Uskaraz egina da. Bailara horretako bizilagunak dira pasa den urrian Belagua, Erronkari, Burgi eta Izaban grabatutako iragarkiaren protagonistak.
Kanpainaren aurkezpena gaur goizean egin da Kontseilu Erregulatzailearen egoitzan eta bertan izan dira: Patxi Zalba, Jatorrizko Izendapenaren zuzendaria, Isabel Elizalde, Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazio Departamentuko kontseilaria eta Gaizka Aranguren, komunikazio kanpainaren arduradun eta Labrit Multimedia enpresako kidea.
Isabel Elizalde kontseilariak adierazi duenez “Gazta, babestutako jatorrizko beste produktu batzuen modura, prezio ona duen kalitatezko produktua da. Sustatu ahal izateko, hau da eroslearen gogoan kokatzeko, haren historia kontatzea falta zitzaigun, gaztaren atzean zer dagoen: pertsonak, zaindutako paisaiak, gure mendi eta basamortuetara egokitutako arrazak, egiteko moduak. Uste dut kanpaina honek ongi irudikatzen duela hori guztia.”
Bere aldetik, Patxi Zalba, Jatorrizko Izendapenaren Presidenteak nabarmendu duenez “Kontseilu Erregulatzailearen lana gaztaren elaborazioa babestea eta kontrolatzea da. Gazta honek sekulako ospea du eta Espainiako Gazten Jatorrizko Izendapena jaso zuen lehenengoa izan da. Gainera, produktu honek Reyno Gourmet markaren babesa du, Nafarroako kalitatezko zertifikazioa duten nekazaritzako elikagaien erreferentziazko zigilua, hain zuzen ere.”
Azkenik, Gaizka Arangurenek zera azpimarratu du: “kanpainan tipo eta estereotipoekin jokatu dugu; Erronkari ibarraren imaginarioarekin, bertako herritarren izaerarekin, artzaintzaren milurteko presentziarekin eta luxuzko erreferente batekin: Erronkariko uskara. Iragarkiaren bi bertsio egin dira, bata Erronkariko uskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta irratietan emateko audioa ere prestatu da.”
Erronkari Gaztaren ezaugarriak
Kanpainaren egileek nabarmendu duten bezala: “Erronkari, kokapen pribilegiatua Nafarroako natur ingurune pribilegiatu batean kokatutako Erronkari bailarak milaka urte dituen altxor gastronomiko bat gordetzen du, bere zapore eta kalitateagatik nabarmentzen den produktua: Erronkari Gazta. Zazpi Udalerrien mankomunitatea Uztarroz, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgi herriek osatzen dute. Mendi altuz inguratutako paraje esklusibo honetan egiten da Erronkari Gazta, Nafarroako latxa ardien esneaz egiten dena. Erronkari Gazta Erronkari Gazta lehenengoa izan zen Espainiako Gazten Jatorrizko Deitura lortzen 1981ean. Erronkari gazta zilindrikoa da, azal lodi samarrekoa, trinkoa eta ebakitzerakoan erraz hausten dena, itxia baina zulo txiki erregularrez josia. Boliaren antzeko kolore zuri-horixka du eta zapore sendoa, nabarmena, min samarra, oso berezia eta gurintsua. Esnea, gatzagia eta gatza ditu osagai bakarrak. Beraz, inoiz ez ditu galdu berezko zaporea eta aroma.”
Kontseilu Erregulatzailea eta INTIA – Zertifikazioa Deituraren Erregelamenduan eskatzen diren baldintzak bete daitezen arduratzen dira eta, hortaz, esnea produkzio zonaldearen baitan diren ganadutegietatik ateratzen dela ziurtatzen dute; gazta Erronkari Ibarreko gaztandegietan egin, ondu eta kontserbatzen da eta azken produktuari analisi fisiko-kimiko eta organoleptiko egokiak egiten zaizkio kalitatea bermatu ahal izateko.
Erronkari Gazta Izendapena osatzen duten enpresak:
EKIA, DELICIA DEL PIRINEO / Bodegas y Destilerías Uztarrotze S.L.
LA BORDA DEL PASTOR / Hualde Ituarte, M.G. y Marco Garcés J.M.
LARRA, EL PASTOR RONCALES, PUENTE DEL ESCA, UKERDI, BERTAKO-UKERDI, DON
RAMON, SELEQTIA-PUENTE DEL ESCA / Quesos Larra S.L.
RONKARI, EL ALMADIERO / Enaquesa