Ane Urrutikoetxea / 2015-11-18 / 188 hitz
Euskal dantzaren ezagutza zabal eta zientifikoena lortzea, tradizioaren transmisioan jarraitutasuna bermatzea, ikerketa eta sorkuntza lana egitea eta elkarlana bultzatzea aitortu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Juan Antonio Urbeltzi (Iruñea, 1940). Gipuzkoako Urrezko Dominarekin saritu dute Argia dantza taldeko zuzendaria, baita harekin betidanik elkarlanean aritu den Marian Arregi ere.
Dantzaren bidez euskal komunitatea kohesionatu eta bideratzen laguntzeagatik saritu dute Urbeltz, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasaren esanetan: «Dantza tradizionalaren esparruan modu serio eta sakonean sormenaren bideari ekin dio Urbeltzek, hutsalkeria eta erromantizismo zaharkituetan erori gabe». Aldundiko bozeramailearen arabera, sariaren bitartez, euskal dantzaren sektore osoak Gipuzkoako gizarte modernoan duen garrantziaren «aitortza instituzionala» egin nahi izan dute. Abendu erdialdera emango diote saria.
Urbeltz 1958an hasi zen Goizaldi dantza taldean; ondoren, 1966an, Argia izenarekin bataiatu zuten. Musika eta dantza tradizionala eta folklorea landu ditu urte luzez, eta 1988tik hona Ikerfolk elkartea zuzendu du. 1985ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari izendatu zuten. Halaber, dantza eta musikaren inguruan dozena bat liburu argitaratu ditu.
Axuri beltza dantza berreskuratzea izan da Urbeltzen ekarpenik aipagarrienetako bat. Horrekin batera, bereak dira Benito Lertxundik abestutako Baldorba, baita Urrundik heldu naiz, Joan zinen eta Zuberoa II abestien hitzak.