Postontziari zirrikitu bila

Ander Gartzia Badiola / 2015-11-01 / 857 hitz

Ohar bat pasatu zioten joan den astean Jasone Betanzosi. Aurrerantzean karrotxo berri batek egingo dio lagun bere ibilbidean. Postaria da Betanzos, eta goizero Bilboko Uretamendi auzora igotzen da, autobusez, eta gero handik oinez jaitsi Errekaldera. Sei bat kilometro egunean. Karrotxo berria ere horia da, baina, orain arte erabiltzen zituztenen aldean, poltsa handi bat du aurrean eta beste bat atzean. Ez daude eskutitzez beteak; paketeak eramateko dira.

Jendeak eskuz idazteari utzi baitio. Garai bateko maitale eta lagunen arteko kartak desagertuz joan dira, eta gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da bankuetako ordainagiriak eta abisuak ere posta elektronikoz jasotzea.

Jaitsiera hori ikusirik, halabeharrez, posta zerbitzuak garai berrietara egokitu behar izan dira. Adibidez, Kanadako posta zerbitzu publikoak etxeetan korrespondentzia banatzeari utziko dio progresiboki datozen bost urteetan. Ameriketako Estatu Batuetan droneen erabilera komertziala legez kanpokoa bada ere, enpresek baimen bereziak lor ditzakete makinekin frogak egin ahal izateko. Amazon eta Google izan dira gisa horretako probak egin dituzten aurrenekoak. Azkena, aste honetan bertan, Walmart enpresa erraldoia. Halere, gaur egun oraindik zaila dirudi robot hegalariek postariak ordezka ditzaketenik. «Halakorik ez da gertatuko 2080ra arte, gutxienez», Betanzosek kalkulatu duenez.

Azken zazpi urteetan Correosek 16.000 lanpostu inguru murriztu ditu Espainian. Lautik bat. Bilbon ere proportzioa antzekoa da. Casillako bulegoan 45 lagunek egiten zuten lan eta azken urteetan hamaika lanpostu deuseztatu dituztela azaldu du Betanzosek. Pribatizazioaren mamua dantzan dabil. Horrela dio Josu De la Tajada ELAko ordezkariak. «Gero eta funtzionario gutxiago gaude Correosen. Ez dute inor gehiago funtzionario egingo, eta desagertzen ari gara. Kezka hori badugu». Kanpotik datozen berriek ez dizkiote barrenak lasaitzen. Erresuma Batuak Royal Mailen pribatizazioa amaitu berri du, ia 500 urtez zerbitzu publikoa eman eta gero. Aste honetan Erroman Poste Italiane burtsaratu dute. Ipar Euskal Herria zerbitzatzen duen La Poste ere berregituraketa fasean dago: datozen hiru urteetan eskutitzen kopurua %6 jaitsiko da urtero, eta epe horretan 1.800 milioi euroko galerak izango ditu Frantziako posta zerbitzuak. Parisek neurriak hartu ditu, eta bulegoak ixten ari da dirua aurrezteko. Lapurdin bertan, hilaren 17an Hendaiako banaketa zentroa itxiko dute eta postariak Azkaineko bulegora bidaliko dituzte.

Espainian ere datuak kezkagarriak dira. Azken zazpi urteetan bidalketak %40 jaitsi dira, horrek dakarren diru sarreren galerarekin. Halere, SEPI enpresa publikoen taldeko presidente Ramon Aguirrek jakinarazi duenez, Correosi orain arte zeukan zor osoa —518 milioi euro— kendu diote, eta zorrik gabe hasi du finantza urtea.

Eraberritu beharra

Postarien ogibidea arriskuan sumatu ez arren, Betanzosek gako nagusietako bat eman du: «Ezin baditugu eskutitzak banatu, beste zerbait egin beharko dugu». Dagoeneko, antzeman du aldaketa. Azkenaldian Burger King katearen panfletoak sartzen ibili da Uretamendiko postontzietan. «Gisa horretako kontratuak sinatzen ditu orain Correosek».

Herri txiki batean egin duten probaren berri eman du Betanzosek. Etxez etxe korrespondentzia banatzeaz gain, hango postaria adineko jendea kontrolatzen ibili da. «’Kaixo, postaria naiz. Zer moduz? Ezer behar duzu?’ Zerrenda oso bat zeraman, adineko jende guztiaren izen-abizenekin. «Gizarte langile baten lana egin behar izan zuen».

Hala, postariek auzoaz duten ezagutzaz baliatu nahi dute. Betanzosek, esaterako, kalean gutun gehiago banatzen ditu etxeetan baino, maiz gurutzatzen baita erosketak egitera edo paseatzera irteten den jendearekin. «’Nola dakizu nire izena?’ galdetzen didate askok. Urte asko dira, eta azkenerako buruz ikasten dituzu». Duela urte batetik PDA deituriko makinak erabiltzen dituzte Correoseko postariek. Horietan korrespondentzia jasotzen dutenen datu guztiak erregistratzen dituzte. Izen-abizenak, NAN zenbakia, sinadura… «Eta gaur egun lanbidea ere bai! Kapital zuritzearen kontrako neurriak omen dira. Horretaz ere ni arduratu behar al naiz?». Kexa adierazteko kopeta zimurtu du Betanzosek.

Berruecosek 33 urte daramatza Correosen lanean. Urgentziazko Banaketak unitateko langilea da. Betanzosek bezala, auzoko bizilagun gehienak ezagutzen ditu. «Martxa honetan aseguru saltzaileak ordezkatuko ditugu. Nik uste katastroak egiten ere bukatuko dugula», dio barre artean. Irribarrearen atzean, baina, etsipena gordetzen du. Ez du etorkizuna horren argi ikusten. Halere, inork baino hobeto daki garai berrietara egokitzeko gero eta pakete gehiago banatu beharko dituztela. «Horri esker eusten dio gure unitateak». Gutunen agorraldiaren ostean, paketeen boom-a etorri da. Astelehenero irudi bera errepikatzen da Correosek Bilbon duen egoitzan: korridoreak paketez gainezka. Horietako asko Txinatik igorriak. «Langileok saltoka ibili behar izaten dugu, hanka puntetan».

Abandoko egoitza nagusitik ehun metrora DHL banatzaile enpresa bulego bat zabaltzekotan da. Hatzaz erakutsi du Josu de la Tajadak. Lehia basatia da. «Enpresak produktu berrietara egokitzeko duen gaitasunaren araberakoa izango da etorkizuna. Konpetentzia harrotuta dabil. Ez da tarifak lurraren pareraino jaitsi dituztela, ezta gutxiago ere, baina produktuak eskaintzerako garaian ez daukate erantzukizunik atzean; eurei komeni zaien kostuetara molda dezakete kalitatea, zerbitzu publikoak daukan ardurarik gabe». Lehia horretan Correosek ez du atzean geratu nahi. Laster kutxatilategi handiak jarriko ditu martxan Bilboko bulegoetan. Hartzaileari kode bat iritsiko zaio mugikorrera mezu baten bidez, eta nahi duen orduan batu ahalko du paketea.

Pankarta baten atzean dago Josu de la Tajada, Correosen bulego aurrean. Plantila nahikoa, posta zerbitzu publikoa kalitatezkoa izan dadin irakur daiteke. Kexu da. Lanpostuen murrizketaren ondorioz postariei lan-karga nabarmen handitu zaie eta gero eta korrespondentzia gehiago geratzen da bulegoko mahaietan banatu gabe. «Ez gara denera iristen, posta zerbitzu unibertsalak behartzen duen modura». Egoeraren larritasunaz jabetzeko, De la Tajadak dio banaturik gabe geratzen den korrespondentziaren artean zitazio judizialak eta multak egon daitezkeela. «Okerrena, gainera, etortzeke dago, abenduaren 20an Espainiako hauteskunde orokorrak baitaude». Gabonekin batera, buzoiak ere iragarki komertzialez beteko dira, eskutitzei tokirik utzi gabe. Eraberritzea da gakoa. Gabonak aipatu eta larruzko zorroaz oroitu da Betanzos.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.