Birusak lagungarri direnekoa

Juanma Gallego / 2015-11-01 / 499 hitz

Birus bat berri txarrez inguratutako azido nukleikoko zati bat da». 1960an Medikuntzako Nobel saria lortu zuen Peter Medawar zientzialari britainiarraren ahotan jarri ohi den esaldi horrek laburbiltzen du arerio txiki horiekin gizakiak beti izan duen borroka latza. Gaixotasun larriak eragiteko gai dira birusak; zelulak infektatu eta horien material genetikoa ordezkatzen dute.

Horrela izan da gehienetan, baina orain zientzialariak gai dira egoera horri aurre egiteko. Arerio beldurgarri horiek mendean hartu eta tresna bihurtzeko, alegia. Bide horretan beste aurrerapauso bat eman du asteon euskal enpresa batek, bektore biralak ekoiztera espresuki bideratutako laborategi bat martxan jarrita.

VIVEbioTECH Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen enpresa gaztea da, eta terapia genikoan espezializatuta dago. Genetikan abiapuntu duten gaixotasunak sendatzeko baliagarria da terapia mota hori. «Birusen alde positiboak erabiltzen ditugu, bereziki zelulak infektatzeko duten gaitasuna aprobetxatuz. Horrela, guri interesatzen zaizkigun geneak sar ditzakegu zelula konkretutan», azaldu du enpresaren bozeramaile Naiara Tejados zientzialariak.

Horrelako gela zuri batean, baldintza guztiak kontrolpean daude: tenperatura, hezetasuna eta horren barruan egon daitezkeen partikulak. Erabiltzen den tresneria ere, noski, kontrolpean dago.

Kanpoko laguntza izango badute ere, bi teknikarik baino ez dute baimenik izango gela horretan lan egiteko, eta gelara sartzeko protokolo bat bete beharko dute. Biosegurtasunaren ikuspuntutik, D mailakoa da aretoa —mailarik arinena—, baina materialen manipulazioa A sailkapeneko eremu batean egingo da, segurtasun zorrotzeko maila batean, alegia. 90 metro koadro du aretoak.

Segurtasun maila handia izango bada ere, jatorrizko birusekin inoiz ez dutela lanik egingo argitu du Tejadosek. «Soilik birus horien kode genetikoarekin lan egingo dugu. DNA molekula horiek zeluletan txertatu, eta horiek ekoitziko dituzte bektore biriko horiek». Zelulek isuriko dituzten bektore horiek izango dira, gero, jatorri genetikoko gaixotasunak sendatzeko botika baten oinarria.

Botika helburu

«Gure aurreikuspenen arabera, hurrengo urtarriletik uztailera arte, bektore horiek ekoizteko lanean arituko gara, Botiken eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren baimena eskuratu ahal izateko». Baimen hori ezinbestekoa da Hego Euskal Herriko merkatuan horrelako produktu bat jarri ahal izateko.

2016ko uztailetik aurrera, gizakiengan lehen entsegu klinikoak egin ahal izango dira. Itxaropentsu azaldu da Tejados entsegu horiek izango duten ibilbideaz galdetuta. «Ikerketa aurreklinikoak aurretik eginak daude, eta oso emaitza onak izan dituzte», azpimarratu du adituak.

Gaixotasun arraroen multzoan den PKD izeneko anemia bat sendatzeko izango dira lehen bektore horiek. Anemia horrek, bereziki, haurrak jotzen ditu, eta, hazkuntza moteldu ez ezik, behazunean eta barean ere kalteak eragiten ditu. Horrelako gaitzak sendatzeko, gaixoaren zeluletan azaltzen den gene okerra beste gene «osasuntsu» batekin ordezkatzen da, bektore biral horiek garraiobide gisara erabilita.

Europako Batzordearen arabera, gaixotasun arraroren batek jota daude gaur egun Europan 30 milioi lagun inguru. 6.000 gaitz inguru dira horiek, eta populazioaren zati txiki batean baino ez dute eraginik sortzen. Gaixoak 10.000 biztanleen 5 baino gutxiago direnean hitz egin ohi da gaitz arraroez. Usu esaten da ikerketa sustatu behar dela horietan.

Ameriketako Estatu Batuetan, Europan eta Txinan ekoizten dira gehienbat, gaur egun, eraldatutako birusak. «Europa osoan dozena bat laborategi baino ez daude prestatuta gizakiengan erabilgarri izango diren kalitatezko bektore horiek sortzeko, eta areto horiek guztiak lanez beteta daude, eskaria oso handia delako. Beraz, arlo horretan merkatu bat badagoela uste dugu», nabarmendu du Tejadosek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.