«Erromantizismoa dudan jarri nahi dugu»

Edu Lartzanguren / 2015-12-18 / 618 hitz

‘Saltsa badago’ leloarekin, harreman gunea erabat eraldatu du Arandiak. Maitasunaren, sexuaren edo abenturaren bila dabiltzan euskaldunen komunitate bizia eraiki nahi du datozen asteotan.

Chesterren (Ingalaterra) dokumental bat ikusten izan zuen ideia Iñigo Arandiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1974). Euskal Herrira itzulita, Kaixomaitia gunea sortu zuen, 2007ko otsailaren 14an —San Valentin egunez, nola ez—. Helburua: oraindik elkar ezagutu ez duten euskaldunen arteko harremanak erraztea.

Kaixomaitia.eus da joan zen astetik zuen helbidea. Aldatu egin duzue zerbitzua. Aurrekoa ez zebilen zuek nahi bezala?

Erabat aldatzeko beharra sentitzen nuen, bai egitasmoa, eta bai webgunea. Harremanetarako webgune soil bat zen, anbizio handirik gabekoa, euskaltzaletasunetik sortua, eta arazo nagusi bat zuen: beste lan batzuk egiten jaten nuela, eta, bakarrik egonda, ez niola behar bezalako arreta eskaintzen honi. Ez bazaude gainean, ez da komunitaterik sortzen. Gainera, 2009ko aldaketan huts estrategiko bat egin nuen: hasieran, argazkia publiko jartzen zuten erabiltzaileek gutxiago ordaintzen zuten. 2009an kendu egin nuen hori, pentsatuta Interneteko lotsa galdurik genuela.

Zenbat erabiltzaile dituzue, zenbat dira kuxkuxeroak, eta non dago masa kritikoa halako zerbitzu batek funtziona dezan?

Ia 5.000 erabiltzaile izatera iritsi gara. Orain, garbiketa egin dugu, eta beste bat egingo dugu otsailean, geratzen direnak benetan aktiboak izan daitezen. 3.500-3.800 geratuko dira. Gure asmoa 10.000 lortzea da. Baina, horretarako, zabaldu egin behar da zerbitzu hau badela. Izan ere, gai honetan ez da ahoz aho pasatzen berria: jatetxe on bat gomendatzen duzu lagunen artean. Baina halako gune bat… gutxiago.

Ez al da Euskal Herria txikiegia halako zerbitzu baterako?

Hartu ditugu neurriak horretarako. Aukera emango diogu erabiltzaileari zein bilaketen emaitzetan agertu nahi duen erabakitzeko. Adibidez: ni tolosarra naiz, baina ez dut nahi Tolosako inork topa nazala, edo 50 kilometro inguruko inork. Kontraesana eman dezake, baina beharrezkoa da, arazo horiek saihesteko. Nik nahiago dut gutxi ordainduko duten erabiltzaile asko, baina komunitatea sortuko dutenak, asko ordainduko duten gutxi batzuk baino. Gure leloa Saltsa badago da, eta horretan argazkia jartzea da gakoa. Beta bertsioan gaude, edonola ere, eta erabiltzaileekin osatu eta hobetuko dugu datozen hilabeteetan.

Maitalea topatzeko aukera jarri duzue orain, Kaixomaitale. Ez al duzue beldurrik, Ashley Madison-ekin gertatu bezala, esku beltzen batek erabiltzaileen izenak publiko egiteko?

Ez dugu beldurrik. Neurriak ditugu: zerbitzari seguru bat daukagu, Datuak Babesteko Legeak ezarritako segurtasun mailarik handiena. Egia da: Ashley Madison hackeatu badute, Kaixomaitia ere hackea dezakete. Ez dut uste maitale bila dabiltzanak gure bezeroen zati handi bat izango direnik. Baina, Ashley Madison-en datuak zabaldu ondoren, «erre ditzagun amoral horiek» giroa sortu zen, aztertu beharrean zergatik dagoen horrenbeste jende halako zerbitzuak erabiltzen. Probokazio txiki bat egin nahi genuen, ez fribolitate aldetik, baizik eta hausnarketa sortzeko. Gure erronka ez da ikustea zenbat bikote hautsiko ditugun. Beste harreman motak zabaldu nahi ditugu: bikotea badutenentzat ere erlazio irekiak.

Polimaitasuna bultzatu nahi duzue, beraz?

Euskaltzaletasunetik abiatu ginen, eta, hori bermatuta daukagularik, Euskal Herrian harreman afektiboen inguruko gogoeta egin nahi dugu. Maitasun erromantikoaz harago, beste zerbait ote dagoen ikusi nahi dugu, dudan jarri. Eztabaida jarri nahi dugu mahaiaren gainean, blog baten bidez. Hirugarren generoa ere sartu dugu, esaterako, Alemanian ofizialki onartu dutena. Kritikak jasoko ditugu, alde guztietatik, ez baikara adituak genero kontuetan; baina ikasten saiatuko gara. Halere, ohikoenak diren harremanetarako gunea izaten jarraituko dugu, hau euskaraz delako eta ezin garelako nitxo txikiegitara erabat joan. Urrats txiki bat egin nahi dugu gizartea aldatzeko.

Nolakoa da erabiltzaile tipikoa?

Heterosexuala, 30-45 urte artekoa, gipuzkoarra… Emakume bakoitzeko bi gizonezko daude. Oso ratio ona da, parekatzen baduzu halako beste zerbitzuekin. Gizonezkoek errazago jartzen dute argazkia. Emakumezkoek lan gehiago hartzen dute euren buruen deskripzioak lantzen. Blogean aztertuko ditugu zergatiak.

Inkesta anonimo bat egingo duzue aurki, euskaldunon harreman afektibo eta sexualen erretratua egiteko.

Aztikerren aholkularitzapean egingo dugu. 70 galdera, zortzi minutuan erantzutekoak: harremanak, sexua, desleialtasuna, erlazio irekiak… Vaya Semanita-k zabalduriko klixeak egia ote diren ikusi nahi dugu. Euskaldunak zoriontsuak al gara alde afektibo-sexualetik? Emaitzak, otsail edo martxorako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.