Ander Perez / 2016-12-18 / 337 hitz
Lokal fisikoaz harago, sortu nahi duten egitasmoan jarri dute garrantzia Iruñeko gaztetxeko kideek. Agiri batean jaso dituzte lan horren ezaugarriak.
Gaztetxe bat lau pareta baino ez lirateke, barruan egiten denagatik ez balitz. Ideia hori oinarri, edukiari eman nahi dio garrantzia Berpizten mugimenduak. Egitasmo bat prestatu du, gaztetxean martxan jartzeko. Txosten batean bildu ditu proiektu horren lerro nagusiak. Hauexek dira:
“Diruan oinarritu beharrean pertsonengan oinarritutako planteamendu sozioekonomikoak” jarri nahi ditu martxan gaztetxeak, “perspektiba ekofeministatik” abiatuz, betiere.
Kultur arloan ere eragin nahi du guneak, “herri klaseetatik abiatuko den eredu sortzailea” eta “merkatuaren logikatik haragoko kultur proiektuak” bultzatuz.
Harremanak sustatzeko gune ere bilakatu nahi dute gaztetxea, “komunitatean, elkartasunean eta elkarren ikasketan” oinarrituz. “Bazterketarik gabeko” eredu bat jarri dute mahai gainean.
“Jendarte heteropatriarkalari aurre” egin eta “harremanak, ardurak eta funtzioak sexuagatik, generoagatik edo aukera sexualagatik baztertu gabe” sortzea da beste xedeetako bat. Emakumeak “ahalduntzeko” espazioa ere bilakatu nahi dute gaztetxea.
Gaztetxeak “euskalduna izan behar” duela uste dute gazteek, eta, “espazioan euskararen erabilera sustatzeaz” gain, haren “balio soziala mahai gainean jarri eta ezagutzen ez dutenen ikasketa prozesua erraztu” nahiko lukete.
“Ekoizpen, kontsumo eta bizi ereduen inguruko” hausnarketa bultzatu nahi du gaztetxeak. Era berean, egitasmo “antiespezistak” sustatuko ditu.
Alde Zaharreko auzokideen artean “nagusi den inkomunikazioari” aurre egin nahi dio gaztetxeak, eta “elkarren babeserako praktikak” sustatu. Ideia edo esperientzien “trukerako plaza” bilakatu nahi dute gaztetxea.
Antolaketari dagokionez, “batzorde bidezko sistemaren eta horizontaltasunaren” alde jo dute kideek. Autoantolakuntzaren eta autogestioaren beharra nabarmendu dute.
“Estatu polizialari” eta “errepresio judizialari” aurre egingo dion eremutzat jo dute gaztetxea, “inposizioa eta indarraren logika” baztertuko dituen lekutzat.
Iruñea “jatorriz eta kulturalki askotarikoa” dela jakinda, gaztetxea errealitate horren isla izatea nahiko lukete. “Aniztasun kulturala aberastasun gisara” ulertzen dute, “edozein eraso arrazista, xenofobo edo baztertzailearen aurrean antidotoa izan dadin”.
“Adin guztietarako” espazioa osatu nahi dute. Garrantzia jarri dute ume eta nerabeen parte hartzean; zehaztu dute haien rola ezin dela “dekoraziora” mugatu. “Haiei eragiten dieten erabaki guztietan protagonista izan beharko lukete”.