Urtzi Odriozola: “Euskal bideo-jokoen erreferentziazko komunitatea izan nahi dugu”

Saioa Baleztena / 2015-12-05 / 442 hitz

Duela urtebete aurkeztu zenuten, Durangoko Azokan, Game Erauntsia komunitatea. Noiz eta nola suertatu zitzaizuen ideia?

2014ko udan hasi ginen. Euskal Herrian bideo-jokoen inguruan aritzen diren hainbat youtuber egon arren, bideo-jokoen inguruko zaletasuna kopartitzeko baliagarria zitekeen komunitate bat sortu asmoz zebilen lagun bat laguntza eske etorri zitzaidanean. Webgune bat egitea pentsatu genuen eta azkenean, webgune sinple bat izatetik komunitate handi bat izatera pasa gara.

Zenbat kidek osatzen duzue orain Game Erauntsia? 

Hasieran hiru, eta iaz Durangoko Azokan aurkeztu genuenerako bederatzi hamar inguru izango ginen. Gaur egun, erabakiak hartzeko lantaldea, hamasei lagun inguruk osatzen dugu. Erabiltzaileak, aldiz, dagoeneko 300 inguru izango dira.

Nola kudeatzen duzue?

Herri desberdinetan bizi gara eta Telegram bitartez komunikatzen gara, edo tarteka Skype erabiltzen dugu, erabaki potoloak hartu behar ditugula iruditzen zaigunean…

Zaila al da halako komunitate bat kudeatzea? 

Antolakuntza ona izateak laguntzen du, eta berez, komunitatea handitzen hasi zen heinean, ardura desberdinak dituzten taldeak sortu genituen. Erabaki potoloak talde finko batek hartu eta guztia kudeatzen du. Horretarako, artikuluak zuzendu, bideoak igo eta zerbitzaria kudeatzeko ardurak banatu genituen, adibidez, eta horretaz aparte, webgnuea automatizatu genuen edukia sartzen denean talde desberdinera abisuak iristeko.

Lehen urteurrena ospatzen ari zarete egunotan. Zein balorazio egiten duzu lehen urte honen inguruan?

Oso pozik gaude! Uste baino eztanda handiagoa izan da Game Erauntsia, eta gauzak oso azkar pasa dira. Ez genuen inolaz ere pentsatu webgune hark izan duen eragina izatea. Are gutxiago, aurten, Durangoko Azokaren 50. urteurrenean, goiz oso bateko ekimenak antolatzeko ardura izango genuenik. Hala ere, egia da, lehen urratsak ematen hasi ginenean konturatu ginela hasiera bateko webgune sinple komunitate handian bilakatu zitekeela.

Aipatzen duzun bezala, gaurko Kabia guneko egitaraua antolatzeko ardura izan duzue. Zer nolako garrantzia du zuentzat honek? 

Guretzat Durangoko Azokak garrantzi handia du, euskal kulturaren adierazle asko biltzen dituen ekimena baita, eta ondorioz jendea ezagutzeko eta ideia berrietan lanean hasteko aukera ematen digu. Era berean garrantzitsua da, aitzakia honekin, komunitatea osatzen dugun kideak elkartzeko aukera izaten baitugu. Gu hasiberriak gara oraindik, baina Durangoko Azokak 50 urte betetzea berri ona da eta espero dugu beste 50 irautea.

Amaitzen joateko. Euskara hutsezko bideo-jokoekin aritzen zarete zuek. Zein iritzi duzu euskal bideo-jokogintzak bizi duen egoeraz? 

Egoera oso zaila, oso joko gutxi daude euskaraz eta gehienak haurrentzat dira, didaktikoak. Azken boladan, hala ere, joko berriak ateratzen ari dira, eta euskarazkoek garrantzia gehiago hartu dute hainbat enpresetan, baina hala ere gutxiengoa dira. Zentzu horretan guk, Game Erauntsiaren bitartez ere euskarazko erabilera sustatzen dugu.

Etorkizunera begira zein dira zuen erronka nagusiak?

Oraingoz komunitatea sendotu eta euskal bideo-jokoen inguruan jardungo duen erreferentziazko komunitatea izan nahi dugu. Horretarako, euskarazko bideo-jokoen sustapena dugu aldarri, eta era berean, bideo-jokoak sortzen dituzten enpresak euskaraz ere argitaratzea garrantzitsua dela erakustea, promozioaren bitartez. Aurrerago, ikusiko dugu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.