Iñigo Aranbarri / 2016-01-24 / 248 hitz
Hogei hautagai aurten ere interpretazio atalean Oscar sarietan. Hogei aktore; hamar nagusi, hamar bigarren mailako. Hamar gizonezko, hamar emakumezko, formula aspaldidanik legez halakotuta. Eta bigarren urtez jarraian, denak elurra bezain zuriak.
Akademiaren hautaketa salatu dutenak Spike Lee zuzendaria eta Jada Pinckett aktorea izan dira, eta hala iragarri dute, ez doazela aurten ekitaldira. Boikota. Biak bietera, ez dira edozein. Lee-ri Ohorezko oscarra eman zioten iaz; Pinckett, berriz, Willy Smithen emaztea da, Hollywoodeko sos-egile gaitzenetakoa.
Eta hala lehertu da eztabaida gainerako komunitateen presentziaz, kuoten egokitasunaz, industrian ezarritako supremazismoaz. Salaketa mugimendu hau zurien kontrako jarrera arrazista dela Charlotte Rampling-ek esan du: «ez dago jakiterik, baina menturaz aktore beltzek ez dute azken txanpa horretan egotea merezi izan».
Astebeteko eztabaidaren ostean heldu dira aldaketak. Hemendik atzera ez da biziarteko bozik izango Akademiako kideen artean, boto eskubidea gehienez ere hamar urtez luzatuko da eta oro har gizartearen askotasuna bermatuko duten beste neurri batzuk hartuko dira.
Bizkitartean, Akademiako partaideei buruzko datuak zabaldu dira: %94 zuriak dira, %77 gizonezkoak eta batez besteko adina 63 urtekoa da. Kontua, bistan da, osaketarena da beste ezerena baino. Nolako egiturak, halako joerak. Alferrik eskatuko dizkiogu gereziak Gernikako arbolari.
Hollywood zer den, badakigu. Baliteke heldu den urtean sarietako bat afroamerikar bati ematea. Eta zer. Industriak bere horretan segituko du, nagusiak eta hauen buruak ez dira hamar urtean mudatuko. Eta honetan ere, zein estrapolablea den gauza asko, kontzientzia hartzeaz harago dago lantegia, egiturak behar dira aldatu, freskatu, berritu, egiten duguna garenaren ispilu izango bada. Elurraren zikinari eder iritzi osteko hori guztia.