Nondik datozen ez ahazteko

Ihintza Elustondo / 2016-01-23 / 734 hitz

Jatorri arabiarreko gurasoak dituzten Zestoako haurrak arabiera ikasten hasi dira, herrian bertan. Gurasoek uste dute «beharrezkoa» dela hizkuntzari balioa ematea.

Euskal Herrian bizi diren hiru marokoar dira Fatima Garrabi, Khadija Boutaleb eta Abdul Yazid. Urte batzuk daramatzate sorterritik urrun, baina horrek ez du esan nahi nondik datozen ahaztu dutenik. Hemen egon arren, hango kulturari eta erlijioari eutsi diete. Eta baita hizkuntzari ere, ahal duten neurrian: Zestoan (Gipuzkoa), arabiera irakasteko eskolak antolatu dituzte Euskal Herrian jaio arren sustrai arabiarrak dituzten haurrentzat. Izan ere, umeek eskolan euskara ikasi dute, eta guraso askok beren artean gaztelania erabiltzen dute —bat Euskal Herrikoa eta bestea arabiarra direlako, kasu askotan—. Eta gurasoek ahalegina egin arren, zaila da haurren artean arabiera sustatzea. «Gu berandu etorri ginen, eta badakigu. Baina gure seme-alabak Euskal Herrian jaio dira, eta ez badute orain arabiera ikasten, ez dute inoiz ikasiko», azaldu du Boutalebek.

Yaziden arabera, «jatorriko kultura, erlijio musulmana eta Korana ondo ikasteko, arabieraz jakin beharra dago». Hala ere, ez diote uko egin Euskal Herriko bizimoduari: Boutaleb eta Yazid euskara ikasten ari dira, eta Garrabik soltura handiz hitz egiten du. Haien iritziz, posible da Euskal Herrian egon arren, jatorria gogoan, euskara eta arabiera hitz egitea.

Garrabiri otu zitzaion haurrei arabiera irakasteko ideia, eta gauzatutako «amets» bat dira eskolak, haren iritziz. Hamabi urte igaro dira Marokotik alde egin zuenetik, eta, egun, Zestoan bizi da senarrarekin eta hiru seme-alabekin. Argi dago batera eta bestera ibiltzera ohituta dagoela, zazpi hizkuntza hitz egiten baititu: amazigeraren bi aldaera, arabiera, euskara, gaztelania, frantsesa, eta ingelesa. Egoera ezberdinetara moldatzeko gai den arren, Euskal Herrira etorri zenean «zerbait» falta zitzaiola ohartu zen: «Nire hizkuntza». Seme-alabei arabiera irakatsi nahi zien, baina alfabetatu gabea zenez, ez zen horretarako gai. Horregatik, hizkuntza ondo irakasteko gai izango zen norbaiten bila hasi zen, kalean bati eta besteari galdezka.

Abdul Yazid ezagutu zuen orduan Garrabik. Aurretik, Azkoitian (Gipuzkoa) arabiera irakasten aritutakoa zen, eta Zestoan eskolak emateko prest agertu zen. Hala, joan den urriaz geroztik ematen ditu eskolak, kultur etxean. Herriko hamazazpi haur joaten dira saio horietara, larunbatetan eta igandetan, bi orduz egun bakoitzeko. Bi taldetan banatuta daude ikasleak, batzuek besteek baino gehiago kontrolatzen dutelako hizkuntza —gurasoek etxean hitz egin ohi dieten hizkuntzaren arabera, gehiago edo gutxiago jakin ohi dute—. 5 eta 8 urte artean dituzte lehenengo mailako ikasleek, eta 8 eta 13 bitartean bigarren mailakoek.

Khadija Boutaleb ere Zestoan bizi da, eta proiektuan murgilduta dabil. Bi alaba eskoletara eramateaz gain, Yazidi irakasle lanetan lagunduko dioten liburuak aukeratzeaz arduratu da. Yaziden arabera, «oso garrantzitsuak» dira liburu horiek, eskolak ematerakoan gida bat duelako haien bidez. «Leku askotan libururik gabe irakasten dute arabiera, eta antolakuntza falta bat sortzen da horrela». Guraso bakoitzak bost euroko kuota bat jarrita, moldatu dira beharrezko materiala erosteko.

Liburuez gain, gozokiak eta txokolatea erosteko ere baliatu ohi dute diru hori. Asteburua izanda, haurrak gustura joatea nahi dute ikastera eta ez saio horiek zama baten moduan ikustea. Helburu hori bete dela uste dute: hirurek nabarmendu dute haurrak «oso pozik» joaten direla eskoletara.

Herrialde arabiarretatik migratutakoen artean, oso ohikoa da haurrei arabiera irakatsi nahia. «Beti gertatzen da», azaldu du Boutalebek. Haren senarra ez da marokoarra, beraz, etxean gaztelaniaz hitz egiten dute. Haurrekin arabieraz mintzatzen da ama, baina haiek gaztelaniaz erantzuten diote. Horregatik apuntatu ditu arabiera ikastera. «Etxean irakatsi nahi nien arabiera, baina askotan nekatuta iristen zara, eta biharko uzten duzu. Baina irakasle bat izanda, larunbat eta igandetan joan behar dute; beraz, ezberdina da». Alabek arabiera ikasteak «haiek baino zoriontsuago», egiten duela aitortu du amak.

Eskertuko dutelakoan

Sustrai arabiarrak dituzten guztiek arabiera ikasiko ez duten arren, batzuek bada ere ikasi behar dute, Garrabiren iritziz. «Nire semeak badaki, eta zureak ez badaki, behintzat bietako batek badaki. Horrela, badakite nora doazen herrialde arabiarretara joaten direnean». Yazidek uste du, bestela, oporretan joaten direnean ere «arrotza» egingo zaiela aurkituko dutena.

Hizkuntzari balioa ematea da, Garrabiren arabera, haren iraupena ziurtatzeko bitarteko bakarra. Bai euskararen eta bai arabieraren kasuan ere. «Haurrek hizkuntzari garrantzia ematen badiote, mantenduko dute, baina ematen ez badiote, ez da hori gertatuko». Izan ere, hark ikusi ditu guraso arabiarrak izanda gaztelania soilik hitz egiten duten haurren kasuak. Gurasoek bultzatzen dituzte gaztelania erabiltzera, hala, haurrei entzunez ikasten dutelako gurasoek ere. Bide egokia hori ez dela argudiatuta, egindako saiakerak fruituak emango dituen esperantza du Garrabik. Haren «ametsa» da seme-alabek amak arabiera irakasten egindako ahalegina esker onez oroituko dutela.

Proiektua martxan jarri besterik ez dute egin. Oraingoz, jatorri arabiarreko gurasoak dituzten haurrak ari dira hizkuntza ikasten. Baina, dagoeneko, Euskal Herriko bat baino gehiagok adierazi dute eskoletara apuntatzeko interesa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.