M.Belarra / 2016-02-02 / 271 hitz
Ingurukoentzat Iturengo Messi da Lazaro Erregerena joalduna (Ituren, 1953). Beteranoen artean beteranoena da, eta ongi ezagutzen ditu joarea, bakoitzaren hotsa eta eraman beharreko erritmoa. Ondorengo belaunaldiekin dagoen jarraipena ikusita, «lasai eta harro» dago iturendarra.
Zenbat urte daramatzazu joareak jotzen?
Txikitan ikasi nuen, 5 urte ingururekin. Baina gaur bezala goiko eta beheko larruekin 50 bat urte egin izan ditut dagoeneko.
Mende erdiz urtero ateratzen?
Bai, urtero atera naiz inauterietan. Ahal dudan guztietan igandean, astelehenean eta asteartean jotzen saiatzen naiz. Oraingoz sasoia dugu, ea noiz arte iraun dezakegun horrela.
Neketsua izango da, ezta?
Bai, franko nekatzen gara, baina merezi du. Ohitura honek pisu handia dauka guretzat, eta indarra ez dagoen tokitik ateratzen dugu.
Zer sentitzen duzu joareak jotzean?
Solasarekin ez dut aski hori adierazteko. Hemen bizitzen duguna ezin da ia deskribatu ere egin, bizitu egin behar da.
Joare guztiak ezberdinak dira?
Bai. Nik gaur, adibidez, nire aitonaren joareak ditut; ia 200 urte dituzte. Ilusio handia egiten dit hauekin jotzeak. Atzo [igandean] jo nahi nituen, baina lehertu ziren, eta gaur moldatuta jarri ditut. Baditut bertze batzuk pare bat kilo gutxiago dituztenak, baina hauek niretzat balio handiagoa dute. Gustura ditut gerrian, karga baduten arren.
Zenbat kilo dituzu gainean?
Larruarekin eta denarekin, 12 edo 14 bat kilo izango ditut; joareek bakarrik zortzi kilo dituzte.
Argazki ugari eskatzen dizkizute.
Zaharrena izatearen komeriak. Zubietarrak eta aurtiztarrekin elkartuta ere ziurrenik ni izango naiz zaharrena, eta antza denez horrek nolabait berezi bilakatzen nau. Aurten 63 urte beteko ditut.
Zer sentitzen duzu haurrak joaldunez jantzita ikustean?
Izugarri hunkitzen naiz, ezin da azaldu ere egin zenbat gustatzen zaidan morrosko txikiak ttuntturroarekin ikustea. Horiek horrela segitzen duten bitartean lasai egongo naiz, ohitura polit honek aurrera jarraituko duelako.