Maitasuna eta indarkeria

Eskeine Legorburu / 2016-02-13 / 731 hitz

Gazteek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten ideiak aztertu dituzte, horiek afektibitatean eta sexu erlazioetan eraginik duten aztertzeko. Lotura dagoela ondorioztatu dute.

Maitasun erromantikoak eragina du indarkeria matxistaren adierazpenen sorreran». Hala ondorioztatu du Medicus Mundi erakundeak. 13 eta 18 urte arteko Gipuzkoako nerabeek eta gazteek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten ideiak aztertu ditu, horiek afektibitate harremanak eta sexualak izaterakoan eraginik duten jasotzeko. Farapi elkartearekin eta EHUko Antropologia Sailarekin batera egin du ikerketa, eta «gazteen sexu osasunerako eta ugalketarako kaltegarriak izan daitezkeen eta indarkerian amai dezaketen portaerak eta jarrerak detektatzea» izan da helburua. «Teoriatik harago praktikari ekiteko beharra» dagoela ikusi dute. 60 gazte ingururekin jardun dute lanean urtebetez, eta adituak ere elkarrizketatu dituzte. Sare sozialetan gazteek dituzten jarrerak ere aztertu dituzte.

Azken urteetan egin diren kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainek gazteengan eragin positiboa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan, baina «lanean jarraitzeko beharra» azpimarratu dute, «maitasunaren ideologiaren inguruko ezagutza gero eta handiagoa izan dadin». Nerabeek maitasunaren inguruan dituzten zortzi ideia orokor azpimarratu zituzten atzo Donostian egin zuten aurkezpenean.

BIKOTEKIDERIK GABE, EZ

Bai nerabeek eta bai gazteek «oraindik pentsatzen dute bizitzan osotasuna lortzeko beharrezkoa dela alboan beste pertsona bat izatea». Bikotekiderik gabeko bizitza «porrota» dela uste dute, eta «muturreko bakardadearen eta zoramenaren arketipoekin lotzen dute bikotekiderik gabeko bizitza; bereziki, neskek». Bizitza bikotekide batekin eratzeko ideia ugalketarekin eta bakardadea saihestearekin lotzen dute gazteek. Hala, ondorioztatu dute beharrezkoa dela gizabanakoaren garapena bultzatuko duten alternatibak sustatzea.

LISKARRIK GABE ERE EZ

Aurreko belaunaldiek onartutako uste erromantiko batzuk erlatibizatu eta zalantzan jartzen dituzte gazteek, baina «haserrerik ez badago maitasunik ere ez» dagoela uste dute. Jeloskortasun eta kontrol jarreretan eragin beharra azpimarratu dute hiru erakundeetako ordezkariek, «indarkeria bihur ez daitezen». Medicus Mundik, Farapik eta EHUko Antropologia Sailak kezkagarritzat jo dute «gatazkak modu baketsuan konpontzeko dagoen tresna eskasia».

ERABATEKO KONTROLA

Ikusi dute bikotekidearen presentzia «gero eta nabarmenagoa» dela egunerokoan, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez. Harremanetan sare sozialen eta Whatsapp sakelakoetako aplikazioaren «gehiegizko presentzia» dagoela uste dute. Ondorioz, bikotekidearekin inolako loturatik gabeko gunerik eta unerik ez dute gazteek, eta «bikotekidearentzat beti prest egon behar dutela onartzen dute; batez ere, neskek». Ohartarazi dute gehiago ikertu behar dela nola eragiten duten sare sozialek genero-indarkeria jarreretan.

BERDINTASUNA, TEORIAN

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko funtsezko balioak onartuak dituzte gazteek, baina «izan beharko lukeenaren eta benetan gertatzen denaren artean» aldea dagoela ikusi dute azterketan. «Zenbait desberdintasun onartzen dituzte oraindik ere»; horregatik, gazteei autonomia berreskuratzeko tresnak eman behar zaizkiela ondorioztatu dute. Azterketa egin duten gazteekin, adibidez, tailerrak egingo dituzte alor horretan.

ANIZTASUNIK EZ

Homosexualitateari eta bisexualitateari buruz gazteek duten iritzia «deigarria» izan da ikerlarientzat. Ohiko bikote tradizionalaz besteko bikoteenganako «arbuioa» sentitzen dute gazte askok, eta «moda, bizioa edo nortasun falta» dela uste dute.

GORPUTZA OBJEKTUA DA

Gorputzari eta jokaera sexualei lotutako alderdiak «etengabean» agertu dira ikerketan. «Gorputza objektu bat dela pentsatzen dute, batez ere emakumeena, eta desioaren eta kontsumoaren elementu bihurtzen dute». Hala, gorputza eta itxura fisikoa «elkarren aurkako erasorako baliabide» bilakatzen dituzte, eta maitasuna «politen artean bakarrik» gerta daitekeela uste dute. «Kanonak markatutako gorputzak bakarrik hartzen dituzte eredu».

PLAZERA, GIZONENA

Sexu ohiturei eta ugalketari buruz ezagutza teoriko nahikoa dute gazteek, baina, praktikan, «euren irizpideak defendatzeko estrategiarik ez dute». Gainera, neskak dira sexu harremanei buruz erabakiak hatzeko autonomia gutxien dutenak, eta ,«azkenean, beren plazera gizonezkoaren mende jartzen dute».

Era berean, mutilen sexualitatea kontrolaezina dela uste dute, eta sexu harremanetan gertatzen denaren ardura neskarena dela. Izan ere, «neskek barneratuta daukate beren sexualitatea kontrolatu egin behar dutela, mutilaren sexualitatearen aurrean erantzun behar dutela, eta ezarritako eredura egokitzen ez diren neskak seinalatu behar dituztela». Ikerketa egin dutenen ustez, hezkuntza afektibo-sexualean gazteek gabeziak dituztela erakusten du horrek. «Mito horiek deseraikitzeko eta berdintasun baldintzetan negoziatzeko» tresnak eta eremuak falta direla uste dute Medicus Mundiko, Farapiko eta EHUko ordezkariek.

INDARKERIA URRUN DAGO

Indarkeria fisikoari buruz gazteek duten kontzientziazioak gora egin duela ikusi dute azterketan, baina «beren bizipenetatik guztiz urrun dagoela uste dute». Hala ere, aztertu dituzten talde guztietan, «maila ezberdinetako kontrol eta jazarpen esperientziak» atzeman dituzte ikerketan. «Indarkeria mota batzuk harremanaren barruan sartzen direla uste dute, eta normaltzat hartzen dituzte». Halako kasuetan, erasoa «baimendu eta normalizatu» egiten dute gazte askok, «harremana uztea edo bestelako konponbide batzuk aztertzea kontuan hartu gabe». Beste gazte batzuek «modu oldarkorrean erantzunda egoera orekatzea lortzen dutela ulertzen dute».

Halako egoeren aurka, «gaia jarrera eraikitzaileagoekin lantzea» beharrezko ikusi dute ikerlariek, «indarkeria denari eta ez denari buruz beraiek dituzten kontzeptuetatik hasita, eta estereotipo eta aurreiritzi haustura horretatik landuta». Genero indarkeriaren sentsibilizazioa eta prebentzioa nerabeen eta gazteen  esperientziatik abiatuta landu behar dela uste dute hiru erakundeetako ordezkariek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.