Mikel Sagastizabal / 2016-04-12 / 356 hitz
Arantza Urretabizkaiak esana da gaur egungo idazleen idazkera laburragoa eta zuzenagoa dela. Nire zorionerako aspaldian buruan bueltaka dabilkidan ideia azaltzeko aitzakia ezin hobea eman dit Urretabizkaiak; antzeko susmoekin aspalditik nenbilen eta.
Azpimarra saioan egin zituen adierazpenok idazle gipuzkoarrak. Idazkera laburraren eta zuzenaren sorreran, halaber, jatorri jakin eta zehatza dagoela zioen. Sare sozialak! Bota zuen arrapostua. Halaxe lotu zuen bataren eragina bestea ondorioztatzeko. Twitter, Wattssap eta jite bertsuko komunikazio mota berrien influentzi nabarmena omen da gakoa. Garai hauetako komunikazio bide batzuen egitura testu eta mezu labur zein zuzenez eraikia da, eta Arantza Urretabizkaiaren ustez tik hori, inertzia hori, idazleengan ere nabari daiteke.
Egungo idazleen sor-marka bereizgarria idazkera zuzen eta laburra dela dio Arantzak. Aurreko belaunaldikoekin alderatuta, bai, inondik ere. Izan ere, kasuan kasu eta idazle bakoitza mundu den aldetik, baieztatu liteke Arantza Urretabizkaiak dioenak baduela errealitatetik zati majo bat. Esaldi laburrak hartzen dira aintzako, hala ikasi dut neonek euskarako 4.perfilaren ikasturtean: ahal dela ez egin esaldi luzeegirik, aditza aurreratu informazio behinena atzean ez geratzeko, atzerakargak ekidin.
Ja ez dira inon irakurtzen komarik gabeko eta sekula bukatzen ez diren esaldi arranditsu eta mamitsu haiek. Saizarbitoriarenak salbu, noski! Hori dela eta, egungo literatura zinematografikoegia dela iruditzen zaio, esaterako, Gotzon Barandiarani. Halatsu mintzo zen joan den urtarrilean Berriari eskainitako elkarrizketa batean: “ Nik ez daukat argi, baina susmoa dut jo behar dugula hitzari gehiago lotutako literaturara, eta ez irudia edo narrazio bisuala nagusi den literatura batera.”
Egiazki, “Berria” egunero postontzian jaso besterik ez dago zenbait artikulugileren joera antzekoa dela antzemateko. Halere, egia da puntuazioaren erabilera egokiak idazkera errazagoa eta zuzenagoa eragiten duela. Puntuazioak laguntzen du zinez irakurketa! Horregatik, koma bakan batzuen bitartez jositako esaldi amaiezinen aroa bukatu dela esan daiteke. Egun, orotariko puntuazio zeinuez neurtutako esaldi meheak dira protagonista.
Bistan da euskarak ere beste hizkuntzek bezala, moldatu beharra duela garaian garaiko jendartearen eskakizunetara. Irudiaren gizartean bizi omen garen honetan zantzu itxaropentsua da euskara literatura filmikoa egiteko gai dela ikustea.
Finean, beraz, gizartearen norantzak dena laburtzera daramala dirudi, dosi txikien arora igarotzen ari gara. Edukiak azkarra eta zuzena izan behar du, jendea gero eta gogaituago ageri baita eduki mamitsu eta solidoez; bai giza harremanetan, bai ideologian, bai politikan eta bai eguneroko beste esparru orotan.