Elixabete Garmendia Lasa / 2016-05-25 / 456 hitz
Paper zuriaren gainean errotuladore gorriz egindako marrazkia; ikusten dira tanke bat, hegazkin bat bonba jaurtitzen, pertsona txiki bat —umea izan daiteke— bera baino metrailadore handiagoarekin; ikusten dira gorputza zaurituta izan behar duten haur bat eta nagusi bat; hori denaren erdian dagoen eszena da esplizituena: gizonezko batek, pistola eskuan, tiro egin eta jotzen dio bularrean aldamenean daukanari; errotuladore beltza erabili du hemen egileak, gorria balarentzat eta hark eragindako odolarentzat utzita. Grezian, Katsikaseko errefuxiatu eremuan dagoen umeetako batek egina omen da marrazkia (BERRIA, 2016-05-20); Siriako gerratik ihesi irtendako ume batek.
Bosniako gerraren garaian, 1990eko hamarkadan, hedatu zen arte genero hori mundu zabalera: gerrako irudiak, hura jasan duten haurren begietatik ikusita. Emaitzetan, Gernika koadroaren oihartzuna, haren erreplika txikiak balira bezala. Afrika beltzekorik apenas ezagutzen dugun, baina garatuko zen diziplina hau hango hainbat herrialdetan, umeek lapitz edo boligraforik izan badute behintzat eskura. Ze gerra, ziurtatuta izan dute toki askotan.
BBCk argitaratu berri du erreportaje bat CIAk joan den mendeko 60-70-80ko hamarkadetan Afrikako hainbat herrialdetan egindako esku-sartzeei buruz. Nelson Mandelaren 1962ko atxiloketaren atzean CIAren salaketa egotea ez omen da inolako sorpresa. Agentziaren lanari buruz egindako ikerketek eta CIAko kide izandako zenbaiten aitorpenek beste hainbat kasu atera dituzte argitara; horien artean, Lumumba presidentearen hilketa Kongon 1961ean eta Nkrumah presidentea agintetik kendu izana Ghanan 1965ean. Txaden, gerora «Afrikako Pinochet» deitu izan zaion Hissene Habreri lagundu zion CIAk presidentetza indarrez hartzen 1982an. Angolan, 1975ean Portugaldik askatzea lortu eta gero, FNLA eta Unita lagundu eta xaxatu zituen MPLAren kontra; John Stockwell CIAko kide ohiak dioenez, armak inportatzen lagundu zieten, tartean hogeita hamar mila errifle.
Hogeita hamar, berrogei, berrogeita hamar urtetik gora joan dira goiko gertaera horiek albiste dokumentatu gisa aitortuak izatera iritsi arte. CIAk urtetara desklasifikatzen ditu paperetako batzuk —ez denak— eta bere kide ohien esanak ere, izatekotan, urtetara desklasifikatzen dira. Ebidentzia horren proiekzioa azkenaldian Brasilen eta Venezuelan gertatzen ari den horretan aplikatu eta zera ateratzen da: XXI. mendearen erdialdera hasiko direla informazio apurrak botatzen CIA bi herrialde horietan egiten ari den esku-sartzeez.
Zantzu izpi batzuk egon, badaude, honezkero. Adibidez, Brasilgo Senatuak Dilma Rousseff kargutik kendu ondoren presidentzia aldi baterako hartu duen Michel Temer CIAren informatzaile izan omen zen 2006an, Wikileaks-ek dioenez.
Venezuelan denak zoratuta ote daude, Jose Mujika Uruguaiko presidente ohiak esan duen bezala? Kirioak airean egon behar dute, gutxienez, eta horretan izango du zerikusirik oinarrizko hainbat produkturen hornidura gabetzeak; komuneko papera ere bahitu zuten baten batzuek. Hori bai, supermerkatu bateko apalak ia hutsik ageri zireneko argazkia, mundu osoari buelta eman ziona, New Yorkekoa omen zen, letreroak pixelatuta, ingelesezkoak zirela ez antzemateko.
1973ko Txile gogoan, CIAk formak aldatu ditu Hego Amerikan; orain ez du Pinochetik atera. Orain demokrazia parlamentarioaren zirrikitu guztiak muturreraino bihurritu, edota eskasia artifizialak antolatzen ditu. Hori, oraingoz, Hego Amerikan. Sirian, gerra konbentzionalarekin jarraitzen du. Zenbat ekintza mota ez ote dago CIAren katalogoan.