Sentimenduak adina ikono

Lander Muñagorri Garmendia / 2016-05-07 / 928 hitz

Komunikazioaren parte bihurtu dira emotikono eta emojiak. Idatzizko testu baten zuzentasunari emozioa emateko baliabideak dira, testu horrek umorea edo haserrea helarazi nahi duenaren arabera. Gero eta gehiago erabiltzen dira, baina askotan ez behar bezala.

XXI. mendeko hizkeraren beste adierazpide bat bihurtu da. Sakelako telefonotik lagun bati txat bidez «zer moduz zaude?» galdetu, eta berak «ondo» erantzun beharrean hatz bat gorantz daukan emoji batekin ematen du bere egoeraren berri. Barneratuta dagoen hizkuntza bat da, eta arrakasta itzela izan du, funtsean «aurrez aurreko elkarrizketa batean transmiti daitezkeen emozioak igortzeko aukera ematen dizulako berez sentimenduak helaraztea nekezagoa den euskarri batean». Marilin Gonzalo kazetaria da, baina semiotikan egin zituen ikasketak, eta teknologian espezializatuta dago. «Komunikazioa pantaila baten bitartez egiten denean emozioak erakustea zaila da, eta idazten duzunari osotasun bat emateko aukera ematen dio emotikonoak».

Hain zuzen ere, behar hori ikusi zuen Scott Fahlman ingeniari estatubatuarrak 1982an. Internet oraindik kontzeptu ezezaguna zen gizartearen zati handi batentzat, baina, ordurako, Fahlman sarean komunikatzen zen beste lankide batzuekin. Eta hor ikusi zuen hutsunea. Mezu ironiko bat idatzi, eta kontrara ulertzen zioten askotan, halako asmorik ez zuenean. Horregatik, umore kutsuan irakurri behar zen mezuaren ondoren 🙂 keinuak idazten hasi zen. Horrela lehen emotikonoa sortu zuen, eta komunikatzeko modua aldatu zuen berak hartan hala pentsatuko ez bazuen ere. «Idatzizko komunikazio batean emozioak helarazteko euskarri egokia da», hasi da azaltzen Itziar Barrenengoa psikologoa, «emozioak ikono bidez irudikatzen dituelako». Eta hori bera da emotikono hitzaren esanahia. Irribarre bat erakusten zuen emotikonoa sortuta, tristura erakusten zuena sortu zuen Fahlmanek. Ondoren, milaka etorri dira.

Interneten sarea zabaltzen hasi, eta txat bidezko elkarrizketak ugaritzen hastearekin batera hasi zen emotikono horien erabilera ugaritzen. Eta, ondoren, sakelako telefonoen demokratizazioak areagotu egin zuen joera hori. SMS bidezko mezuetan, laburdurekin batera emotikonoak idazten hasi zen, idazten zen horri emozioa emateko. «Testu bat bere hartan bakarrik irakurriz gero, modu arrazionalean irakurtzen duzu idatzi hori; baina ondoan emotikono bat baldin badauka, aurpegi bat ikusiko bazenu bezala da», Gonzaloren arabera.

Baina puntuazio ikurrekin osatutako emotikonoetatik emojietarako saltoa egin zen. Hain zuzen, gaur egun hain ezagunak bihurtu diren aurpegi horixka horiek geroago sortu zituzten. 1990eko hamarkadan eman zioten Shigetaka Kurita diseinatzaile japoniarrari aurpegi horiek sortzeko enkargua. Ordenagailuetan erabili ahal izateko moduko 176 emoji primitibo sortu zituen, pixelatutako irudi txiki batzuk baitziren. Edonola ere, ondoren etorriko zenaren aitzindaria izan zen, eta, gaur egun, sakelako telefonotik era horretako aurpegi bat bidaliz gero, jatorrian Kurita bera dago.

Kultura ezberdin batetik

Kurita japoniarra da, eta hori sumatu egiten da diseinatu zituen emojietan. Izan ere, gaur egun sakelako gehienetan dauden emojiek jatorri bera daukate, eta horietako askok Japoniako kultura daukate hizpide. Hori dela eta, askotan, emoji horiek jatorrizko esanahitik kanpo erabiltzen dira, «baina esanahia bakoitzak bere ematen dio», Gonzaloren hitzetan. Eta horrek arazoak sor ditzake komunikatu nahi dena behar bezala iristen ez bada. «Hori horrela da, baina talde batean emoji bat erabiltzen baldin bada, esanahia talde horrek berak ematen dio». Azken finean, komunikazio era guztietan bezala, taldeak sortzen ditu bere arauak, eta kasu honetan ere horrela dela azaldu du Gonzalok.

Emoji zehatz bat erabiltzea, gainera, pertsona zehatz baten «marka» izatera irits daitekeela ere esan du semiotikako adituak. «Talde baten barruan gutxi erabiltzen den ikono bat erabiltzen hasten baldin bazara, zure marka gisa bihurtu daiteke», esan du. Areago, bakoitzak emojiak bere erara erabiltzen dituela dio, eta horrek pertsona horren izaera azaleratzen duela. «Adierazgarria da, baina emoji batzuk erabiltzeak erakuts dezake nolakoa zaren». Eta norberaren aldartea ere erakuts dezake unean-unean. «Pentsa emotikono asko erabiltzen dituen pertsona batek bat bera gabe idazten duela; horrek zerbait esan nahi du, triste dagoela, haserre, edo dena delakoa». Horregatik dio Gonzalok sentimenduak helarazteko tresna egokia direla emojiak. Parez pareko elkarrizketak «gero eta urriagoak diren heinean, sentimenduak azaleratzeko bide bat da, bederen».

Ideia horrekin konforme agertu da Barrenengoa bera ere. «Izatez lotsatia den pertsona batek emotikonoen esparruan aukera topatu du bere sentimenduak helarazteko». Muxu bat ematen ari den aurpegi bat, edo bihotz bat bidaltzea hitzez esatea baino errazagoa dela onartzen du, eta hori da ikusten dion alde positibo bakarra. Emojiak erabiltzea, zentzu horretan, gehiegizkoa dela esan baitu. «Whatsappek komunikazio era asko ezabatu egin ditu, ahozkoa bera bezala. Nik aurrez aurre norbaitekin hitz egiten dudanean, ahotsean bertan sumatzen diot haserre dagoen, gustura, triste edo dena delakoa». Sakelakoen bidezko komunikazioan ez bezala. Haren esanetan, askok emozioak bideratzeko erabiltzen dute euskarri hori, eta emojia da bitartekoa. Positibotzat hartzen du, baina «pantaila bezala erabiltzen dute». Hau da, askotan ez dela erreala ere bideratzen duten mezu hori ere.

Psikologia kontsulta bat dauka Barrenengoak, eta bizimoduaren inguruko aholkuak ematen ditu. «Askotan etortzen zait pertsonaren bat esanez goizetan bere bikoteak esnatu eta eguzki baten emojia muxuarenarekin batera bidaltzen diola. Egiatan hori dela bikote harreman batean eduki beharreko komunikazioa?». Ondoren, aurrez aurre izaten dituzten harremanetan horrek ondorioak izaten dituztela dio Barrenengoak. «Nik ez diot emojiak gauza txarrak direnik, baina nik beti alderaketa bera egiten dut: bandera bat zerbait zoragarria izan daiteke emozioak sorrarazteko balio duen bitartean; baina gehiegi erabiltzen diren heinean, trapu bat bihurtu daiteke». Hori da emojiei ikusten dien arriskua. Gehiegi erabiliz gero zentzua galtzen dutela, eta helarazi nahi den emozioa behar bezala ez transmititzea ekar dezakeela horrek.

Gainera, emozioak pertsonalak diren heinean, horiek jakinarazteko irudiak ez dira horrela, Barrenengoaren arabera. «Zuk zure sentimenduak dauzkazu, bada, horiek zuk transmititu behar dituzu zure hitzekin, edo dakizun bezala». Emotikono eta emojiak dagoeneko hizkuntza unibertsalaren parte bihurtu dira, baina horiekin egin daitekeen erabilerak egin dezake berezi norberaren mezua, Gonzaloren ustez. Modu batera edo bestera izan, gauza ziurra da emotikonoek eta haien irudikapen grafikoak diren emojiek jarraipena izango dutela. Mezu bidez gero eta gehiago komunikatzen den gizartean, esan nahi denari emozioa emateko tresna izango dira aurrerantzean ere. Azken finean, barrea adierazteko erabiltzen den irribarrearen emojia denek ulertzen baitute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.