Maddi Ane Txoperena / 2016-06-15 / 1185
Euskal Herriko ikasle andana bat egunotan jokatzen ari da bere etorkizuna erabakitzeko giltza, azterketa sorta batean. Joan den astean egin zuten selektibitatea Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta gaur hasiko dute baxo etsamina Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako ikasleek.
Goi mailako ikasketetara jauzi egiteko proba garrantzitsua da ikasleek esku artean dutena. Ipar Euskal Herrian, ordea, hizkuntzak ere baldintzatua da: bai azterketa bera, bai etorkizuna. Izan ere, baxoa frantsesez egin beharko dute ikasle guziek, baita ikasketa prozesu osoa euskaraz egin dutenek ere. Soilik Matematika eta Historia-Geografiako azterketetan idazten ahalko dute euskaraz —galderen orria frantses hutsean emanen diete, halere—.
Unibertsitatera joateko orduan ere murritza da euskararen presentzia. Ipar Euskal Herrian ez dago goi mailako ikasketetako eskaintzarik euskaraz, hain zuzen. Baionako Fakultatean Euskal Ikasketetako lizentzia da bakarrik egin daiteke euskaraz. Beraz, euskaraz segitu nahi dutenek Hego Euskal Herrira joan beharko dute baxotik landa.
Ez da hori gehiengoaren hautua, ordea: aurten Ipar Euskal Herriko ikasle euskaldunen %2,5 baizik ez dira joanen EHU Euskal Herriko Unibertsitatera ikastera. Terminalean euskaraz ikasten duten 79 ikasle daudela jakinik, txikia da kopurua: bi ikaslek soilik eginen dute unibertsitatean euskaraz ikasteko urratsa.
«Italiarrak bezala»
Euskarazko irakaskuntza eskaintzen duen Ipar Euskal Herriko lizeo bakarreko orientatzailea da Jaki Agerre, Bernat Etxeparekoa. Eta, azaldu duenez, Hego Euskal Herrian euskaraz ikasten segitu nahi duten ikasleena ez da egoera erraza. «Gertatzen dena da gure ikasleak kontsideratuak direla atzerritarren gisan, irlandarrak edo italiarrak balira bezala. Ez da kontuan hartzen badutela hizkuntza». Baxoa Frantziaren menpeko azterketa izanik, Europako bertze edozein herrialdetako ikasleek egin beharko luketen prozedura bera egin behar dute Ipar Euskal Herriko ikasleek EHUn izena emateko: «Behar dute baxoa ukan, eta gero behar dituzte hemengo ikasketak baliozkotu. Erran nahi du, behar dute frogatu hemen egin dituztela ikasketak, eta hori egiten da UNEDen bidez».
Prozedura luzea da, eta borrokan ibiltzen dira epeekin. Izan ere, baxoa selektibitatea baino egun batzuk geroago egiten denez, emaitzak ere geroago eskuratzen dituzte. «Baxoko emaitzak goaitatu eta UNEDera igorri orduko, beste aldeko unibertsitatean jadanik lehen zerrendak ateratzen dira». Maila lortzen badute, sartuko direla segurtatzen die EHUk, ahoz. Eta urtero lortzen dute sartzea, nota aski handia lortuz gero. Idatzizko segurtamenik ez dute, ordea: «Orain arte egin dute, baina bai gurasoentzat bai ikasleentzat biziki beldurgarria da. Ikusten dute berantarekin ibiltzen direla, haien izena ez dela agertzen zerrendan, eta, nola ez den ofiziala, beti beldurtzen dira». Kasu horretan dago Leire Laskarai ikaslea. Aurten Hego Euskal Herrira joan nahi duten bi ikasleetatik bat da, eta baxorako ikasten ari den bitartean azaldu dio BERRIAri azterketaren ondotik egin beharrekoa: «Nola baxoa berantago pasatzen dugun eta notak berantago jakiten ditugun, behar dugu geroxeago izena eman. Lekuen aldetik-eta pixka bat konplikatu da».
Bertze arazo bat ere badago tartean: mailara iristea. Izan ere, selektibitateko eta baxoko notatze sistemak ez dira berdinak. «Baxoa apalago notatua da selektibitatea baino», azaldu du Laskaraik. Hego Euskal Herrian egiten duten proba espezifikoa da arazo nagusia. Izan ere, selektibitatean aukera dute bertze bi azterketa gehigarri eginez nota igotzeko. Adibidea eman du Agerrek: «Hango ikasle hoberenek 9 dute selektibitatean, eta proba gehigarrian hiru puntu lortzen badituzte, demagun, 12 lortzen dutela, hamar punturen gain». Baxoan, aldiz, ez dago proba gehigarria egiteko aukerarik. Aukera bakarra dute Ipar Euskal Herrikoek: baxoaz gain selektibitateko proba gehigarri horiek ere egitea.
Laskarairi horixe proposatu zioten, baina azkenean ez da aurkeztuko. Programa ez da bera, hain zuzen: «Nik, adibidez, Geografian ikasi behar nituen Andaluziako ibaiak eta». Baionako lizeoan ikasten dutenarekin zerikusirik ez. «Nahiago nuen denbora hori atxiki beste gauza batzuk ikasteko». Ez luke arazorik izan behar, printzipioz, ez dutelako nota biziki handia eskatzen hark hautatu duen graduan. Bertze kasu batzuetan, ordea, «ezinezkoa» da sartzea, Agerreren arabera: «Biologian, Medikuntzan… Errealista izanez, badakigu ez direla sartzen ahal: ez dute sekula maila ukanen».
Zailtasun horiek guziek badute eragina ikasleen hautuan. Agerreren eta Laskarairen ustez, halere, ez da arrazoi bakarra. Oztopoekin lotuta, informaziorik eza salatu du Laskaraik: «Ez diot nehori leporatzen, baina informazio aldetik beti bideratuak izan zaizkigu gehiago Frantziako ikasketak Hegoaldekoak baino». Agerrek uste du interes falta ere badutela ikasleek: «Ekarrarazten ditugularik aurkezteko ikasketak, adibidez, EHUkoak edo Mondragonekoak, gelaren erdia futitzen da. Eta ezagun da, ikusten da: ez dute interesik». «Muga» buruan dutela dio: «Inguratuak dira hemengo beste gazteez, eta entzuten dute betitik Paue, Bordele, Tolosa… Bide hori haientzat naturalagoa da». Biek uste dute bidea errazagoa izanen balitz jende gehiago joanen litzatekeela, halere. Agerre: «Ez baldin bazen trabarik, hiruzpalau ikasle gehiago izanen ziren». Hala ez izatea dolutu zaio Laskarairi: «80 ikasletik 80k hasieratik euskaraz ikastea eta azkenean goi mailako ikasketak frantsesez egitea, ber gauza izanik Hegoaldean, atzematen dut domaia dela».
Euskarazko baxoa, geldi
Goi mailako ikasketak frantsesez egiteko bidea lizeotik bertatik hasten dute. Izan ere, baxoa frantsesez egin behar dutenez, ikasleak terminaletik hasten dira zenbait gai frantsesez barneratzen. «Ekonomia eta Zientziak lantzen ditugu kurtsoetan euskaraz, baina gero hiztegi osoa behar dugu berriz ikusi frantsesez, eta azterketak frantsesez egin», azaldu du Laskaraik. Baxoa Euskaraz taldean ere badabil ikaslea, eta, azaldu duenez, aurten ez du uste aitzinamendurik izanen denik. Bide beretik jo du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak ere: «Ez da deus aitzinatu».
Duela lau urte lortu zuten hobekuntza txiki bat: Matematikako proba euskaraz egin ahal izatea. Ordura arte, Historia-Geografiakoa soilik egin zitekeen euskaraz. Baina aldaketa gehiagorik ez dela izan salatu du Gorostiagak: «Gaur egun ez dugu inolako berririk, eta jada laugarren urtea da ez dela ezer aldatzen. 2012an lortu zen Matematika euskaraz egitea, baina geroztik ez da ezer aldatu». Ikasgaiz ikasgai urratsak eginen zituztela pentsatuta, Biologiako azterketa euskaraz egiteko eskubidea eskatu dute azken urteotan, Laskaraik azaldu duenez. Emaitzarik gabe: «Entseatu gara gutun batzuk igortzen Biologia galdetuz euskaraz. Bidali zelarik gutuna bazen esperantza txiki bat, baina berehala ohartu ginen ez zela aukerarik». Hezkuntza Ministerioak ez die eman erantzunik oraindik.
Pierre Barriere Paueko Akademia Ikuskariak ezetsi du eskaera: «Salbuespenezko koadro batean gaude, eta ez dago pentsatua urrunago joatea. Erabakia nazionala da, eta fermua». Bi ikasgai euskaraz egin ahal izatea jada anitz iruditzen zaio. «Baxoa hezkuntza sistema frantseseko azterketa da. Ez dago egina beste hizkuntza batean pasatzeko». Arazo teknikoak ere argudiatu ditu: «Behar dira zuzentzaileak hizkuntza horretakoak». Halere, hori ez du arazo nagusitzat: «Nazio mailan harturiko erabaki administratibo bat da».
Gorostiagak uste du borondate kontua dela. «Zuzentzaileak-eta badira euskaraz, bai Fisikan eta bai Biologian. Beraz, ez da arazo teknikoa. Ez da lege arazoa ere, zeren eta Frantziako Hezkuntza Kodeak erraten baitu azterketak pasatzen ahal dituztela tokiko hizkuntzan. Ez dago ezer hori oztopa dezakeenik, borondate hutsa baizik». Aurten ezer lortzeko berandu dela uste du Seaskakoak, baina heldu den ikasturterako egin nahiko lituzkete indarrak. «Azken urte bat dugu aitzinean egoera hori desblokeatzeko. Borondate ona badugu, itxoiten badakigu, baina lau urte ezer egin gabe, ez dagoenean arrazoirik ez aurreratzeko, uste dut aski dela».
Mathieu Berge EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak ere onartu du ez dela aitzinamendurik. Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin negoziatzen ari direla erran du, baina aurten ez duela izanen eraginik. «Etorkizunerako nahiko genuke baxoan kalifikazio berezi bat ere sortzea, arlo elebiduneko gaitasuna zehazten duena, adibidez, izan Seaskakoentzat ala elebidunekoentzat».
Bitartean, aldarrikapen lanean segituko dute Baxoa Euskaraz taldekoek. Elastiko berdeak soinean izanen dituzte batzuek gaur Filosofiako azterketan. Ez dute proba erraza izanen, Laskarairen hitzetan: «Nik frantses adierazpenean baditut zailtasunak, eta Literatura arlokoentzat koefiziente handiena Filosofiak du. Biziki zehatza izan behar da, eta behar dira garbiki gauzak esplikatu… frantsesez». Hizkuntzaren aitorpena eskatu du: «Beharko ligukete utzi gure lehen hizkuntzan egiten».