Project Ara: Mugikorren iraultza

Xabier Unanue / 2016-05-26 / 318 hitz

Telefono mugikorrek zaharkitzea programatua dute. Gaur egun zaila da 2 urte baina gehiago dituen telefono bat gure poltsiko eta poltsetan aldatzean. Hilabete gutxiren bueltan, megapixel gehiago, RAM handiagoa edo teknologia berritzaileago baten bila joaten baikara erabiltzaileok.

Phoneblocks proiektuak hori aldatzea irudikatu zuen duela urte batzuk. Motorola etxearen proiektua izan zen, eta berau Googlek erostean, G handiak proiektua bereganatu zuen. Eta hasiera hasieratik izena aldatu zion: Project Ara. Oinarrizko plaka batean, guk nahi genituen piezak gehitu genitzakeen, horrela telefono pertsonalizatua sortuz. Honek beste alde on batere bazuen, telefono guztia aldatu ordez,pieza bat aldatzearekin nahikoa zen gure gailuari funtzionalitate berriak edo hobeak emateko (Kamera handiagoa, bateria hobea, pantaila argitsuagoa)

Berritzailea, iraultzailea… horrelako hitzak entzuten ziren hasiera hartan, baina hilabete gutxiren bueltan dena lasaitu eta hoztu zen. Isiltasuna nagusitu zen Montain Viewko enpresan.

Baina badirudi isiltasuna amaitu dela. Project Ara bueltan da, eta dirudienez geratzeko dator.

Berrikuntza nagusia oinarrian dator: ez dugu 0tik telefono bat eraikitzen hasi beharko. Primeran funtzionatzen duen mugikorra izango da oinarria, eta hortik abiatuta berrikuntzak gehitzeko aukera izango dugu erabiltzaileok.

Hau horrela izanik, hasieratik telefono horrekin funtzionatzeko gai izango gara. Eta gure nahi edo poltsikoaren tamainaren arabera gehitu ahal izango ditugu produktuak. Kamerak, bozgorailuak… imajinatu dezakegun elementu ezberdinak egongo dira eskuragai.

Gainera Googlek jakitera eman duenez, enpresa askorekin itxi ditu akordioak modulu edo blokeak sortzeko, beraz, Project Arak babesa izango duela esan genezake.

Eta orain zer?

Urte amaieran hasiko dira enpresa ezberdinak produktua lantzen, eta merkatuan beranduxeago ikusiko ditugu. Data zehatzik ez dugu, baina behintzat lanean daudela jakina da.

Zailtasun handiena erabiltzaileongan topatuko dute sortzaileek. Erabiltzaileok telefonoak hobetu nahi ditugu? Edo telefono berriak erosi nahi ote ditugu? Askotan ez baitugu gure gailua berrikuntzengatik aldatzen, marka zehatz bat erosteagatik baizik.

Bigarren zailtasuna diseinuan topatuko dugu: tamaina, loditasuna, eta telefono beraren itxura ezin izango baitugu aldatu.

Ondo landutako proiektu bat da, enpresa handien babesa izango duena eta telefono pertsonalizatuak sortzeko aukera eskainiko duena. Arrakastarik izango ote duen ordea….. Hori ez dago bermatua.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.