Guillem Anglada, Astrofisikaria: «Marten zibilizazio iraunkor bat ezartzea da lehendabiziko urratsa»

Iñaki Berastegi / 2016-11-01 / 616 hitz

Eguzkitik gertuen dagoen Proxima Centauri izarraren sisteman aurkitu dute Proxima b planeta. Planeten eta izarren bila ez ezik, aurrerantzean«biziaren bila» ere arituko direla dio Angladak.

Nano gorriak izarrik ohikoenak dira Esne Bidean: izar guztien %70 dira mota horretakoak. Azken urteetan egindako ikerketek erakutsi dute nano gorrietan ugariak direla planeta txikiak. Proxima Centauri nano gorriaren orbitan aurkitu du Proxima b planeta Pale Red Dot proiektuko lantaldeak. Planeta aurkitu duen astrofisikarietako bat da Guillem Anglada (Ullastrel, Herrialde Katalanak, 1976). Planeta horretara gizakia noizbait iristen bada, orain «imajinatzen ez duen» modu batean iritsiko dela uste du astrofisikari katalanak. Hitzaldia eman du Iruñeko planetarioan Caja Navarra fundazioak eta Caixaren gizarte ekintzak antolatuta.

Zer dakigu Proxima b planetari buruz?

Eguzki sistematik gertuen dagoen izarraren, Proxima Centauriren, orbitan dagoen planeta bat da. Lurretik 4,2 argi urtera dago, eta Lurraren masa parekoa du —Lurraren masa halako 1,3 du Proxima b planetak—. Tenperaturari dagokionez, 40 gradu zero azpitik egon daiteke. Dena den, planetak atmosfera izango balu, berotegi efektuari esker, tenperatura egokia izango luke; gure planetaren antzekoa. Centauritik gertu dagoen planeta bat da Proxima; 11,2 egun behar ditu izarrari buelta osoa emateko. Hala, Lurrak baino X eta ultramore izpi askoz ere gehiago jasotzen ditu, eta horrek ur molekulak suntsitzen ditu.

Zer falta zaizue jakitea planetari buruz?

Planeta zein motatakoa den jakitea falta zaigu. Planeta izarraren aurretik igarotzen den momentu hori Lurretik harrapatuko bagenu, planetaren neurria jakinko genuke, eta, masa zein den badakigunez, planeta zein motatakoa den jakingo genuke. Dena den, zaila da, planeten %1 bakarrik igarotzen delako.

Aurreikuspenak egingo zenituztela kontuan hartuta, zein motatakoa izango da, zuen ustez?

Hiru motatako planetak daude: ur-munduak, planeta harritsuak edo gas planetak. Ezin dugu zehazki jakin planetaren neurria jakin arte; baina planetei buruz dakiguna aintzat hartuta, esango nuke ez dela gas planeta bat. Izar horietan dauden planetak txikiak dira normalean, eta, kontuan hartuta ez dela masa handia, Lurraren antzeko planeta bat izan daiteke formaren aldetik, ur mundua edo harritsua.

Noiz jakingo duzue planeta izarraren aurretik igarotzen den edo ez?

Lehendabiziko datuak bildu ditugu, eta, oraingoz, ezin dugu ezertxo ere baieztatu, ez gezurtatu. Espazioan dagoen teleskopio batekin izarrari 48 orduko jarraipena egingo diogu laster. Hurrengo hilabeteetan izango dugu erantzuna.

Planeta izarraren aurretik igaroko ez balitz, zenbat atzeratuko luke horrek prozesua?

Igaroko balitz, hilabete gutxi barru jakingo genuke planeta nolakoa den. Eta, igaroko ez balitz, gutxi gorabehera, hamar urte beharko genituzke informazio hori lortu ahal izateko. Teleskopio berriak egiten ari dira, eta espero dute horiei esker gutxienez jakitea planetak atmosferarik duen edo ez.

Aurkikuntza hori dela eta, bizitzeko egokiak diren planetak aurkitzeko zorian al dago gizakia?

Ez gara horretaraino iritsi oraindik. Proxima b-ren baldintzetako batzuk Lurraren antzekoak izango balira ere, ez da kaskoa kendu eta hondartzara joateko leku bat izango. Beste planeta batean bizi ahal izateko, Lurraren garai berberean dagoen bat aurkitu beharko genuke. Agian, ez da gurearen antzeko beste planetarik inoiz sortuko. Errealistagoa da beste gauza batzuetan zentratzea lehendabizi: Marten zibilizazio iraunkor bat ezartzea, hori da egin behar dugun lehendabiziko urratsa. Gure sistema bereko planeta guztietara ez bagara iritsi, nola hasiko gara 4,2 argi urtera dagoen planeta batean pentsatzen? Pausoz pauso joan behar dugu.

Aurrerantzean, planeten bila ez, biziaren bila arituko zaretela esan izan duzu. Zergatik?

Orain gertatzen ari den aldaketa da hori, azken urteetan egin diren aurrerapauso handiei esker. Orain, badakigu urtero zenbat izar eta planeta sortzen diren, baina duela hogei urte ez zekiten. Hori jakinda, eta iristear dauden teknologia berriei esker, gure planetatik gertu dauden planetetan zer gertatzen den aztertzeari ekin behar diogu.

Zergatik ez da oraindik gizaki bizirik topatu beste planeta batean?

Nire ustez, hiru hipotesi nagusi daude horren atzean: batetik, gurea lehendabiziko zibilizazio adimenduna izan daiteke. Bestetik, gerta daiteke beste zibilizazio bat gurekin harremanetan jartzea, baina guk haien komunikatzeko modua ez ulertzea. Eta, azkenik, ezin dugu baztertu komunikatzeko ahalmena lortu baino lehen zibilizazioak desagertzea ere .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.