«Institutuetan ez da ezer egiten oraindik ‘bullying’-aren aurka»

Lander Muñagorri Garmendia / 2016-11-15 / 527 hitz

Bost urtez, ikasgelan jazarria izan zen Maider Legarreta, eta, orain, bere bizipenak kantu bidez plazaratu ditu, «kontzientzia pizteko».

Bullying egin zioten Maider Legarretari (Galdakao, Bizkaia, 1997) haurtzarotik nerabezarorako bidean. Bost urteko jazarpen aroa jasan behar izan zuen; baina garai hura gaindituta, gaur egun, musika ikasketak egiten ari da Donostiako Musikenen. Bizipen hori inspirazio iturri gisa erabili izan du, eta, joan den astean, Bilboko Zentsura At jaialdian, bullying-aren aurkako bi kontzertu didaktiko eman zituen eskolako haurrentzat.

Zer etorri zaizu burura zure aurrean gaztetxo horiek ikustean?

Oroitzapen asko etorri zaizkit, haiengan ikusi dudalako nik bizi izandakoa. Oroitzapen ugari etortzen zaizkit burura, eta kontzientzia pizteko gogoa ematen dizu.

Agertoki gainetik, zein irakaspen eman duzu?

Saiatzen naiz esaten inor ez zaiola inori jazarri behar. Baina ikusita zelan dagoen egituratuta gizartea, esan daiteke berdin daudela institutuak. Gizartean, homofobia eta arrazismoa dago, eta institutuetan, berriz, jazarpena.

Bullying-aren inguruan gehiago hitz egiten da gaur egun. Nola ikusten duzu egoera?

Orain, gehiago hitz egiten da, eta institutuetan protokolo bat dagoela diote. Hitz egiteak, ordea, ez du esan nahi konpontzen denik. Asko hitz egiten da, baina non? Komunikabideetan, edo gurasoen artean, baina institutuetan oraindik ez da ezer egiten.

Zer egin beharko litzateke?

Etxetik ekarri behar da hezkuntza, baina batzuek ez dute ekartzen, dena delakoagatik. Halako pertsona bat heltzen bada eskolara, eta, indar berezi bat ezartzen baldin badu besteengan, hori irakasle eta institutuaren ardura da; pertsona hori lasaitu egin behar dute, zer gertatzen zaion galdetu, edo terapiara eraman. Ez jazarria izaten ari den pertsona bakarrik. Zer da hobea, zauria sendatzea, ala zauria ez egitea?

Nola iritsi beharko litzateke eskoletako haur horiengana?

Ez dakit nola iristen den horiengana, baina institutuek ba al dute protokolo bat? Gizartean hitz egiten da, ados; baina gizartea den bezalakoa izanda, halako gurasoak ere egongo dira. Beraz, zer erakutsiko diete? Askok esaten diete beren haurrei indartsuenak irabazten duela.

Ia gizarte osoa aldatu beharko litzateke horretarako.

Norena da aldatzeko ardura? Uste dut etxean egin behar dela, baina denetariko etxeak daude. Askok esaten dute haurrak besterik ez direla, baina edatera eta larrutan egitera doazenean ere haurrak al dira? Haur bat da, baina ez al daki jotzea ez dagoela ongi?

Zu 9-14 urte zenituela izan zinen jazarria. Garai horretan, zer izan zen musika zuretzat?

Babes bat. Besteentzat pintura edo filmak ikustea izan zitekeen bezala, niretzat musika jotzea izan zen. Negar egiten nuen, edo barre, baina nire munduan sartzen nintzen.

Musika ihesbide bat izan dela.

Bai, nik horrela sentitzen dut. Musika jotzean, nire munduan sartzen naiz, eta nire barruko sentimenduak ateratzeko balio dit.

The Road zure bigarren lanean, Bullied abestia dago, eskolako jazarpenari buruzkoa. Kontzientziak piztu nahi dituzu horrekin?

Bai. Diskoko lehen abestia da, eta esan daiteke hor hasten dela nire bidea. Esan daiteke abesti horiek guztiek bide bati jarraitzen diotela, hori abiatu nuenetik orain arteko abestiak direlako. Hor kontatzen dut bide hori nolakoa izan den. Nire bizipenetan eta pentsamenduetan oinarrituta dagoena, gainera.

Ikasleen aurrean bullying-aren inguruko bi kontzertu didaktiko eman ondoren, etorri al zaizu inor ezer esatera?

Gaztetxo batzuk etorri zitzaizkidan galdezka nola zen posible niri halako zerbait egitea. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta nik oraindik bizitzaren %20 besterik ez dut bizi izan. Lau urtean hainbeste aldatu bazait egoera, pentsa zenbat alda daitekeen aurrerantzean!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.