“Orduantxe ulertu nuen guztia; nire azal koloreagatik zen”

Mikel Garcia Idiakez / 2016-11-14 / 322 hitz

Gaurko egunez, duela 56 urte, lehen aldia izan zen soilik zurientzako ikastetxe batean ume beltz bat eskolatzen zutena AEBetan. Neskatoak polizia federalak lagunduta joan behar izan zuen hasierako hilabeteetan, oihu, pankarta eta irain artean hartzen zuten herritarrek, gauzak botatzen zizkioten, eta gurasoek seme-alabak atera zituzten ikastetxetik. 6 urte baino ez zituen Ruby Bridges-ek.

Arrazagatiko segregazioa debekatua zuen AEBetako Auzitegi Gorenak, baina hegoaldeko hainbat estatutan ez zuten lege hori betetzen. Mississippiko eskola honetan orduan bizitakoa kontatu du Ruby Bridgesek BBCn, urte batzuk geroago:

“Korrika sartu eta geletatik haurrak atera zituzten, garrasi artean”

“Egun horretan emozionatuta zegoen mundu guztia. Bizilagunak etxera etorri ziren goizean, eskolarako janzten laguntzera. Ondoren trajedun gizon zuri oso altuak etorri ziren eta ikastetxera eraman ninduten autoan. Atarian jende andana zegoen, eta polizia zaldi eta motoetan. Ikuskizun handi bat iruditu zitzaidan, ez nuen imajinatu nigatik izan zitekeenik. Errektorearengana eraman ninduten eta kanpoko jendea korrika sartu zen ikastetxera; geletatik haurrak atera eta etxera eraman zituzten, garrasi artean”.

“Oihu asko ditut gogoan, baita hurrengo hilabeteetan ere. Jaioberrientzako hilkutxa eskuetan agertzen ziren batzuk, panpina beltz batekin barruan, edo ‘urkatu egingo dugu, pozoindu egingo dugu!’ zioten. Beldur handia pasa nuen, baina ez nuen ulertzen zergatik jokatzen zuten horrela”.

“Bigarren egunean ezagutu nuen nire irakaslea. Harritu egin nintzen, zuria zelako, eta inoiz ez nuen irakasle zuririk izan. Emakume zoragarria zen, Bostondik etorria, herriko irakasleak ez zeudelako prest niri eskola emateko”.

“Zergatik ni? galdera aldatzen joan nintzen: Zergatik ni ez?”

“Behin ume batek esan zidan: ‘Nire amak dio ezin dudala zurekin jolastu, beltza zarelako’. Orduantxe ulertu nuen guztia; nire azal koloreagatik zen. Aita lanetik (gasolindegitik) bota zuten, haren alaba nintzela jakin zutenean. Oso bakarrik sentitzen nintzen, ez nuen lagunik eskolan eta nire buruari galdera egiten nion: ‘Zergatik ni?’. Baina hazten joan nintzen heinean, galdera aldatzen joan nintzen: ‘Zergatik ni ez?’. Orain, harro nago gurasoek hartutako erabakiaz. Aldaketak nahi bazituzten, zezena adarretatik hartu beharko zutela ulertu eta hori egin zuten. Halere, jendeari beti esaten diot, oraindik bide luzea dagoela egiteko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.