Itsasadarraren errekonkista

Lander Muñagorri Garmendia / 2017-01-20 / 1043 hitz

Garai bateko Bilboko itsasadar zikin eta usaintsuaren antz txikia dauka egungoak. Urak garbitzeko azpiegiturak jarri dituzte, eta horrekin bizitza itzuli da. Urtetik urtera, arrain espezie gehiago agertzen ari dira: azken neurketen arabera, hogei.

Joan den astekoa da bideoa. Esku ahur batean itsas zaldi bat azaltzen da, arnasa ezin hartu dagoela. Planoa handituz doan heinean, ikus daiteke irudi horiek itsasadar batean hartu direla. Baina planoa gehiago handitzen da, eta Bizkaiko Zubia ikus daiteke urrunean. Ez dago zalantzarik: Bilboko itsasadarrean grabatu dute bideoa. Zehatzago esanda, Sestao (Bizkaia) inguruan. Twitter sare sozialean jarri zuten bideoa joan den astean, eta berehala oihartzun zabala izan zuen sare sozial horretan, ez delako batere ohikoa Bilboko itsasadarrean halako espezierik topatzea. Are gehiago kontuan hartzen bada zein egoeratan zegoen duela 30 urte estuarioko ura. Tuit horrek agerian utzi du, ordea, azken urteetan adituak behin eta berriro esaten ari direna: itsasadarreko uraren kalitatea ona dela.

Baieztapen horrekin bat egin du Eguzkiñe Gil Getxoko Aquariumeko teknikariak. Hain zuzen, euskal kostaldean itsas zaldia berreskuratzeko programa baten parte dira aquariumean, eta itsasadarrean espezie hori agertu izanak erakusten du uraren kalitatea hobetzen ari dela, Gilen arabera. Izan ere, haren hitzetan, itsas zaldiek baldintza oso zehatzak behar dituzte bizi ahal izateko, espezie ahula delako: uraren kalitatea ona izatea, eta ur lasaiak egotea, tartean. Horregatik, Sestaon agertu den itsas zaldiak erakusten du Sestao inguruko urak garbi daudela. Ez hori bakarrik, espeziea bera ere leheneratzen ari dela agerian utzi du horrek, itsas zaldiak euskal kostaldean galtzeko arriskuan baitaude gaur egun. Horregatik, albiste ontzat hartu du aurreko asteko bideoa.

Javier Franco AZTIko biologoak uste du itsasadarrean itsas zaldi bat agertu izana azken hamabost urteetan gertaturiko hobekuntzaren azken kate begia dela, 2002. urtera arte itsasadarraren barrualdeko uretan —Olabeaga auzoaren inguruan— ez baitzen topatu inolako arrain espezierik edo bizidunik. «Gaurko egoera ezin da alderatu ere egin duela 25 urtekoarekin, une honetan itsasadarreko uretan %60ko oxigeno maila dagoelako». 1980ko hamarkada erdialdean egindako neurketekin alderatu besterik ez da egin behar aldea zenbatekoa den ikusteko: %10eko oxigeno maila ere izan zuen estuarioak. «Halako egoeretan bizidunik egotea oso zaila da», esan du. 2001. urtean, itsasadarraren barnealdean ez zuten espezierik topatzen; 2015. urtean, berriz, hogei topatu dituzte. Datu hori bakarrik nahikoa izan daiteke eman den aurrerapausoaren tamainaz jabetzeko.

Baina itsasadar baten biodibertsitatea hori baino konplexuagoa da. Eta ikuspegi orokor bat emanez gero, hor ere aurrerapauso itzela eman dela nabarmendu du Francok. «Ekosistemaren hainbat elementuk mezu bera ematen digute: uraren kalitatea hobetzen ari dela, eta horrekin batera baita sedimentuena ere». Planktona, itsasadarraren hondoan bizi diren arrainak, eta sedimentuen azpialdean bizi diren animalien kopurua handitu egin da azken hamabost urteetan, arrain espezieek egin duten bezala. Eta gauza bera gertatu da algen kasuan ere: «Iraganean gutxi garatutako eta egituratutako komunitate arruntak zeuden lekuan, orain ura gardenagoa da, eta argitasun handiagoa sartzen da barrura; beraz, komunitate horiek egoera naturalean egongo ziren mailara gerturatzen ari dira une honetan».

Jakitun da bera ere Bilboko itsasadarra ez dela sekula egoera naturalera leheneratuko, «gizakiak izugarri baldintzatutako eremua delako». Baina kasu horietarako Europako Batasunak jarraibide batzuk ematen ditu ur masa horiek lortu dezaketen «potentzial ekologikoa» berreskuratu eta neurtzeko garaian. Neurgailu horien arabera, Bilboko estuarioaren egoera ona edo oso ona dela adierazten dute AZTIk han egindako neurketek. «Oraindik lan gehiago egin daiteke biodibertsitatea eta uraren kalitatea hobetzeko, baina esan daiteke urrats nagusiak eginda daudela», adierazi du AZTIko biologoak.

Ur garbia, berriz ere

Uraren kalitatea hobetzeko bidean lehen urratsa 1979. urtean eman zuten: Bilbo Handiaren ur zikinentzako plan integrala onartu zuten orduan. Bost urte behar izan zituzten lehen lanak abiatzeko, eta hamaika Sestaoko Galindo auzoko araztegia martxan jarri arte. «Baina orduan oraindik ez ziren Bilbo Handian bizi ziren milioi bat pertsonen ur zikinak bertara iristen, konexio ugari egin gabe zeudelako», azaldu du Alberto Manzanos URAko teknikariak. 1990eko hamarkadan zehar lan horiek egiten joan ziren, eta 2001. urtean tratamendu biologikoa jarri zen martxan. Hau da, elementu kutsagarriak gutxitzeko tratamendua. Orduz geroztik, itsasadarreko uraren bakterio kopurua 200 aldiz gutxitu da, eta 20 aldiz elementu kutsagarri gutxiago daude.

Fase horrekin hogei urtean emaitza adierazgarriak lortu direla uste du Manzanosek. URA agentziatik egin dituzten neurketetan itsasadarra hiru zatitan banatzen dute, leku ezberdinetako egoera ez delako berdina. Horrela, Abrako bokaleko uraren kalitatea ona dela dio «portua hor egon arren, eta gizakiaren presioa leku horretan handia den arren; edozein modutan, ontzat hartu daiteke bertako uraren kalitatea». Abratik behera jaitsiz gero, Galindoko gunea azpimarratu du Manzanosek, eta hor topatu daiteke itsasadar osoko ur kutsatuenak, paradoxikoa badirudi ere. Araztegiko urak bertan egiten dute bat itsasadarreko urarekin, baina «garbitutako ur horri elementu kutsagarri gehienak kentzen bazaizkio ere, beti geratzen da zerbait». Eta horregatik, Galindoko gunean topatu daitezke elementu kutsagarri gehien. Hori saihesteko asmoarekin, Bilboko Ur Kontsorzioa araztegiko urak itsasora eramateko lanak egitea aztertzen ari da. «Lan batzuk gehiago egingo balira, zerbait gehiago hobetuko litzateke itsasadarreko uraren kalitatea».

Azkenik, Bilboko inguruan urak duen kalitatea ere neurtzen du URA agentziak, eta bertan sumatu dute hobekuntzarik nabarmenena. Uda iristearekin batera, bainua hartzeko guneak ezartzen ere hasi da udala, eta hori izan daiteke berreskurapenaren irudi nagusietako bat. Hala ere, jakitun da oraindik ingurumen helburu guztiak ez direla bete, baina nahiko hurbil daudela adierazi dute agintariek.

Itsasadarreko uraren kalitateak hobera egin duen neurrian, beraz, biodibertsitatea ere handitzen joan da. «Esaten da landare edo arrainak etorkinak bezala direla, konturatzen direla egoera hobetzen ari dela, eta inguruan baldin badaude, mugitu egiten direla; eta horrela, apurka-apurka joaten da hazten bizia ur masa batean».

Kanpoko espezie berriak

Etorkinak bezala iritsi dira, baita ere, bertakoak ez diren hainbat espezie zooplanktoniko. Mugimendu eskasa duten organismo biziak dira zooplanktonak, eta elikagai dira arrain ugarirentzako. Halakorik ere ez zegoen duela hogei urte Bilboko itsasadarrean, eta are gutxiago Olabeaga auzoaren inguruan egindako neurketetan ere. Ibon Uriarte EHUko biologia eta ekologia irakaslea eta ikertzailea da, eta azken hogei urteetan itsasadarrean zooplanktonen neurketak egiten aritu da. «Bertako espezieak berreskuratzen ari dira, baina kanpotik ere sartzen ari dira; horietako batzuk, gainera, beste leku batzuetan inbaditzaileak diren espezieak dira», dio. Baina horrek ez dio ardura berezirik sortzen ikertzaileari, ezer ez zegoen leku batean bizia berreskuratzea delako garrantzitsua beretzat. «Ez dute beste espezierik baztertu, bizitza berreskuratzen ari dira, eta arrainentzat bazka bihurtzen dira». Beraz, oraingoz espezie horiek agertzea positiboa izan daitekeela esan daiteke.

Adierazle horiek guztiak ikusita, duela 30 urteko itsasadar zikin eta usaintsuarekin zerikusi gutxi du gaur egun Guggenheim museoaren ertzak bustitzen dituen itsasadarrak. Industriaren hiria zerbitzu hiria bihurtzearen prozesuan, itsasadarrak berriz ere protagonismo berezia berreskuratuko duelako. Eta Bilbok itsasadarra berreskuratu duela esan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.