Nagore Loidi-Pedro Gonzalez
«Denbora izanda, merke ateratzen dira hegaldiak»
Txikitako amets baten modukoa zen munduari bira egitea. Joan den urtean, esan genuen: edo orain, edo inoiz ez». Nagore Loidi eta Pedro Gonzalez bikote zirenetik, buruan zuten zerbait zen. «Eta orain ez dugunez ez haurrik eta ez hipotekarik…». Gonzalezen arabera, frogatu nahi zuten bidaiaren ametsa bete zitekeen zerbait zela, «eta bidean disfrutatu». Hala egin zuten iaz, hamabi hilabetez.
New York izan zen lehen helmuga. «Gero, Washingtonen sekulako elurtea izan genuen», oroitu du Loidik. «AEBetako ekialdeko kostan 40 urtean eroritako elur ekaitzik handiena», zehaztu du Gonzalezek. Handik Mexikora jo zuten. Kalifornia, Alaska. Hawaiin egin zuten egonaldi bat, Australiara iritsi aurretik. Handik Indonesiara, Malaysiara, Singapurrera eta Thailandiara. Vietnam eta Kanbodiara iritsi ziren gero. Filipinak, Hego Korea, Myanmar, Sri Lanka, India. Indiatik Madagaskarrera, eta handik etxera, bidaiako azken egunak Maurizio uharteetan egin eta gero.
Herrialde horietatik guztietatik Hego Korearekin liluratu da Loidi: «Bizitzen geldituko nintzatekeen toki bat da, atsegin dut. Asiako beste herrialde batzuen aldean, ezberdina da. Oso polita da, eta erosoa ere bai». Koreako herritarrekin ere gustura ibili zen: «Haien kulturan barneratzen saiatzen dira, oso atseginak dira». Beste muturrean, Madagaskarren «iraganera» bidaiatzea izan zela diote bidaiariek.
Gonzalezek, bestalde, nabarmendu du hain denbora luzez bidaiatzen egoteak diru aurrekontuari mesede egiten diola, neurri handi batean. Zergatik? «Hegaldi merkeenen arabera egoten ginen herrialde batean edo bestean, eta denbora jakin batez. Kontua da bilatzaileak erabiltzen genituela, data eta helmuga libreak jarriz». Iazko urtarrilean, Madrildik abiatzeko hegaldirik merkeena New Yorkera atera zitzaien. Hara joan, eta modu horretan joan ziren bidean aurrera eginez. «Denbora asko badaukazu, eta berdin bazaizu toki batera ala bestera joan, hegaldiak oso merkeak ateratzen zaizkizu».
Lotarako, Amerikan eta Australian oheak alokatzen dituzten etxeetan ibili ziren sarri. Asian, berriz, batik bat gazteentzako ostatuetan. «Etxeetan jende asko ezagutu genuen, eta oso ondo egon zen hori», dio Gonzalezek.
Loidik Indiako hainbat pasadizo barneraino sartuak ditu. «Kalean hazi diren hainbat pertsona ezagutu genituen. Bombay hirian, Bombay Barcelona izena zuen kafetegi batera iritsi ginen, eta hango jabeak kontatu zigun kaleko ume bat izan zela, bost urterekin jo eta bortxatu egiten zutela». Kanbodian, berriz, genozidioa ezagutu zuten pertsonekin izan ziren. «Jabetzen zara pertsona ororen desioa dela maitatua izatea, etxe bat izatea, jatea eta osasun ona izatea».
Bidaiaren argazkiak eta abenturak Nyumbani.me blogean jaso dituzte. «Bidaiaren kronika gisa guretzat baliagarri izatea nahi genuen, gauzak ahaztu egiten baitira. Gainera, tresnatzat erabili genuen bidaian elkarrizketa batzuk jasotzeko».
Izaskun Kortazar
«Bi urte egingo nituzke herrialde bakoitzean»
Bolivian dabil egun Izaskun Kortazar, ashram batean —meditazio gunea—, gaztelaniatik euskarara xamanismo eta sorginei buruzko itzulpenak egiten. Laster kitxua hizkuntza ikastekotan da, eta hango familia batean bolada bat egiteko asmoa du. «Nire asmoa Hego Amerika ezagutzea da. Batez ere, kultura tradizionalak, konkista aurreko kulturak eta dibertsitatea». Bidaietako pasadizoak izaskunkortazar.wordpress. com blogean jasotzen ditu. 21 urterekin Pragara lehen bidaia egin zuenetik, ez da gelditu.
Hasteko, Europa. Interrail erabilita, Frantzia, Belgika, Herbehereak. «Zortzi eguneko bidaia izan behar zena 22 egunekoa izan zen». 23 urterekin, Alemania; 23 urterekin, Londres; 25 urterekin, Eskozia. «Han, Eigg uhartea pila bat gustatu zitzaidan. Furgoneta txiki batean ibili nintzen, eta Orkney uharteak oroitzen ditut bereziki».
Bidaiarientzako hainbat gomendio egin ditu: «Aurretik dirua aurrezteko ahalik eta arinen; benetan pentsatzeko zer ikasi nahi den, bidetik ez aldentzeko; hizkuntza ikasteko apur bat, behintzat, tokira joan aurretik; argazki gutxi egiteko; eta leku bakoitzean, gutxienez, hilabete bat emateko». Egonaldiren bat luze-luze bilakatu zaio. 2003an, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen Kortazar, urte bat pasatzeko asmoz. «Baina horrenbeste gustatu zitzaidan, hamahiru urtez han geratu nitzen; batez ere, Boisen, Idahon». Iazko urrian, berriz, dena saldu eta Brasilera joan zen. «Brasilen hiru hilabete eman ditut; orain Bolivian beste hiru egingo ditut. Gero, Ekuadorrera eta Perura joango naiz. Hiru hilabete arinegi pasatzen dira, eta, ahal izanez gero, bi urte egongo nintzateke herri bakoitzean».
Brasilera aurretik egin zuen bidaia bat «oso berezia» izan zen Kortazarrentzat. «Amazoniako leinu bat ezagutu nuen, Tatuyo, eta haiekin bost egunez egon nintzen, haien kultura ezagutzen. Bizitzan benetan zer den garrantzitsua erakutsi zidaten».
Bidaiaria «gauza berriak» ikasteko gogoz da Hego Amerikan bizitzen ari den abenturan, «gero gobernuz kanpoko erakunde batean erabili ahal izateko. Badakit egunen batean Afrikara joango naizela».
Arnasa luzeko bidaiak edo egonaldiak dira Kortazarrenak. Aitortu du: «Niri ez zait hainbeste gustatzen bidaiatzea. Atzerrian bizitzea gustatzen zait, tokiko kulturak ezagutzeko».
Joseba Kamio
«Zoriontsua izan naiz Mongolian eta Patagonian»
Etapa bukaera bat iritsi zen, eta esan nuen: banoa». Enpresa itxi, eta munduan bidaiatzera joan zen duela hiru urte Joseba Kamio —Interneteko marketinean aditua da—. «Jakin-min handiko pertsona naiz, eta hori betetzeko aukera izan dut bidaiarekin». Bi urte eta zortzi hilabeteko bidaia luzea egin du, Asian, Ozeanian eta Amerikan.
Hain bidaia luzea egiteko, aukera merkeak aurkitzea komeni izaten da. Kamiok azaldu du lotarako asko erabili zuela Couchsurfing —etxeetako sofa edo ohe libreetan gaua egiteko aukera ematen duen tresna—. «Beheko mailan ibili naiz bidaiatzen, baina beti baldintza minimo batzuetan». Bidaiatu ahal izateko, edonola ere, Kamiok etxea alokatua izan du hiru urte horietan. «Bi bezerori ere eutsi diet, eta hilean diru apur bat biltzen nuen».
Toki oso garestietan, bestalde, lanean aritu da. «Galapago uharteetan [Ekuador], adibidez, hilabete batez lanean aritu nintzen denda baterako. Ur azpian ibili nahi nuen, baina garestia zen. Denda batekin trukea egin nuen: aholkularitza ematearen truke urpekaritzako murgiltze guztiak eta ikastaro bat doan atera zitzaizkidan». Ia gauza bera egin zuen Hondurasen.
Kamiok bidaia Floridan (AEB) hastea zuen buruan. «Baina etxetik atera bezperan, hegaldi bat topatu nuen Kuala Lumpurrera, Malaysiara, 150 euroan, eta hara joan nintzen». Malaysiatik Singapurrera, eta handik Borneora. «Borneo inguruan itsas bidaiak egin nituen, baina bidaia gogorrak izan ziren, jendez oso-oso beteta zeudelako ferriak. Gainezka. Gaixotu egin nintzen». Sipadan uharte inguruan itsasoan bizi den jendea ezagutu zuen. «Urpekaritza egiteko tokirik onena han dago». Papuara joan zen gero, mendian gora eta behera, zuriekin lehen aldiz 1954an harremanak izan zituen herri batekin, «sekulako abenturan». Handik Ekialdeko Timorrera eta Sumatraraino. «Dengea hartu nuen han».
Nepalen mendian ibili zen gero Kamio, trekking egiten. Handik Indiara, bi hilabeterako. Kanbodia, Vietnam. «Vietnamen konturatu nintzen pasaportean bi orrialde nituela bakarrik, eta Txinara joan nintzen berritzera. Bisa kontuekin sekulakoak pasatu nituen». Txinan pasaportea egingo ziotela, bai, baina hilabete bat itxaron behar zutela esan zioten. «Orduan, bidaia bat inprobisatu nuen Txinan. Jende guztiari gomendatzen diot Txinako mendebaldera bidaiatzea, aukeran bere furgonetarekin, motorrarekin edo bizikletarekin». Pasaportea jaso, eta Txinako ekialdetik Mongoliara. «Hutsak egiteaz nekatuta, baina Mongolian zoriontsua izan nintzen». Atseden hartu zuen gero, Australian, Sydney hirian. Handik Japoniara. Asiako bidaian, bost aldiz pasatu zen Kamio Bangkoketik, aireportutik. «Eta hegaldi merke bat ikusi nuen Bangkoketik Riora. Jauzia egin behar zenez…».
Garraioan aurrezteko bestelako moduak ere topatu ditu Kamiok bidaian. «Riotik Ushuaiara, eta Ushuaiatik Boliviara, 12.000 kilometro inguru auto-stop egiten zeharkatu nituen». Patagonia inguruko bide asko oinez ere egin zituen bidaiariak, mendiz. «Abentura izan zen hori. Baina Patagonian ere zoriontsua izan nintzen». Hego Amerikan bidaiariei laguntzeko dauden Whatsapp taldeak lagungarri egin zitzaizkion. Kolonbian, Mexikon eta Hondurasen egin zituen azken urratsak.