Mikel Garcia Idiakez / 2017-03-06 / 208 hitz
Disneyren pelikulak milioika haur eta helduk ikusten dituztela jakitun, aspaldiko eskaera da: pertsonaia homosexualak ere sar ditzatela filmetan. Kostatu zaio konpainiari, baina estreinatzear den Piztia eta Ederra obraren bertsio berriak pertsonaia esplizituki gaya izango du lehenengoz, eszena batek hala frogatzen duela aurreratu baitu zuzendariak.
Istorioko maltzurra da Gaston, eta haren laguntzailea Le Fou (irudian, elkarrekin): “Le Fouk gaur Gaston izan nahi du eta bihar Gaston musukatzea gustatuko litzaioke. Nahastuta dago, ez daki zer nahi duen. Sentimendu horiek dituela konturatzen hasi da. Eta bukaeran, momentu polit eta esklusiboki gaya izango du Disneyko film batek”, azaldu du zuzendariak.
Bere aldetik, Emma Watson protagonistak azpimarratu du ukitu feminista gehitu diola Ederra pertsonaiari.
Frozen filmeko Elsa, lesbiana?
Disneyren arrakasta handietako bat eta ume askoren istorio kuttunetakoa da Frozen. Bada, iaz kanpaina abiatu zuten, hurrengo filmean Elsa erreginak neska-laguna izan dezan (kontrakanpaina ere izan du eskaerak). Izan ere, hainbaten ustez, protagonista lesbiana da, eta bere boterea ezkutatzeaz ari denean, benetan bere sexu-joera ezkutatzeaz ari da. “Armairutik ateratzen” den unea, pelikulako abestirik ezagunena, hartzen dute adibidetzat: “Ez duzu sentitu behar, besteek ezin dute jakin (…) Ezin diot gehiago eutsi, ez dio axola, deskubritu dute jada, utzi ezazu ateratzen (…) Aske naiz eta orain mugak gainditzen saiatuko naiz, azkenean ez dago arau gehiagorik niretzat, bukatu da fartsa”.