Garikoitz Goikoetxea / 2017-05-31 / 1027 hitz
Hitanoaren erabilera zenbatekoa den aztertu dute Azpeitian eta Usurbilen. Herri batetik bestera diferentzia dago erabileran, baina bistan daude joerak: emakumeak askoz gutxiago jarduten dira hika, eta transmisio galera dago.
Kalean euskara zenbat entzuten den, egiten dituzte neurketak aldian-aldian. Aurki zabalduko dituzte, hain justu, azken Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketaren datuak. Kaleko euskara hori nolakoa den, ordea, badute kezka herri batzuetan. «Azpeitiko eta Usurbilgo udaletatik jaso genuen kezka», kontatu du Olatz Altunak, Soziolinguistika Klusterreko teknikari eta kale erabileraren neurketaren arduradunak. Hitanoaren erabilera zenbatekoa ote den, hori aztertzea nahi zuten. Egokitu egin dute kale erabileraren neurketa egiteko metodologia, eta hitanoaren erabilera zenbatu dute. Azpeitian, aditza duten elkarrizketen %38 hitanoan egiten dituzte; Usurbilen, %28. Badago aldea, baina joera bertsuak sumatu dituzte bi herrietan.
Erabileraren datu orokor horien azpian, izan ere, berealdiko diferentziak daude. Sexua aldagai pisuzkoa da. Azpeitian, gizonen erdiek egiten dute hika, eta emakumeen laurdenek; Usurbilen, lau gizonetik batek, eta zazpi andretik batek. Hitanoaren zein aldaera erabiltzen den, horrek ere ematen ditu gogoetarako datuak: toka, gizonei hitz egiteko forma, erabat gailentzen da. Azpeitian, hika egiten dituzten elkarrizketen %45 dira toka, eta %18 noka; Usurbilen, %64 dira gizonen formakoak, eta %11 andreenekoak.
Nabarmena da diferentzia, beraz. «Hitanoari konnotazio negatiboa eman zaio orokorrean, eta nokari modu ageriagoan», azaldu du Josu Ozaita antropologoak. Hitanoari buruzko ikerketa lan bat egin zuen 2015ean: Hurbilpen bat Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzio, diskurtso eta praktikara. 18-28 urteko gazteak elkarrizketatu zituen.
Nokaren erabilera askoz txikiagoa dela erakutsi dute Azpeitiko eta Usurbilgo neurketek. «Nabarmen gutxiago erabiltzen da, eta kasu horietan nagusiek darabilte gehiago», azaldu du Altunak. Hain justu, adineko andreena da nokaren erabilera handiena.
Haurrei, zuka
Transmisioan galera dagoela irudikatzen dute zenbakiek. Gogoeta hori egin dute Soziolinguistika Klusterrean. «Ikusi dugu nagusiek hika gutxiago erabiltzen dutela haurrak eurekin daudenean. Bide beretik, ziur aski etxe giroan ere hika formaren erabilerak behera egin du garai batetik hona». Umeen artean entzun dute hika gutxien. «Etxeko hizkuntza ohiturei oso lotua dago haurren erabilera. Etxeko galera horren ondorioa da haurren elkarrizketetan hitanoak presentzia txikia izatea».
Transmisio galera hori gorabehera, egia da gizon gazteak direla hika gehien egiten dutenak: hiru elkarrizketatik bi. Nolatan? «Herri euskaldunetan gazteen artean hika entzun izanak adieraz lezake beren kodean integratu duten ezaugarri bereizgarri bat dela hitanoa», erantzun du Altunak. Nolanahi ere, gaineratu du gehiago aztertu behar dela hipotesi hori.
Gazteen erabilera datu orokorrak, izatez, bi errealitate erabat desberdin ditu oinarrian: gizonena eta emakumeena. Azpeitian, mutilen elkarrizketen %90 sumatu dituzte hika; neskenak, %26. Usurbilen, mutiletan, %95; nesketan, %38. «Esaten da Azpeitiko gazteen artean hiketa bizi-bizirik dagoela, baina toka da bizirik dagoena», ohartarazi du Maitane Izagirrek; Hitanoaren erabilera Azpeitian ikerketa lana egin zuen 2011n, Hiznet graduondoaren barruan. Nokak transmisio galera nabarmena duela, hori sumatu zuen ikerketan: «Ikaragarrizko galera izan da hiru-lau belaunalditan: bai amek, bai aitek hiru-lau bider gutxiago egiten diete alabei noka. Tokaren kasuan, aitek semeei lehen adina egiten diete, baina amek, hiru bider gutxiago». Genero bereizketa horiek familiako beste kide batzuekin ere gertatzen dira, Izagirrek bildutako datuen arabera: gazteetan, ahizpen artean noka egiteko ohitura «galdu» egin da, eta lehengusinen artekoa «ia desagertua» dago; gizonen artean, ordea, ohikoagoa da anaiak eta lehengusuak toka aritzea, nahiz eta galerak izan diren.
Egoera ikusita, noka «hilzorian» sumatzen du Izagirrek. «Mutil gazteek erruz egiten dute hika, baina neskek, ez». Antzeko bidetik jo du Ozaitak ere: «Ez da transmisiorik egon, eta galzorian dagoela esan daiteke». Erabilera datu horien argitan, ez du horren ezkor hitz egin Altunak: «Erabilera suspertze bidean ez dira etorkizunerako daturik onenak, baina ikerketa honekin gehiegi esatea litzateke hitanoaren aldaera hori galtzeko bidean dagoela».
Arau tradizionalak hautsiz?
Tokaren eta nokaren arteko diferentzia nabarmena da erabileran, eta, tartean, badago hitano neutro izendatu duten aldaera bat, pisu nabarmena duena: %38 Azpeitian eta %25 Usurbilen. Zer da hitano neutroa? Altuna: «Toka edo noka aldaerak bereizi ezin ditugun elkarrizketak definitu ditugu hala. Adibidez, ‘Zer moduz hago?’. Ezin dugu bereizi solaskide hori noka edo toka ari den, baina badakigu hika erabiltzen ari dela».
Aldaerarekin lotuta, neurketan ikertu nahi zuten beste aldagai bat ere: hitanoa erabiltzeko tradiziozko arau sozialak betetzen ote diren —sexuen arteko aldaerak ez nahastea, haurrek nagusiei hika ez egitea…—. Ezin izan dute. Proba pilotua izan da Usurbilgoa eta Azpeitikoa, eta erabilera neurtzeko metodologiak «muga» erakutsi du erabilera okerrak aztertzeko.
Izagirrek Azpeitian egindako ikerketan, bai, sumatu zuen ez direla beti errespetatzen arau tradizionalak. Adibiderako: gizon gazteen laurdenek hika egiten diote aitari, eta bostetik batek, aitonari; osabei, erdiek. Sexuak badu garrantzia: batetik, gizon horiek ez diete hika egiten amari, amonari edo izebari; bestetik, neskek ez diete hika egiten senide helduei.
Erabiltzen duten aldaeran ere bada haustura. Izagirreren esanetan, neskei hika egiten dieten mutilek aitortu dute toka erabiltzen dutela. Ondorio antzekoak atera ditu Ozaitak: «Toka emakume eta gizonezkoen forma bilakatzen ari da. Kasualitatez, emakumeen forma dago galzorian». Transmisioan ikusten du hutsunea, horregatik ez dutela noka erabiltzen. «Ez dutenez entzun, ez da egon transmisiorik. Normala da ez erabiltzea». Bide beretik mintzo da Izagirre: «Neskek ez dute egiten ez dakitelako, inork egiten ez dielako eta ikasi ez dutelako». Ozaitak beste gai bat ere jarri du mahai gainean: ikuskera ezberdina dutela gazteek. «Duela urte batzuk sekulako akats bezala ikusten zen emakumeei toka egitea, baina gazte askok ez du hala bizi». Ikerketan jasotako iritzi batzuk aipatu ditu; adibidez, esan zioten «zaharkitua» dagoela hizketa sexuaren arabera bereiztea.
Andreek, iritzi ezkorragoa
Erabileraren eta transmisio faltaren arrastoak nabari dira hitanoari buruz gazteek dituzten iritzietan: emakumeek dituzte «iritzi txarrenak», Izagirreren arabera. Adibide ugari ditu ikerketan: hika egitea «arrunkeria eta errespetu gutxikoa» dela adierazi dute, edo neskei «marimutil itxura» ematen diela. Ozaitak ere bilduak ditu era horretako iritziak Tolosaldean: «Batzuen ustez, hitanoa zakarra eta traketsa da, eta emakumeak finagoa izan behar du, genero rolak sartzen direlarik tartean».
Hitanoa nola bultzatu, egitasmo batzuk martxan jarriak ditu Soziolinguistika Klusterrak Azpeitian bertan eta Zumaian (Gipuzkoa). 10-16 urteko ikasleekin ari dira. «Lortu nahi da hitanoaren erabilera sozialak ezagutzea, hitanoa darabiltenengana hurbiltzea, eta erabiltzen hastea edo jarraitzea», azaldu du Altunak. Hitanoarena bide egokia da euskararen erabilera igotzeko, Ozaitak dioenez. «Hitanoak betetzen duen erregistro informal horri esker, gazte horiek ez dute gaztelera erabiltzen. Bestela ez litzateke harritzekoa izango gaztelerara jotzea».
Azpeitiko eta Usurbilgo kaleetan neurtu dute hitanoaren erabilera. Metodologian sortutako oztopoak bideratu nahi dituzte: batetik, erabileraren arau sozialak behatzeko trabak; bestetik, aditza duten solasaldiak behar direnez, lagin arazoak. Segitzeko asmoa agertu du Altunak. «Asmoa da beste herri batzuetan ere egitea, gero eta interes handiagoa sumatzen baitugu gaiaren inguruan».