Edurne Elizondo / 2017-07-27 / 1033 hitz
Bizikletaren gainean gaudenean, gure gorputza da txasisa”. Patxi Etxenikerenak dira hitzak. Txirrindularitza du aspaldiko zaletasun. “47 urte ditut, eta 30 daramatzat bizikletaren gainean”. Ez du utzi nahi, biziki maite duelako, baina aitortu du saiatzen dela ibilgailu gutxiago dituzten bideak aukeratzen. “Arriskua, halere, edozein tokitan da”. Duela urtebete luze, Etxenike eta haren semea harrapatu zituen auto batek, Endarlatsa inguruan. Lesakan bizi da Etxenike, eta Behobiarako bidea hartu zuen semearekin batera. “Bazterbidean ginen gu, bata bertzearen atzean; autoa gainera etorri zitzaigun. Gidariak ikusi gintuen, baina oharkabetu, eta harrapatu gintuen”, gogoratu du.
Etxenikek ukondoarekin apurtu zuen autoaren aurreko kristala; kolpeak fisura eragin zion. Lau saihets-hezur apurtu zituen, gainera, bai eta klabikula ere, bi tokitatik. “Semea 30 metro eraman zuen autoak kapotaren gainean, eta alboko langaren bertzaldera bota zuen, azkenean; erradioa eta kubitua apurtu zitzaizkion, hezur bakoitza hiru tokitatik. Bigarrenez egin behar izan zioten ebakuntza, torlojuak apurtu zitzaizkiolako; urte bat baino gehiago pasatu da, eta oraindik zain gaude ea hezurrak ongi batzen diren”, azaldu du Etxenikek.
Lesakako Beti Gazte elkarteko kide da Etxenike. Bortzirietako txirrindulariak batzen dituen Urtxintxa elkarteko kideekin ateratzen da errepidera, halere, bizikletaz gozatzera. Eskualde horretan zale anitz ditu txirrindularitzak, eta sumatzen da hango bideetan. “Gipuzkoatik ere txirrindulari anitz etortzen da honat”, erran du Etxenikek. Kezkatzen du N-121-A errepidearen egoerak, eta, horregatik, Urtxintxako Mikel Gomezekin batera, Nafarroako Parlamentuan egon da, bide horretan zer hobetu badela aldarrikatzen; neurriak har ditzatela eskatzen.
Nafarroako Gobernuak ere aitortu du txirrindularien segurtasunak kezka eragiten diola, eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuak hartu du konpromisoa hainbat neurri martxan jartzeko. Hasteko, gobernuaren asmoa da txirrindulariek anitz erabiltzen dituzten hiru ibilbidetan seinaleak jartzea: zehazki, Markalain, Ultzama aldea, Erro eta Eguesibar aldean; Ultzama aldean, Bidasoa Garaian, Artesiagan eta Esteribarren; eta Erroibarren eta Artzibarren.
Nafarroako Txirrindularitza Federazioarekin batera lan egin du gobernuak zaleek gehien erabiltzen dituzten bide horiek identifikatzeko eta egin beharreko lanak zehazteko. Federazio horrek 1.650 lizentzia inguru baditu. Erakunde horrek aitortu du, halere, herrialdeko errepideetan ibiltzen diren txirrindulariak anitzez ere gehiago izanen direla, segur aski, lizentzia dutenen adina edo gehiago izanen direlako lizentziarik gabe ibiltzen direnak.
Iruñerriko eta Erdialdeko bertze hainbat ibilbidetan ere seinaleak jartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Bide horiek identifikatu ditu jada, eta gauza bera egin nahi du Maria Jose Beaumonten departamentuak Erriberan ere. “Konpromisoa badago”, berretsi du kontseilariaren kabineteburu Paula Iberok. Datak ez dituzte zehaztu, halere, plangintza egiteke dagoelako, oraindik ere, Iberok erran duenez. Eta uda pasatu arte, segur aski, ez diote lan horri ekinen.
Hamalau hildako 2010etik
2010. urtetik, hamalau txirrindulari hil dira Nafarroako errepideetan gertatutako istripuetan. 2016. urtean, txirrindulariak tartean izan zituzten 110 ezbehar gertatu ziren, eta, ondorioz, hemezortzi pertsona larri zauritu ziren, eta bertze 95, berriz, arin. Aurten, lau txirrindulari hil dira herrialdean: haietako bi auto banak harrapatuta zendu ziren, ekainean, eta bertze biak, berriz, berez hil ziren errepidean, hilabete berean. Ekainera bitarte, hain zuzen ere, txirrindulariak tartean ziren 31 istripu gertatu, eta 29 pertsona zauritu dira Nafarroan, gobernuak zabaldutako datuen arabera.
Halako datuen atzean dagoen errealitatea ongi ezagutzen du Patxi Etxenikek. Egoerak hobera egin dezan, hasteko, “errespetua eta pazientzia” eskatu ditu txirrindulariak. Errespetua errepidean bat egiten duten guztien artean; eta pazientzia, berriz, mantsoago ibiltzen direnekin. “Autoek eta kamioiek argi izan behar dute txirrindulariak ere bagaudela errepidean, eta kontuan hartu behar gaituztela”.
Nafarroako Parlamentuko kideen aurrean egindako agerraldian, N-121-A errepidean gertatzen denaren berri eman zuten Etxenikek eta Gomezek. Bide hori moldatu zutenetik, gora egin du kamioien kopuruak. Trafikoak, oro har, %4,8 egin du gora. Iruñea eta Behobia arteko tartean, egunean ia 9.500 ibilgailu pasatzen dira, eta haietako 2.500 baino gehiago dira astunak.
“Errepidea moldatu zutenean, ordea, txirrindulariak bazter utzi zituzten”, salatu du Etxenikek. Eskualdeko egoera kontuan hartuta, horrek ekarri du 15 kilometro eskaseko tarte batean bospasei gune arriskutsu izatea. Horietan neurriak hartzeko eskatu du Etxenikek. Urtxintxako kideekin batera, “inbertsio txikia” eskatzen duten hainbat proposamen egin ditu: bazterbideak maizago garbitzea; edo Bera eta Lesaka arteko bide berdean brea botatzea, adibidez. Azken neurri horren asmoa da N-121-A errepidea saihestea, bertzeak bertze, Lesakatik Ibardingo mendatera joan ahal izateko. Izan ere, bide berdearen erabiltzaileek errepidearen azpitik badute beren sarbidea. “Seguruagoa da”.
Bertze hainbat tokitan, tunelek eragiten dute arriskua txirrindularientzat. Beratik ateratzeko tokian, adibidez. “Tunelaren ahoa gertuegi dago”, azaldu du Etxenikek. Bertze hainbat zatitan, errepideak bazterbiderik ez izateak sortzen du arriskua. “Bera eta Lesaka arteko tarte batean hori gertatzen da. Bi ibilgailu gurutzatzen badira, jai du txirrindulariak. Duela egun gutxi, autoan pasatu nintzen hortik. Bertze aldetik txirrindulari bat heldu zen, eta atzetik zuen kamioiak aurreratu egin zuen. Nik autoa gelditu nuen, eta txirrindulariak eskua altxatu zion gidariari, ohartarazteko. Baina kamioia ez zen gelditu: indartsuenaren legea ezarri zuen”.
Bertze hainbat txirrindularirekin ateratzen ohi da Etxenike errepidera. “Taldearen babesak ematen dizu segurtasun sentsazio bat. Ematen du eragozpen gehiago eragiten diegula ibilgailuei, eta, ondorioz, gelditu bertze erremediorik ez dute, anitzetan”. Txirrindulariek bata bertzearen ondoan ibiltzeko aukera badutela gogoratu du. “Klaxona jotzen digute gidari anitzek hori egiten badugu, baina badugu eskubidea; taldea handia bada, gainera, errazagoa da gu aurreratzea binaka joaten bagara”, nabarmendu du.
Txirrindulariek ere onartu behar dute beren ardura. Horixe gaineratu du Etxenikek. Nafarroako Gobernuak ere txirrindulariek segurtasunaren alde egin dezaketena mahai gainean jartzeko kanpaina egin du, eta aipatu du, adibidez, aurrean eta atzean argia eramateko beharra.
Txirrindularien erantzukizunaz, “autokritiko” izateko beharra nabarmendu du Etxenikek, hain zuzen ere. “Egia da gaizki ibiltzen diren txirrindulariak badirela”. Urtxintxako kideen artean jorratutako gaia dela erantsi du Etxenikek, eta denen artean adostu zutela “zorrotz” jokatu behar zutela arauekin. Semaforoak jarri ditu adibide. “Badira gelditzen ez diren txirrindulariak; guk erabaki dugu, argi eta garbi, laranja edo gorri dagoenean gelditu egin behar dugula”. Etxenikek argi du errepidean txirrindulariak duela galtzeko gehien. “Gure esku dagoena egin behar dugu, gure esku diren neurriak hartu”, erantsi du. Jakin badaki, halere, hori ez dela beti nahikoa.
Errepideak ulertzeko modua da arazoaren muina, Etxenikeren ustez. Hau da, txirrindulariak ez onartzea errepideetako erabiltzaile gisa. “Baina bagara”. Bide bat egiterakoan edo moldatzerakoan errealitate hori aintzat hartu behar dela berretsi du.
Nafarroako Parlamentuko taldeek txirrindularien eskaerei “harrera ona” egin zietela azaldu du Etxenikek. Gobernuak mahai gainean jarri dituen neurriak ere ontzat jo ditu. Hitzak ekintza noiz bilakatu zain gelditu da.
Herbehereetan gertatu zena ekarri du gogora, errepideetako istripuetan hildako txirrindularien kopuru handiak muturreko neurriak hartzera eraman baitzuen hango gobernua. Ezagutu ditu hango errepideak. Istripuek behera egin dutela nabarmendu du. “Baina hil direnak ez dira itzuliko”. Egoerak okerrera egin baino lehen, neurriak eskatu dizkie hemengo agintariei. Bideak, finean, denentzako tokia izan dezan.