Zomorroen gainbehera, agerian

Juanma Gallego / 2017-10-22 / 890 hitz

Ikerketa batek agerian utzi du, berriz ere, intsektuak urritzen ari direla; fenomenoa gertatzen ari dela esatean, bat datoz aditu gehienak. Kausak argitzeko orduan, lausoak aski nabarmenak dira oraindik.

Istorio ezaguna da, milaka aldiz errepikatua, eta irakurlearen arreta erakartzeko baliorik ez duena. Kazetaritza fakultateetan debekatua beharko lukeen istorioa, beraz. Australiara heldu zirenean, kolonoek untxiak sartu zituzten, baina predatzaile naturalik ez zeukatenez, untxiak ugaritu eta izurrite bihurtu ziren. Itxaron. Entomologoek istorio hobeagoa dakarte. Berdin hasten den istorioa, baina kaka dago tartean. Australiara heldu zirenean, kolonoek ganadua sartu zuten, baina abereekin batera heldu berria zen horrenbesteko gorotz jateko moduko kakalardorik ez zegoen. Txikiegiak omen ziren Australiako kakalardoak, eta agintariek Afrikatik ekarri behar izan zituzten.

«Australian borroka horretan ari dira oraindik», azaldu du Aranzadi elkarteko entomologo Alberto Castrok. «Finean, kakalardo horiek dira gorotzen deskonposizioa azkartzen dutenak. Soilik horrela bueltatzen dira nutrienteak zorura, landareak elikatzeko eta nutrienteen zikloa jarraitzeko». Intsektuek naturan betetzen duten rolaren adibide bat besterik ez da. Baina beste asko dira. «Intsekturik gabe, adibidez, akabo polinizazioa. Izan ere, loreak dituzten landareen %90ek intsektuak behar dituzte polinizatuak izan ahal izateko».

Askotan ohartu gabe igarotzen dira, baina jaun eta jabe dira. Ezagutzen diren bizidunen artean, talderik aniztunena da. «Ezagutzen diren espezieetatik, erdiak baino gehiago intsektuak dira. Eta espezie animalien %70 baino gehiago». Biomasari dagokionez ere, lurreko ekosistemetan ere garaile ateratzen dira zomorrotxoak: biomasarik handiena osatzen dute.

Biomasa hori guztia, ordea, kinka larrian dago. Adituek urteak daramatzate horren berri ematen, eta aste honetan PLOS ONEaldizkarian argitaratutako ikerketa batek ideia hori berretsi du. Azken 27 urteetan Alemaniako intsektuen biomasa %75 baino gehiago gutxitu dela ohartarazi du Radboudeko Unibertsitateko (Herbehereak) Caspar Hallmaninek zuzendutako ikerketa talde batek.

Alemaniako 63 babesgunetan egin dute azterketa hori, mende laurden batean baino gehiagoan. Egileek diote emaitzak bat datozela aurretik beste ikertzaileek intsektu mota desberdinak aztertzeko egindako ikerketekin; hala nola tximeletak, basa erleak eta sitsak. Prentsa ohar batean eman dute abisua: «Emaitzek iradokitzen dute azken urteetan intsektu hegalarien komunitate osoan triskantza izan dela». Agiri horretan azpimarratu dute aspaldiko susmoa zela beherakada zegoela, baino uste zutena baino handiagoa dela. Zioak aztertzeari ekin diotenean, ordea, ikusi dute beherakadak ez duela zerikusirik habitat motarekin, eguraldian izandako aldaketekin edota lurraren erabilerarekin. Horregatik, iradoki dute eskala handiagoko beste faktore batzuk daudela tartean. Klima eta nekazaritza aztertu behar direla diote.

«Babes eremuetan dokumentatu dugun galera honek dimentsio berria dakar. Izan ere, maila trofikoetan ur-jauzi efektuak izan ditzake, eta beste hainbat eragin ere bai ekosistemetan», adierazi dute ikerketan. Horregatik, gainbehera horren arrazoiak aurkitzeko beharra dagoela esan dute. Ez da, ordea, alarma pizteko moduko ikerketa bakarra. Iaz, Europako Batasunaren eta UICN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren babespean 145 zientzialarik baino gehiagok egindako ikerketa sistematiko baten arabera, matxinsaltoak eta kilkerrak biltzen dituen orthopteraordenaren %28 galtzeko arriskuan daude.

Autoak arakatzea aski

Ikerketa sakonak egin behar izan gabe, azken urteotan modan jarri da fenomenoaz ohartarazteko beste adibide bat. Arazoa begi bistan omen dagoelako, bederen 30 edo 40 baino gehiago dituztenentzat. Auto batean bidaiatzea eta arreta pixka bat ipintzea baino ez da beharrezkoa: autoko haizetakoaren fenomenoa deitu diote. Duela hainbat hamarkada, bidaia baten ostean, haizetakoak hildako intsektuz beteta zegoen, baina gaur egun ez da hala izaten, edo, behintzat, ez dago lehen gertatzen zenarekin alderatzerik.

Bartzelonako Biologia Ebolutiboko Institutuko (CSIC-UPF) ikertzaile Xavier Belles Ros-en arabera, PLOS ONE aldizkarian argitaratutako lanak berme osoa dauka. «Duela hilabete batzuk ikerketa horren inguruko albistea irakurri nuen, eta ez nion sinesgarritasun askorik eman, datuak eskasak zirelako. Baina orain, artikulu berri hau irakurrita, ikusten da oso modu sistematikoan egin dutela». Laginak neurtzeko estazioei dagokionez, ikerketa ez dela guztiz homogeneoa esan du Belles Rosek, baina hori zuzentzeko estatistika erabili dutela. «Intsektuak harrapatzeko sistema oso neutroa da. Ez dago, adibidez, intsektuak erakartzeko likido berezirik edo alborapenak sor zitzakeen beste elementurik. Intsektuen kopurua kalkulatzeko sistema, berez, zuzena da».

Gainbehera horren atzean dauden arrazoiei dagokionez, Belles Rosek iraungitze lokala izan dela azaldu du: eremu horietan intsektuak desagertu dira. «Portzentaje txiki batek ere agian iparraldera jo du, klima aldaketaren eraginez». Desplazamendu horiek ugariagoak izango direla argitu du adituak. Habitataren galera jo du aukeran dagoen arrazoi bezala. «Intsektizidek sortutako kutsadura eta nekazaritzak habitatean sortutako aldaketak ere tartean egon daitezke».

Alberto Castro ere iritzi berekoa da. «Ikerketa horretan aldagaiak aztertu dituzte, baina ez dute loturatik aurkitu klimaren edota habitataren eta landarediaren aldaketarekin». Baloratzeke beste hipotesi gehiago daudela uste du Castrok. «Adibidez, pestizidak edo inguruan dauden ekosistemetan nekazaritzak eragindako aldaketa». Halere, patroia oso argia dela ohartarazi du. «Oso nabaria eta kezkagarria den biomasa gainbehera dago. Gainera, neurketa egin duten espazio gehienak Natura 2000 sarean daude, hau da, gune babestuak dira. Bioaniztasuna babesteko gune horietan izan da gainbehera, hain zuzen». Bestalde, Castrok esan du espezie kopurua ez dutela neurtu, eta hori bioaniztasunaren egoeraz jabetzeko beharrezkoa dela. «Hori egiteko denbora asko behar da, banan-banan identifikatu behar direlako intsektu guztiak. Tranpa horiek milaka eta milaka intsektu harrapatzen dituzte», azaldu du. «Habitata birrindu, aldatu edo kutsatu egiten da. Hori da zio nagusia. Bestalde, espezie inbaditzaileak eta klima aldaketa daude tartean. Horrek ez du esan nahi ez daudela garaile atzeratzen diren espezieak. Hiri inguruetakoak, adibidez, garaile ateratzen dira. Labezomorroak eta halakoak», argitu du.

Ohi bezala, ikerketa honek oihartzuna izan du hedabideetan; albiste gehienetan pestizidak jo dira gainbehera horren errudun nagusitzat. Bai ikerketa egin duten zientzialariek bai BERRIAk kontsultatu dituen bi entomologoek ere, pestiziden aukera planteatu dute, baina ez da izan, inolaz ere, lehen aukera. Jatorrizko ikerketara jotzea besterik ez dago: 7.841 hitz dituen artikuluan behin baino ez da aipatu pesticide hitza, aztertu beharreko aldagai gisa. Hala ere, hitz horren arabera eratu dira diskurtso gehienak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.