Mikel Garcia Idiakez / 2017-12-18 / 147 hitz
11-12 urteko kategorian, Kanariar Uharteetako ligan lehenengo doan taldeak (Las Palmas) 47 eta 0 irabazi dio azkena doanari (Las Coloradas). Aurkariei kasik baloia ukitzen ere ez diete utzi txapeldunek, eta polemika piztu da sarean. Zein balore bultzatzen du ba, halako umiliazioak?
Aurrealdean gogor presionatu zuten Las Palmaseko jokalariek eta apenas utzi zieten Las Coloradaseko umeei haien zelaitik ateratzen. Lehenengo zatian 24 gol sartu zizkieten eta bigarren zatian beste 23; adin horretako partiduek guztira irauten duten 70 minutuetan, 47 gol.
Las Coloradaseko arduradunak kritiko mintzatu dira: hainbesteko aldea dagoen taldeen artean jokatu beharra daukatelako, eta aurkarien entrenatzaileengandik bestelako jarrera bat espero zutelako, presio apur bat gutxiago egin zezatela, gutxienez euren umeek pase pare bat egin ahal zezaten.
Azken finean, beharrezkoa al da halako gol festa? Lehia bortitzetik harago zer ikasiko dute umeek halako partiduetatik? Ez al zen ba kirola ikasleen artean balore positibo eta hezitzaileak bultzatzeko tresna? Non dago honen guztiaren alde ludikoa eta dibertigarria?