Ricardo Arregi Heredia / 2018-02-22 / 521 hitz
Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik (Itzultzailea: Iker Sancho Insausti; Elkar, 2017) da irakurri dudan azken euskarazko liburua eta oraindik dabilkit ametsetan; irakurri ditudan azken liburuetatik ederrena, zalantzarik gabe. Esana dago. Badakit asko harrituko direla eder hitz arriskutsua erabili dudalako gerrari buruz eta gerraren izugarrikeriei buruz aritzen den liburua balioesteko: harrituei gogoratu beharko nieke, beharbada, edertasuna gauza polittekin soilik lotzen duen pentsamendu estetikoak gaindituta daramala mende batzuk, baina ez naiz orain teoria estetikoen basoetan sartuko.
Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan Svetlana Aleksievitxek Bigarren Mundu Gerran, Aberriaren Aldeko Gerra Handian, esku zuzena izan zuten emakume sobietarren lekukotasunak biltzen ditu. Kalkulatzen da Sobiet Batasuneko milioi bat emakume armadan ibili zirela mota guztietako zereginetan: erizain, betiko moduan, baina baita frankotiratzaile ere; sukaldari, betiko moduan, baina baita hegazkin-pilotu ere; garbitzaile, betiko moduan, baina baita aire-erasoen aurkako bateriako komandante ere. Liburuak dituen ia 300 orrialdeetan zehar idazleak bildu dituen emakume horien guztien ahotsak agertzen dira gerra garaiko bizipenak era zuzenean kontatzeko: sei lerro besterik ez batzuetan, sei orrialde beste batzuetan. Atal bakoitzaren hasieran soilik agertzen da idazlea azaltzeko zergatik gerra libururik maite ez zuen batek gerrari buruzko liburu hau egin nahi izan zuen edo nola lortu zuen lekuko horrekin edo harekin harremanetan jartzea. Autofikzioaren garaiko idazle ego hanpatuen ondoren, eskertzekoa da, zinez, idazlea lehen lerrotik aldentzeko ahalegina benetako lehen lerroan, frontean, egon zirenei leku eta protagonismo guztia uzteko.
Zer dela-eta hemezortzi urte ere ez zituzten neska haiek guztiek erabaki zuten gerrara joatea? Nola moldatu ziren gizonen artean gizonezko lanetan? «Kondekorazioak ere txikiak ematen zizkiguten», aitortzen du haietako batek. Nola tratatu zituzten gerra amaitutakoan, Garaipena iristean? Zer pentsatzen zuten alemaniarrez edo Stalinez? Emakumeek gerra ez dute kontatzen, ez dute gogoratzen, gizonek bezala, diosku Svetlana Aleksievitxek, bizitzarekin eta naturarekin beste lotura bat dute: lekuko batek azaltzen du nola, idazlea etxera iritsi baino lehenago, senarrak behartu duen mapa zabalduen aurrean fronteak, lerroak, dibisioak eta jeneralen izenak errepasatzera, baina berak beste kontu batzuez aritu nahi du, gerran ibilitako beste neskekin, liburua prestatzen ari zenerako adinean sartutako emakumeekin, bakarrik hitz egiten duenaz, edo berrogei urtez isildu duenaz.
1984an argitaratu zen liburua lehendabizikoz, geroago 2002an, zentsura zaharrak atzean utzirik, berridatzi eta osatu zuen liburua Aleksievitxek. Zentsurari eta autozentsurari buruzko orrialde gutxi batzuk daude liburuaren hasieran, baina, kontuz, Svetlana Aleksievitx ez da ergela: elkarrizketa batean zentsura berriari buruz mintzo da Bielorrusian bere liburu bat 30 euroan dagoela eta bere alaba irakasleak 300 euro hileko irabazten duela azaltzen duenean.
Hamar lerroko testigantza bat irakurri eta liburua itxi egin behar dut lasaitzeko, eztarrian egin zaidan korapiloa poliki-poliki desegiteko. Inguratzen gaituen hunkigarrismotik urrun baino urrunagoa (badirudi den-denak emozio bat sortu behar duela nahitaez), liburu honetako pasarte asko hunkigarriak dira berez, tranpa literariorik eta bestelako tranparik gabe, beharbada Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan kazetaritza nagusitzen delako batez ere, eta ez plastikozko literatura erraza, onak eta gaiztoak lerro argiz bereizten dituena, lezioak eman nahi dituena, auzo lotsa jasangaitza egiteraino errazkeriekin eraikitzen dena.
Ohar oso garrantzitsua: Iker Sancho Insausti itzultzailearen lana, irakurlea lerrotik lerrora erraz eramaten duena, ohar gutxi baina argigarriekin.
Ohar garrantzigabea: Svetlana Aleksievitxi Nobel Saria eman zioten 2015ean, «gure garaiko oinazeari eta ausardiari eginiko oroitarria» izateagatik.
Maialen Berasategik aurrekoan plazaratutako galderek zentzu berria hartzen dute liburu honen argitan.