Animaliak dira, ez maletak

Iker Tubia / 2018-03-27 / 1104 hitz

Oporretan animaliekin bidaiatzen dutenek arazoak izan ohi dituzte sarri. Legedia ez dago oso garaturik, eta, beraz, garraio konpainiek paratzen dituzte muga gehienak. Erabiltzaile eta aktibistek animaliak babesteko legeak galdegin dituzte alor horretan ere, beste batzuetan bezala.

Berriki eztabaida piztu da sare sozialetan, AEBetako United Airlines hegazkin konpainian gertatutakoagatik. Txakurra eserlekuen gaineko maletategian eramatera behartu zuten bidaiari bat, eta bertan hil zen. Bidaiari batzuek kontatu dutenez, txakurraren intziriak adi zitezkeen hegazkina aireratzean. Lur hartu zuenean, baina, isiltasuna zen nagusi. Maggie Schmerin konpainiaren bozeramaileak onartu du animaliek ez luketela goiko maletategian joan behar, eta esan du «ardura osoa» bere gain hartzen dutela,«istripu lazgarriarengatik». Oraingoz, txartelen dirua itzuli diete bidaiariei.

«Nik inolaz ere ez nuke utziko animalia bat hor eramaten, bistakoa baita ito egin daitekeela. Bidaiatzen duen jendeak uko egin beharko lioke horrelakoei; ezin da animalien bizitza arriskuan jarri», esan du Ana Moreno aktibista animalistak. Kexu da gai horretan araudi zabalik ez dagoelako; beraz, animaliei buruzko erabakiak konpainien esku egoten dira askotan. Legeek, osasun kontuak arautzen dituzte bereziki, baina ez animalien ongizatea, Morenoren aburuz. «Oso gaizki dago kontua. Lege bat beharko litzateke, animaliak nola eraman behar diren zehazten duena, garraio publikoan zein pribatuan».

Onartu du araudia ezartzea «konplexua» izan litekeela, baina oinarrizkotzat jo du ideia bat: «Animaliak ez dira maletak; beraz, ezin dira maleten tokian egon. Oxigenoa behar dute, tenperatura egokia…». Harriturik dago oraindik ere ez dagoelako araudi zabalagorik gai horri dagokionean: «Animalien aurkako tratu txarrak definitzen dituen lege bat badugu, ezin dut ulertu afera honetan deus ez pasatzea». AEBetan gertatutakoa salatu du, eta, esan duenez, horrelakoak «nahiko ohikoak» dira. Ez soilik heriotzak; askotan galdu egiten dituzte animaliak, maletak bezala.

Animaliekin bidaiatzea

Gehienetan, animaliek maletekin batera joan behar izaten dute bidaietan. Hori dela eta, ez da oso samurra izaten: «Estres handia izaten dute, batik bat inoiz bidaiatu ez dutenek», azaldu du Nati Lucas Buztintxuri klinikako albaitariak. «Jabearengandik erabat aldentzen dituzte, eta konpainia askok —ez denek— ez dituzte zaintzen animalia horiek; merkantzia balira bezala tratatzen dituzte. Beraz, animalia horientzat egoera nahiko estugarria eta estresagarria da».

Hori dela eta, Lucasek dio haien lehenbiziko gomendioa zera izaten dela: animalia beste norbaiten zaintzapean uztea. Batik bat katuen kasuan, eta bidaia ez bada 15-20 egunekoa baino luzeagoa. «Aldaketa horiek kaltegarriak dira katuarentzat; beraz, hobeki ez eramatea». Zakurren kasuan, «ez bada beste erremediorik» kaiola eramangarrian ibiltzera ohitzeko gomendioa eman du. Lehenbizi etxean irekita utzita, sartu eta atera daitekeela ikus dezan, eta, gero, autoz bidaia motzak eginez. «Zerbait positibo gisa hartu behar du, bidaiatzeko tenorean ez dadin hain traumatikoa eta arrotza izan».

Askotan, neurriak gidariaren araberakoak izaten dira. Miren Mitxelenak katu bat du, eta autobus gehienetan ezin du eraman, maletategian ez bada. Hori ez du inoiz ere onartu. Hala ere, bada gidari bat katua harekin eramaten uzten diona. «Maletategia ez da tokia animalia batentzat. Ni ez naiz sartuko hor; beraz, nire katua ere ez. Beldurtzen ahal da, urduritzen…», azaldu du. «Ilunpean, motorraren soinuarekin eta maletak alde batetik bertzera; hori ezin da onartu. Nirekin joaten bada, lasai egonen da». Haren aburuz, animalia batek ez du zertan inor molestatu.

Mitxelenaren aburuz, animaliak objektuak balira bezala tratatzen dituzte: «Hori ez da batere normala». Lucasek uste du onena animaliak jabeekin batera joatea dela. Dena den, eta oraingoz egoera nolakoa den ikusirik, esan du animaliekin bidaiatu behar duenak hobe duela aldez aurretik ongi informatu.

HEGAZKINEAN

Ez ahantzi pasaportea

Atzerrira bidaiatzeko tenorean, beharrezkoa izaten da pasaportea prest izatea. Hegazkinean animaliaren batekin bidaiatuz gero, norberarena ez ezik, harena ere beharrezkoa da. Pasaporteak honakoa jaso behar du: animalia argi ikusten den tatuaje batekin edo txip batekin identifikaturik dagoela, eta, horrekin batera, jarrita duela errabiaren kontrako txertoa. Bidaiatuko duen animaliak hiru hilabete baino gutxiago baditu, osasun agintarien baimena beharko du.

Europako Batasunetik kanpo bidaiatu nahi dutenei aldez aurretik herrialde bakoitzaren arauak jakitea komeni zaie, herrialdearen kontsulatura deituta, adibidez. Hegazkin konpainiaren baldintzak ere ongi aztertu behar dira, batzuetan ez baitute animaliekin bidaiatzea baimentzen. Adibidez, Iberiak ez du baimenik ematen Erresuma Batura egiten diren bidaietan.

Gehienetan, animaliek kaiola eramangarrian bidaiatu behar dute, maletekin batera. Txikiak direnean, aukera izaten dute bidaiariekin batera joateko. Horrelakoetan, konpainiek gehienezko pisua ezartzen dute. Zortzi kilo inguruan egoten da muga, baina pisu horren barruan dago kaiola eramangarriarena ere. Maletekin zein bidaiariekin joan, aparteko kostua du animaliekin bidaiatzeak.

TRENEAN

Gainerako bidaiarien onespenaren menpe

Badago aukera animalia batekin trenez bidaiatzeko, baina, betiere gainerako bezeroek kontrakorik esaten ez duten bitartean; hau da, bidaiari bat aurka agertzea aski da animaliak trenean bidaiatzerik ez izateko. Txakur laguntzaileak dira arau horretatik salbuetsita daudenak, bidaiariarekin batera joan baitaitezke. Bestalde, bidaiari bakoitzak animalia bakarra eraman dezake berekin. Gainera, txartel arruntarekin bidaiatzen dutenek, %25 ordaindu beharko dute animalia eramateko.

Gertuko bidaietan ez da txartelik ordaindu behar txakurrak, katuak, hegaztiak edo hudoak eramateagatik, baina ezin dute eserleku bat hartu. Halakoetan ez dago gehienezko pisurik, eta ez da beharrezkoa animaliak kaioletan eramatea, baina txakurrek eta hudoek muturrekoa eraman behar dute, eta 1,5 metro baino gutxiagoko uhalarekin loturik egon behar dira. Beste garraiobideetan bezala, jabeak du gerta daitekeenaren ardura.

AUTOBUSEAN

Maletekin batera

Autobusean bidaiatzea ez da samurra animalientzat. Izan ere, araudien arabera, maletekin batera joan behar dute. Eserlekuetan txakur laguntzaileek baizik ezin dute bidaiatu. Normalean, bidaiari bakoitzak animalia bakarra eraman dezake berarekin, eta gehienezko pisua ere ezarrita egoten da: hamar kilo. Itxita eta segurua den kaiola eramangarri baten barnean bidaiatu behar dute, eta autobus konpainien arauetan jarri ohi dute animaliaren jabea izanen dela gertatu daitekeenaren erantzule.

Horrekin batera, jabeak utzi behar du animalia maletategian, eta helmugara ailegatzean hark hartu behar du. Gainera, normalean garaiz joan behar da, arazorik egon ez dadin. Bidaiariak, bere txartela ez ezik, animalia eramateagatik txartelaren zati bat ordaindu behar izaten du. Kontuan izan behar da autobus asko ez daudela animaliak eramateko egokiturik. Dena den, autobus konpainia batzuek autobus bereziak dituzte horretarako.

FURGONETAK

Animaliarendako bidaia

Hainbatek nahiago dute beraiekin batera doan animalia maletekin batera ez joatea; horrelakoetan, animaliak garraiatzen dituzten enpresak izan litezke alternatiba. Banaketa enpresa batzuek ere ematen dute aukera, baina badira erabiltzaileak gisa horretako enpresa batzuen egoera txarrak salatu dituztenak.

Espezializatutako enpresek normalean furgonetan eramaten dituzte animaliak. Albaitaria joateko aukera ematen dute, eta geldialdi bat egiten dute lau-bost orduero, animaliak kalera ateratzeko. Enpresa horiek hainbat bidaia programatzen dituzte, zerbitzua banaka kontratatu behar ez izateko. Modu horretan, hainbat lagunen animaliek elkarrekin egiten dute bidaia. Aukera ematen dute ere hainbat lagun elkartu eta zerbitzua kontratatzeko.

AUTOAN

Seguru ibili

Jende askok autoan egiten ditu bidaiak, eta, horrelakoetan, komeni da animalia batekin nola bidaiatu jakitea. Lehenik eta behin, muga fisikoren bat behar da animaliaren eta gidariaren artean. Animalia atzeko eserlekuan jar liteke, arnes eta segurtasun uhalarekin loturik, kaiola eramangarri batean —hori ere segurtasun uhalarekin loturik— edo maletategian, baina banatzeko sareta bat paratuta. Trafiko erakundeen esanetan, komenigarriena da animalia kaiola eramangarrian sartu eta maletategian edo lurrean eramatea. Hori da modurik onena istripu bat izatekotan larriki ez zauritzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.