Pernan Goñi, ilustratzailea: «Hemen inor ez da arrazista, puntu jakin batera iristen den arte»

Itziar Ugarte Irizar / 2018-03-13 / 492 hitz

Arrazakeriaren aurkako borrokan, zurrumurruak eta aurreiritziak izan daitezke oztoporik zailenak. Horiek gainditzeko alea jarri nahi du Goñik ‘Alaia, euskalduna eta musulmana’ film laburraren bidez.

SOS Arrazakeriak susmoa du komunitate islamiarraren bazterketa indartuz doala arrazakeriaren eremu arantzatsuan. Haren barruko ZAS zurrumurruen aurkako sareak bultzatuta, Alaia, euskalduna eta musulmana komikia egin zuen aurrena Pernan Goñik (Oñati, Gipuzkoa, 1968), eta animaziozko film labur bihurtu du berriki. 19 urteko neska euskaldun eta musulman bat du protagonista: Alaia. Bartzelonan bizi da Goñi, baina Euskal Herrian izan da azken egunetan.

Inor ez da arrazista, baina…

Gazte batek etxean bikotekidea aurkezten duenean hura marokoarra edo ijitoa bada, aurpegi txarrak jasan beharko ditu. Hemen inor ez da arrazista, puntu jakin batera iristen den arte.

SOS Arrazakeriak musulmanenganako bazterkeriaz ohartarazi du. 

Bai. Nik Bilbon ijitoen aurkako arrazakeria ikusten dut, batez ere. Ez da ijito bat ikusi eta espaloiz aldatzea. Gauza sotilak dira. Eta alderantziz ere gerta daiteke. Ni tratuan egon naiz ijitoekin, eta entzuten nituen euren artean niri payudo deitzen.

Eskatu dizu sentsibilizazio lan bat proiektu honetan parte hartzeak?

Egia esateko, ez. Izan ditut esperientzia propioak; urteetan musulmanekin bizi izan naiz pisu partekatu batean, Bilbon, eta orduan ikusi nituen hainbat bazterketa egoera.

Enplegua aurkitzeko diskriminazioa da film laburreko egoeretako bat. Zein beste aipatuko zenuke?

Adibidez, nola ikasle pisu batean sartzea ukatzen dieten hiru lagunei, haietako bat, Alaia, musulmana delako. Edo beste batean, diskoteka batera joan, eta Alaiaren bikotekideari nola ukatzen dioten sartzea, mairu itxura duelako.

Komunitate musulmaneko kideek egunero salatzen dituzten pasadizoak ei dira.

Bai, benetako egoeretan daude oinarrituta. Komikian kontatzen den beste egoera bat da nola polizia kontroletan susmagarritzat jotzen dituzten hijaba eramateagatik.

Azkenean, erakusten da zurrumurruak ez direla airean gelditzen, eragin jakin bat dutela pertsona askoren bizitzan.

Erabat. Zurrumurruek ez lukete eragin behar jendearen jarreretan. Beharbada, oso azal finekoak gara gaur egun.

Kultura musulmana euskaldunena baino matxistagoa den aurreiritzia ere agertzen da.

Hori Madrilen «euskaldun» esan eta ETA aipatzen dizutenean bezala da. Eta zer nahi duzu esatea: inposizio kulturalak eta estereotipoak kultura guztietan daude.

Euskalduna eta musulmana, biak batean da Alaia; batzuentzat olioa eta ura dira ia-ia.

Identitateak konplikatuak dira, eta mugak ez daude beti oso argi; zer den euskaldun izatea, zer den musulman izatea. Nik neuk uste dut euskaldun gehienak kontserbadoreak direla. Euskal Herria ez da New York. Tira, New York ere… Baina gurea ez da leku bat zeinetan arraza asko egon diren elkarrekin bizitzen urte askoan. Hau bezalako lanek balio dute normalizatzeko, apur bat, euskaldun eta musulman direnen presentzia.

Identitate berriena ez da Euskal Herriko zerbait bakarrik.

Ez, ez da. Lehengoan, komiki feria batean egon nintzen, eta neska andalutxina bat egon zen. Ikusten duzu, eta txinatar-txinatarra da, baina Andaluzian jaiotakoa. Haren komikiak horretaz dira; Gazpacho agridulce dute izena.

Ilustrazioa da zure arte esparrua. Sormenak balio dizu portaera sozialak astintzeko?

Orain, itsas ekologiari buruzko lan batekin nabil, eta gustatzen zait, egiten dudana egiten dudala, puntu bat soziala izatea; gura bada, politikoa. Jakitea zerbait egin dezakezula, apurtxo bat behintzat. Gustatuko litzaidake neure burua aktibista gisa ikustea, baina pijo bat naiz! [barreak].

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.