Sustatu / 2018-03-13 / 534 hitz
Stephen Hawking fisikari eta astronomo entzutetsua hil da. Londresen jaioa 1942an, hainbat zientzia arlotan sari ugari jasotakoa, besteak beste 12 honoris causa doktoretza. Zulo beltzen inguruan eta kosmologiaren hainbat esparrutan egindako ekarpenek zientziaren ikuspegia aldarazi zuten gai horien inguruan. Bart hil da, familiak jakinarazi duenez, 76 urte zituela. Sarean bere figuraren inguruko aipamenak izugarri ari dira zabaltzen #Hawking traolarekin.
Bere seme-alabek bart emandako mezu honen bidez ezagutu dugu fisikari handi honen heriotza:
Oso tristetuta gaude gure aita maitea hil egin baita gaur. Zientzialari handia zen eta gizon aparta; bere lana eta oinordekotza luzarorako biziko da. Ausart eta temati, umoretsu eta azkarra; ezaugarri horiek inspirazio izan dira hainbat pertsonarentzat mundu osoan. Berak esana da, ‘unibertsoak ez luke askorik balioko, ez balitz maite duzun jendearen etxea dela’. Betiko sentituko dugu bere falta.”
Fisikaririk ezagunenetakoa, pop kulturaren ikono, ia-ia
Zientziari egindako ekarpenaz gain, pop kulturaren ikono modukoa ere izan da, besteak beste The Big Bang Theory eta Stark Trek telesailetan parte hartuz, eta The Simponstelesailean ere azaldu izan da bere marrazkia. Ziurrenik, herritarren artean fisikaririk ezagun eta “mediatikoena” izan da. Horretan eragina izan du, noski, bere gaixotasunak (Lou Gehrig sindromea zeukan). 1963an diagnostikatu zioten eta 2 urteko bizi-itxaropena eman zioten. Beste 55 urtez bizi izan da.
Hawkingen lehen emazteak idatzitako memorietatik, The Theory of Everything (guztiaren teoria, euskarazko azpidatziak daude) film biografikoa egin zen 2014an. Unibertsitateko karreraren hasiera, bere gaixotasunaren hastapenak eta bere lehen ezkontza ageri dira film horretan.
Stephen Hawking (Wikipediatik hartua)
Stephen William Hawking
(Oxford, Ingalaterra, 1942kourtarrilaren 8a – Cambridge, 2018ko martxoaren 14a) fisikari eta astronomoa izan zen, bere garaiko ospetsuenetakoa. Hainbat zientzia arlotan egindako ekarpenei esker, sari ugari jaso zituen; aipagarrienak, jaso zituen hamabi honoris causa doktoretzak.
Haren gurasoak Londresen bizi ziren, baina Bigarren Mundu Gerraren ondorioz ama Oxforda joan zen, eta han jaio zen Stephen Hawking.
1959an Oxforden zientzia naturalak ikasteko beka bat lortu zuen eta fisikan lizentziatu zen 1962an. Ondoren Cambridgera joan zen kosmologia ikertzeko. 1963an alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten eta soilik pare bat urte biziko zela esan zioten baina bere doktoretzarekin aurrera jarraitzeko grina sortu zitzaion. Ez zuten bere bizi itxaropena asmatu baina pixkanaka bere gorputzeko mugikortasuna galduz joan zen.
Doktoretza egiten ari zen bitartean ezkondu zen Jane Waylinekin (1965ean) 1966an lortu zuen fisikako doktoretza. 1972an Hawking Royal Societyko kidea izatera sartu zen; hiru urte eta gero fisikako irakasle izan zen Cambridge-en. Bere bizitza osoan hainbat sari eman dizkiote, baita liburuak argitaratu ere. Hogeita bost urtez ezkonduta egon eta gero, 1990ean ezkontza apurtu zen. Zientifikoa Elaine Mason izeneko bere erizainarekin bizitzera joan zen. Bost urte geroago ezkondu egin ziren.
Handik aurrera ikertzen jarraitu zuen eta irakasle gisa hainbat unibertsitatetan jardun zuen. 1970etik aurrera astronomian espezializatu zen zulo beltzen fenomenoa eta Big Bang teoria ikertuz. 1982an Denboraren historia laburra idatzi zuen unibertsoari buruzko dibulgazio liburu ospetsua. Jainkoarengan sinesten duten zientzialarien aldean lerratu zen orduan, Unibertsoa zientifikoki ulertzea eta Jaungoiko sortzailea izatea bateragarriak baitziren harentzat, baina 2010ean argitaraturiko liburuan, The Grand Design hain zuzen ere, atzera egin zuen, zientzia modernoak Jainko sortzaile bat izateari aukerarik ematen ez ziolakoan.
Bere bizitzako azken urteetan gurpildun aulki elektriko bat erabili zuen, baita hitz egiteko balio zion ordenagailu bat ere. Baina horrek ez zion galarazi fenomeno astronomikoak ikertu eta dibulgazio liburuak idaztea, mundu mailan fisikari garrantzitsuenetako bat izanik.