Misha Becker, hizkuntzalaria: «Elebitasuna kaltegarria dela uste dute AEBetan»

Kerman Garralda Zubimendi / 2018-04-17 / 486 hitz

Beckerrek salatu du Ameriketako Estatu Batuetako gizarteak interes falta handia duela txerokiaren inguruan. Hizkuntza biziberritzeaz txerokiak soilik arduratzen dira, eta galtzeko arriskuan dago.

Txeroki hiztun gehienak Oklahoman daude (AEB). Misha Becker (Washington, 1973) ez da txerokia, baina zuzeneko harremana du haiekin. Hitz Adina Mintzo zikloaren barnean, txerokien hizkuntzari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Ikasturteko azken hitzaldia izango da.

Zer lotura duzu txerokiarekin?

Haurrek hizkuntzak ikasteko duten gaitasuna ikertzen dut, bereziki sintaxiaren esparruan. Duela hiruzpalau urte, elebitasunaren inguruko klase batzuk ematen hasi nintzen Ipar Carolinako unibertsitatean, eta horren harira egin nuen topo txerokiarekin. Elebitasuna kaltegarria dela uste dute Ameriketako Estatu Batuetan, eta iritzi horrek nola eragiten dion galdetu nion neure buruari. Horri buruz hitz egingo dut bihar hitzaldian.

Nolakoa da txerokiaren egoera?

Galtzeko arrisku bizian dago. Pentsa, Ipar Carolinan 300 bat hiztun soilik izango dira; Oklahoman gehiago dira. Azken datuen arabera, mila eta hamar mila hiztun bitarte daude. Aldeak horren zabalak dira, hitz solteak dakizkiten herritarrak hiztuntzat hartzen baitira, baina txerokiz elkarrizketa oso bat mantentzeko gai direnak gutxi dira. Egunerokoan, ingelesa erabiltzen da soilik.

Hizkuntza txiki batentzat erraza da ingelesa bezalako hizkuntza handi batekin bizitzea?

Jendea ez da konturatzen posible dela hizkuntza bat baino gehiago jakitea. Ingelesa ikasteko txerokia jakitea ez da arazo bat, are gutxiago haurrentzat. Gure indar guztiak ingelesera bideratzen ditugu. Ez da beharrezkoa, ingelesak ez duelako laguntzarik behar, eta jarrera horrek kalte egiten digu.

Europarrak iritsi zirenetik, txerokiek beti izan dute zuzeneko harremana hizkuntza hegemoniko handiekin. Nolako eragina izan du horrek?

Hasieran, elkarbizitza ona zen, baina 1838. urtean txerokiak euren lurretatik kanporatzeko lege bat atera zuten. Migrazioak ondorio lazgarriak izan zituen txerokientzat, asko hil egin zirelako bidean. Gainera, orain gutxi arte ez zeuden txeroki hizkuntza ikasteko eskolak, eta askok ezin izan dute txerokia ikasi. Galdutako belaunaldi bat dagoela esan ohi da.

AEBek babesten dituzte hizkuntza eta kultura indigenak?

Ez, interes falta nabarmena dago. Esaterako, Dakotan eskola inklusibo bat sortu nahi zuten, eta horretarako gobernuari diru laguntzak eskatu zizkioten. Trabak besterik ez zituzten jaso. Txerokiek kasino bat dute, eta bertatik jasotzen dute ekintzak egiteko dirua.

Badago txerokia indartzeko egitasmorik?

Hizkuntza indigena asko dago AEBetan, eta denak larri. Elkar laguntzen saiatzen dira, baina zaila izaten da, hizkuntzen artean dagoen aldeagatik. Txerokiari dagokionez, egon, badaude hizkuntza biziberritzeko saiakerak. Material didaktikoa dute, gero eta ekintza kultural gehiago antolatzen dituzte, eta udaleku txerokiak antolatzen dituzte, txerokien hizkuntza eta bizi estiloak zabaltzeko.

Beraz, ohartzen dira hizkuntza eta kultura oso bat galtzear dela.

Txerokiak soilik. Herritar askok ez dakite txerokia hitz egiten denik ere. Erabatekoa da interes falta.

Etorkizunari begira, baduzu itxaropenik?

Espero dut eutsiko diogula txerokiari, eta ez dela galduko. Baina txerokien esku egongo da. Ni ez naiz txerokia, ez naiz nor zer egin behar duten esateko. Nik egin dezakedan bakarra zera da: ikerketaren bidez jasotako ondorioak helarazi.

Zer ikas dezake Euskal Herriak txerokiengandik?

Haurrek ikas dezaketela hizkuntza gutxitu bat, bigarren hizkuntza bati kalterik egin gabe.

Eta alderantziz?

Txeroki izaera oso garatua dute, eta beraien nortasunaz oso harro daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.