‘Euskañolaren’ psikolinguistika

Edu Lartzanguren / 2018-09-21 / 1065 hitz

«Egon naiz arratsalde osoan ‘con la mantita’». Nola liteke horrela nahastea euskara eta gaztelera? Zabarkeriatzat dute askok, baina zientzialariek esperimentua egin dute Donostian, eta, frogatu dutenez, elebidunek horrela egiteko berezko joera dute, eta eleak nekerik gabe nahasten dituzte.

Angela de Bruin ikertzaileak irudiak erakutsi dizkie boluntarioei, eta horietan agertzen diren gauzen izenak euskaraz esateko eskatu die. Gero, gazteleraz. Ondoren, aukera eman die ikusten dutena nahi duten hizkuntzan izendatzeko: euskaraz edo gazteleraz. Erantzuteko zenbat milisegundo behar izan dituzten neurtu du zientzialariak. Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language gunean egin du esperimentua. Elebitasuna eta hizkuntza aldaketa ikertzen ditu zientzialari herbeheretarrak. «Nik beti nahasten ditut nederlandera eta ingelesa, eta horregatik liluratu nau beti ikusteak beste jendeak nola kontrolatzen dituen horren erraz bere bi hizkuntzak», esan du. Euskal Herria gaia ikertzeko «ingurune perfektua» da, ikertzailearen arabera.

De Bruinek esperimentutik atera dituen ondorioen arabera, elebidunek azkarrago izendatzen dituzte objektuak hizkuntza aukeraketa libre uzten dietenean. Elebidunek hizkuntzak tartekatzen dituzte, «euren kabuz eta esfortzurik gabe», ondorioztatu duenez. Bi hizkuntzak tartekatuta, gainera, hizkuntza bakarra erabilita baino azkarrago eta errazago komunika daitezke elkarrekin. «Horrek zalantzan jartzen du elebitasunaren aurkako ohiko ideia bat: bi hizkuntza egiteak bakarra egitea baino ahalegin handiagoa eskatzen duela», esan du De Bruinek.

Esperimentuaren funtsa azaldu du Jon Andoni Duñabeitia Madrilgo Nebrija Unibertsitateko ikertzaileak. De Bruinekin batera egin du ikerketa Duñabeitiak, eta Voluntary language switching: When and why do bilinguals switch between their languages? [Hizkuntza borondatez aldatzea: noiz eta zergatik aldatzen dituzte elebidunek euren hizkuntzak?] izenburupean argitaratu dute nazioartean kognizio zientzien erreferentzietako bat den Journal of Memory and Languagealdizkarian. «Irudia ikustetik izendatzen hasi arte pasatzen den denborak prozesu kognitiboari buruz hitz egiten digu», azaldu du Duñabeitiak. Zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta «kostu kognitibo» handiagoa izan du garunak; lan gehiago egin behar izan duela, alegia. «Badakigu hizkuntza batetik bestera pasatzeak kostu kognitibo handia dakarrela, eskuin eskuarekin idazteari utzi eta ezkerrarekin idazten hasten garenean bezala». Baina ikertzaileek ikusi nahi zuten zer gertatzen zen hizkuntza libreki aukeratzen uzten zitzaienean elebidunei. «Ikusi dugu hizkuntzak nahastea kognitiboki errazagoa dela».

Horretan al datza horrenbeste jendek erabiltzen duen euskañolaren arrakasta? Errazagoa delako elebidunen burmuinarentzat bi hizkuntzak libreki erabiltzea aldi berean?

Ohikoa eta naturala

Ikerketaren emaitzak ez dira harrigarriak Orreaga Ibarra Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearentzat. Adituak luze ikertu ditu 20 urte inguruko gazteen arteko elkarrizketak. El euskera de ayer y hoy: variación y contacto [Atzo eta gaurko euskara: aldaketa eta kontaktua] liburua argitaratu berri du. «Gazteak gai dira fisikaz edo pedagogiaz lan ederrak idazteko, eta, gero, halako nahasketa erabiltzen dute ahozko jardunean besteekin komunikatzeko».

Gauza bera gertatzen da gizarte elebidun askotan, dela Belgikan bizi diren marokoarren artean, dela New Yorkeko spanglisharekin. Elebidunek ez dute erabat baztertzen hizkuntzetako bat beste elebidunekin aritzen direnean.

Ibarraren iritzi berekoa da Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoen koordinatzailea: «Hizkuntza tartekatzea ohikoa eta naturala da elebidunon eta eleaniztunon artean. Kontrakoa harrigarria litzateke».

Baina gizarte elebiduna esamoldea eta hizkuntza nahaste librea entzutean, bekain bat altxatuko du batek baino gehiagok, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa ezagututa. Hizkuntzetako bat hegemonikoa izateak eta bestea menpekotasun egoeran egoteak ez al du baldintzatzen erabilera? Ez al du horrek mekanismo neurolinguistikoetan eragiten?

«Horrekin lotuta dago esperimentuan ikusi genuen beste gauza interesgarri bat», azaldu du De Bruinek: «Elebidun ia guztiek nahiago zuten euskara erabili, eta, hizkuntzak libreki erabiltzeko aukera zutenean, euskara erabiltzen zuten gehienetan». Euskaldun elebidunak erabili ote dituzte esperimentuan? Ikertzailearen arabera, gazteleraz hobeto moldatzen direnen artean ere euskara gehiago erabiltzeko joera dagoela erakutsi du ikerketak.

Izan ere, hizkuntza nahasketa aldatu egin da azken urteotan, Ibarraren arabera: «Duela urte batzuk, euskaldunek erdarazkoak tartekatzen zituzten; orain, elebidunek euskarazkoak tartekatzen dituzte erdaraz ari direnean ere».

Baina Muñoaren arabera, hori ez da bestea bezain ohikoa, komunikazioa arriskuan jar dezakeelako erdaldun elebakarrekin, eta baita hegoaldeko eta iparraldeko euskaldunen arteko elkarrizketetan ere.

Euskal Herrian hizkuntzak nahastearen fenomenoan gauza batek «kezka eta beldurra» eragiten du, Muñoaren arabera: menpeko hizkuntzak erregistroak edo baliabide linguistiko hainbat galduko dituela, edo hizkuntzak bere izaera edo nortasuna galduko duela. «Baina hizkuntzak horrelakoak dira, hiztunak horrelakoak gara, eta hori barneratu behar dugu».

Erregistroa, ez-hizkuntza

Euskañolaren bidez gaztelaniak euskara «jango» duen beldurra aipatu du Ibarrak, hizkuntza degradatu edo hondatuko den. «Horregatik, irakasleak hizkuntza bakar eta batean mintzarazten saiatzen dira». Baina kalean, goizeko hiruretan, «lagunenganako keinu gisa» nahasten dira hizkuntzak. «Egon naiz arratsalde osoan con la mantita» esaldia aipatu du Ibarrak, adibide gisa. Ez da ezintasuna: hiztunak badaki hori euskaraz esaten, baina «esandakoari indarra emateko, identitatea markatzeko eta laguntasuna adierazteko keinu bat da». Gazteak taldearen partaide sentitzen dira hori erabilita. Euskañola ez da, beraz, sasi-hizkuntza bat, baizik eta erregistro bat.

De Bruinen arabera, ikerketaren emaitzak inplikazio praktikoak ditu, hezkuntzarako. «Mentalitatea aldatu beharko genuke: hizkuntzen artean jauzi egiteak ez du esan nahi unean erabiltzen dena ez dakitela. Guztiz naturala da nahastea, eta agian bi hizkuntzak ez genituzke erabat banandu behar ikasgeletan».

Arrakala

Duñabeitiak argi utzi nahi du: «Guk ez dugu hizkuntzak horrela erabiltzea bultzatu nahi, baina orain badakigu nahastea positiboa izan ahal dela, gizartearen isla dela, eta, agian, eskolara eraman beharko litzatekeela. Bada garaia hizkuntza nahastea ez zigortzeko». Hizkuntzentzako «konpartimentu estankoak» sortzea ez da batere ona, ikertzailearen arabera. «Gizarte elebidun bat lortzeko, amankomuneko esparruak topatu behar dira hizkuntzak erabiltzeko». Euskararen ezagutzaren eta erabilpenaren artean dagoen arrakalari begiratuta, agerian geratzen da «agian euskaraz egiteko esparru amankomunak ez ditugula topatu».

De Bruin eta Duñabeitiaren ikerketa ez da soziolinguistikaren esparruan sartzen, noski. Halere, Duñabeitiak esan du geure buruari galdetu beharko geniokeela normalizazioa lortzerik ote dagoen orain bezala jarraituz gero. «Bideak bilatu beharko genituzke bi eta hiru hizkuntzarekin jokatzeko eta normaltasun baten barnean sartzeko hori».

Hezkuntzaren eremuan, hizkuntzak tartekatzeko aukera erabili egiten da, batez ere ikasle heldu berrien kasuan, Muñoaren arabera. «Estrategia didaktiko egokia izan daiteke, eta merezi du hori ikertzea, eta ikustea gurean zer eman dezakeen».Tresna bat izan daiteke, alegia, ikasleei edukiak barneratzen laguntzeko, inklusioan laguntzeko edo hizkuntza bat ikasten laguntzeko. Baina hizkuntzak nahastea «helburu gisa ulertzen badugu, uste dut oso erraz eror gaitezkeela elebitasun edo eleaniztasun pasiboan: hizkuntza ulertu bai, baina hitz egin edo idatzi ez». Eta eskolaren helburua ez da hori, Muñoaren arabera, baizik eta «ikasleen hizkuntza gaitasuna ahalik eta gehien garatzea bizitzan topatzen dituzten edo topatuko dituzten egoerei aurre egiteko gai izan daitezen».

Beste ikerketa psikolinguistiko bat ere irakurri nahiko luke Ibarrak: «Hizkuntza batean edo bestean noiz sentitzen da hiztuna eroso gauza bat adierazteko?». Eta beste bi ikerketa ditu buruan De Bruinek: aztertu nahi du bi hizkuntzak tartekatzean zertan bereizten diren helduak eta haurrak. Horrez gain, elebidunek gauza bat izendatzeko zein hizkuntza hautatzen duten eta zergatik ikertu nahi du. Esperimentuak egingo ditu, más pronto que tarde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.